Kirmen Uribe, Bisita, Bitartean heldu eskutik / + / Keinuen Poesia, Estibalitz Ezkerra Vegas.

so 1467378181235 SO | 2020-09-07 16:36

BISITA, Kirmen Uribe, 2001 in Bitartean heldu eskutik, Susa. 

 

Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela

esaten zuen garai batean.

 

Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,

eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.

Hilabetea da berriro esnatu ez dela

azken ebakuntzaz geroztik.

 

Hala ere egunero egiten diogu bisita

Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.

Aurreko oheko gaixoa negar batean aurkitu dugu gaur,

inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.

 

Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.

Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,

esaten zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez.

 

Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.

Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,

orain ez da agertu ere egiten.

Aita atean geratzen da, isilik.

 

Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,

beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.

Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,

hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.

 

Gorputz ustel honi ihes egingo banio.

 

Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,

ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,

maitasun keinu bat besterik ez.

 

Keinuen Poesia, Estibalitz Ezkerra Vegas (University of California, Santa Barbara) in Kirmen Uribe Bizitza, Fikzioa, EHU, 2020. 

GORPUTZA

Gorputza izateak erabat baldintzatzen du giza existentzia; gorputza izateak zaurgarri egiten gaitu, ezbeharren aurrean hauskor. Goiz ala berandu hil eta desegiten den materia gara. Faktu bat da hori. Giza kondizioaren funtsezkop ezaugarri horri heltzen diote Bitartean heldu eskutik bidumako poemek eta bizitzarekin batera heriotza, irabazitakoarekin batera galera, azaltzen dizkigute, betiere gorputzaren materialtasunari erreparatuta. Bisita (2001, 21-22) poema aski ezagunean, esaterako, droga zaletasunak ospitaleko ohe batera kondenaturiko gaixoaren gaizkitze prozesua usteltzearekin parekatzen du gaixoak berak. Organikoa den oro usteldu egiten da, hondatu, desegin, deskonposatu. Poemaren kasuan, ez da kontu samurra : - orratzek min - egiten diote ahuldutako gorputzean eta - hotza zabaltzen (dio) sueroak zainetan zehar -. Materia ez da berehala usteltzen, ordea : aitzitik, pixkanaka-pixkanaka gertatzen den prozesua da. Zentzu honetan, usteldu aditzak, hil aditzak bezala, denboran enfasi berezia jartzen du. Alde batetik, heriotzaren atariko eta seinale da, eta bestetik, hiltze prozesua bera atzemangarri egiten du. Poemaren testuinguruan, gaixoaren presentzia eta gertu dagoen ausentzia markatzen ditu haren gorputzaren usteltzeak - oraindik bizirik dago, baina haren heriotza saihestezina da - eta horrek unearen garrantzia azpimarratu ez ezik - oraindik bizirik dago - saihestezina denaren lekuko egiten du irakurlea: gure begi aurrean ari da gaixoa desagertzen. (Vegas, 2020, 57. orr)

AFEKTUA

Bisita (2001, 21) berezitasunetako bat da gertaerak ez zaizkigula gaixoaren ikuspuntutik azaltzen, anaiarenetik baizik. Hark ekartzen ditu gogora azken ebakuntza esnatu ez den arrebak esandakoak, haren beldurrak, senitartekoei eskatutakoak bisita bakoitzean. (Vegas, 2020, 60. orr)