Ipar Euskal Herria eta ikus-entzunezkoak: Harreman emankor eta herren baten kartografia. Martínez Martínez, Josu.

so 1467378181235 SO | 2020-11-15 11:07

https://addi.ehu.es/handle/10810/41272

Artikulu honek, Ipar Euskal Herriak eta bertako euskaldunek ikus-entzunezkoekin (zinemarekin, telebistarekin eta bideogintzarekin) izandako harremana aztertzen du, ikuspegi historiko batetik. Ikus-entzunezkoen historian ekarpen nabarmenak egin, euskal ikus-entzunezkogintzan hainbat aldiz aitzindari jokatu duen lurraldea izanagatik, nekeza izan da orain arte bertoko filmagintza bat garatu ahal izatea. Ondoko lerroetan, zinemaren hasmentatik gaurdaino, ikus-entzunezkoetan nabarmendutako Iparraldeko euskaldunak izango ditugu lehenik aipagai; segidan, Ipar Euskal Herriaz egindako frantses eta atzerritar film ospetsuenak aztertu, eta bukatzeko, Iparraldeko euskaldunek sortutako ekoizpenen historia deskriptiboa egingo dugu. Hala, orain arte apenas tratatua izan den gai batenganako lehen hurbilketa burutuko dugu.

Leku guti dira munduan, hain txikiak izanik, hainbeste aldiz filmatuak izan, hainbeste egile ospetsu erakarri, eta hainbeste izar esportatu dutenak. Aldiz, guzti honek ez dio deus handirik ekarri euskaldungoaren komunitateari. Ez du zerbitu bertako filmagintza bat garatzeko, ez eta euskaldunentzako filmak ekoizteko baldintzak ezartzeko.

Artikulu honetan, Ipar Euskal Herria eta ikus-entzunezkoen arteko harremanaren erretrospektiba historikoa burutu dugu. Lehenik, zinemaren sorreratik gaurdaino, filmagintzan jardun duten Iparraldeko euskaldunen errepasoa egin dugu; ondotik, atzerritar filmegileek Ipar Euskal Herrian zuzendutako lanak eta haietan islatutako imaginarioa aztertu, eta finean, Iparraldeko euskaldunek eurek, sorlekuan ekoitzitako filmetaz okupatu gara.

Horri esker, orain arte ezezagunak zenbait filmen erreferentzia ekarri dugu, lehen aldiz, paperera (Blazy-ren lanak, “Maitagarria”, “Hega-luzia”...) eta aldi berean, jadanik aipatuak ziren zenbait filmeren inguruko datu berri ugari aurkitu ditugu. Konstatatu ahal izan dugun lehen gauza da, artista handi asko esportatzeaz gain, Ipar Euskal Herria, hainbat aldiz aitzindari izan dela ikus-entzunezkoen historian; hala nola, historiako lehen filmeen eszenatoki gisa (“Les Rochers de la Vierge”, 1896) edo aurrerapen teknikoen probaleku gisa (Lehen film soinuduna - “Au Pays des Basques”, 1930-, 3Dko lehen filmaketena, - “Euskadi, 1936”-, edo telebistako lehen erreportajeak, - “The Basque Countries”, 1955-). Eta aitzindaritza hori, euskal ikusentzunezko historian ere eraman izan duela; besteak beste, euskarazko lehen filma (“Gure Sor Lekua”) eta euskarazko lehen telebista-saioa (“Euskal Herria orai eta gero”) ekoitziz.

Horrekin batera ordea, argiki ikusi dugu, aroz aro, ezinezkoa izan dela Ipar Euskal Herrian bertoko filmagintza bat sortzea, eta horrek, talentuen erbesteratzeaz gain, amateur mailako zenbait saiotara mugatu duela orain arteko filmografia. Jorratu ditugun gaiak zehazkiago tratatuz, lehenik esan daiteke, historiako aro guztietan, ikus-entzunezkoen goi mailan lan egin duten andana bat Iparraldeko euskaldun agertu zaizkigula, eta tendentzia areagotuz, gaur egun, gero eta ugariagoak eta anitzagoak direla mundu horretan sartzen direnak. Profil eta bide arras ezberdinak dituzte denek, baina, ezaugarri amankomun bat ere badute: deserrotzea. Lerrootan aipatu ditugun pertsonalitate guztiek sorlekutik joan behar izan dute beren profesioa gauzatzeko.

Bigarrenik, esan daiteke, oso ugariak direla, hala dokumentalean nola fikzioan, Ipar Euskal Herriko gaiak hartu dituzten atzerriko ekoizpenak. Haietako gehienetan, egilearen jatorria eta garaiko testuingurua edozein izanik ere, euskaldunen irudi her-tsi, partzial, estereotipatu eta folkloriko bat eman da, aurrejuzkuetan oinarritua, eta tokiko errealitatearekin zerikusi gutxi duena.

Bukatzeko, lekuan bertan ekoitzitako filmeei dagokienez, baldintza kaxkarretan mustutako lan amateur, idealista eta isolatuak baino ez ditugu aurkitzen, zinemaren hasmentatik gaurdaino. 70eko hamarkadatik aurrera, telebistaren eta bideogintzaren sorrerak, euskaldunek ikus-entzunezkoak ekoitzi eta kontsumitu ahal izatea erraztu zuten, Maite Barnetcheren telebistarako dokumentalen eta Aldudarrak Bideo-ren esperientzia interesgarriek erakusten duten bezala, baina halere, ez da aski izan anbizio artistikoko obrak garatu ahal izateko baldintzak sortu eta filmagintza jarraitu bati bide emateko. Hala, baitezpadakoa ageri da, horretarako, egituraketa juridiko eta administratibo azkar bat plantan ematea.

Esperantzarako tarterik bada, ordea. Gaur egun, inoiz baino hobea dirudi egoerak, Ipar Euskal Herrian ikus-entzunezko ekosistema bat egituratzeko. Euskaraz eta Euskal Herrian filmatu nahi duen egile belaunaldi berri baten iristeak, Kanaldude telebistaren zabaltze eta indartzeak, herrigintzatik sortutako Zinegin festibalaren sendotzeak, euskal filmen ekoizpen eta banaketaz okupatu nahi duten egitura ttipien jaiotzak, eta lurraldearen instituzionalizazioak ekarriko duen politika publikoen ber-diseinatzeak, norabide horretan garamatzate. Osagai guzti horiek kontuan izanda, balirudike, historian lehen aldiz baldintzak sortzen ari direla gaur egun, Iparraldean filmak egin ahal izateko. Hala izango den, denborak, eta bereziki, hemendik goiti agente ezberdinek emanen dituzten pausuek esango dute.