Goza daiteke gehiago. Euskaldun baten hizkuntza-bidaia. KARMELO AYESTA

so 1467378181235 SO | 2020-11-14 10:07

https://addi.ehu.es/handle/10810/28842

Sarrera

Behin batean, euskaldun izatea erabaki nuen. Urte asko joan dira harrezkero, eta bidean asko ikusi eta ikasi dut. Erabakiak gauzatzea ez da lan erraza; gehienetan, esatearen eta izatearen artean, erronka polita dago. Aditu batzuen laguntzari esker eta eskarmentuz ikasitakoari esker, hobeto ulertzen dut orain nola egin daitekeen bide hori, nola hurbil gaitezkeen izan nahi dugun horretara. Horixe da liburu honekin partekatu nahi dudana.

Ohitura-aldaketak eta hobekuntza pertsonal guztiak antzeko prozesuen bitartez buru daitezke; kirolari bihurtzeko bidea, erretzeari uztekoa, eta euskaldun bilakatzekoa ez dira hain ezberdinak. Aldaketa-prozesuak oso ikertuak izan dira; ezagunak dira bidean eman behar diren urratsak eta topatuko diren oztopo nagusiak. Hala eta guztiz ere, maiz, energia asko galtzen da alferrik, gurpila berrasmatu nahian. Batzuetan, gizartea aldatu nahi da, norbera aldatu aurretik; baina norberak egin ezean, zaila da besteei eragitea. Beste batzuetan, aldaketa-prozesuaren zailtasuna gutxietsi egiten da; euskalduntze-prozesu batzuetan, esaterako, ahaztu egin da aldaketa pertsonal sakona dela hizkuntza-ohitura berria barneratzea, eta pentsatu izan da gaitasuna lantzea nahikoa zela, hizkuntza-ohituraren aldaketa berez gertatuko balitz bezala.

Maizegi, aldaketa-prozesuak eten egiten dira, bukatu gabe geratzen dira. Estatistikek diote Urteberri-eguneko asmo berrien %80 burutu barik geratzen dela. Batzuetan, ez delako jakin nola egin, zelan aldatu jokabidea; beste batzuetan, energia bidean agortu delako. Arazo bi horien zantzuak sumatzen ditut, egun, euskalduntze-prozesuan. Azken hamar urteotan, euskararen erabilera ez da ez igo, ez jaitsi, eta noraezean gabiltza, erabilera indartzeko zer egin jakin gabe. Energia agortzen ari da eta iritzi negatiboak agertu dira: zabaltzen ari da, esaterako, duela hamar urteko erabilera-marka ezin dela hobetu, euskararen erabilerak goia jo duela egungo egoera soziolinguistikoarekin. Arrakastaren oinarria hutsegiteetatik ikastea da.

Euskalduntzea ezin da irakasleen, politikarien, edo egoera soziolinguistikoaren esku utzi. Euskararen erabilera zabaltzeko, askok aldatu beharko dugu hizkuntza-ohitura. Aldaketa pertsonal horretan, inguruak eragin handia du, baina ez da erabakigarria: gizaki libreak gara, geuk erabakitzen dugu hizkuntza-ohitura aldatuko dugun edo ez, erantzukizuna geurea da.

Uzta eguraldiak mugatzen duelakoan, aitzurrari eragiten ahantz daiteke. Egun, euskaldun askoren erantzukizunaren, arduraren eta ahalmenaren dimisioa gertatzen ari da, euskararen biziraupena instituzioen esku uzteko; euskaltasunaren garapena aginte-instituzioei (politikariei, alegia) eta aditu/aritu-taldeei (hau da, euskalgintzari eta hezkuntza-sistemari) azpikontratatu nahi zaie. Lan honekin, Egungo baldintza soziolinguistikoekin, euskararen erabilerak goia jo du dioen axioma zalantzan jarri nahi dut. Horretarako, neure buruarekin esperimentatu dut, barrutik kanporako bidaia eginda.

Ingurugiroko baldintzak erabakigarriak direlako ustea mespretxatu, eta NIaren muina astindu dut:

neure asmo transzendentala eta goresten ditudan balioak argitu,

energia endogenoa sortu,

eta eraginkorra izateko metodologia anglosaxoi modernistak eta postmodernoak erabilita, determinazioaren harresia zulatzeari ekingo diot.

Uste dut horretan asmatu egin dudala: liburu honetan ikusiko da, egungo egoera soziolinguistikoetan ere, euskal hiztunok euskararen erabilera-marka hobetu egin dezakegula, eta bidean oso gozatu.

Oharra

Artikulu-egitura eman diot liburuari, eta azalpenak narrazioekin eta egungo adibideekin osatu ditut, irakurketa errazagoa eta ulergarriagoa egiteko. Noizbehinka, pertsona edo erakunde ezagunen jokabidea aipatu eta kritikatu dut, zuzenean edo zeharka, adierazi nahi dudana hobeto azaltzeko. Nire asmoa ez da izan pertsona eta erakunde horiek gaitzestea, baizik eta haien jokabide jakin batzuk erabiltzea, adibide gisa.

Karmelo Ayesta

2013ko abuztuan

Printzipioak

“Those are my principles, and if you don’t like them... well I have others.” Groucho Marx

Motibazioa

Mario Alonso Puig adituaren ustez, aldaketa-prozesuetan, arrakasta arrazoi edo zergati ona edukitzean datza. Beraz, bidea hasteko oinarrizko galdera honi erantzun behar diogu: zergatik aldatu hizkuntza-jokabidea eta euskaraz bizitzen saiatu? Hainbat arrazoi on egon daitezke, pertsona bakoitzak berea du. Batzuen motibazioa pragmatikoa izan daiteke, euskara beharrezkoa edo praktikoa zaie, bizitzaren eremu batzuetan; beharbada, lanerako behar dute, edo lagun-taldearen hizkuntza da, edo, agian, harreman-mundu berri bat zabaltzeko erabiltzen dute. Beste pertsona batzuek arrazoi etikoak, politikoak edo ekologikoak izan ditzakete: herri-eskubideen eta munduko hizkuntza-aniztasunaren alde egon, eta enpatiagatik erabaki daiteke euskaraz aritzea. Esentzialismoa edota transmisioa ere izan daitezke euskaraz bizitzeko arrazoiak, eta pentsa daiteke, euskalduna izanik, euskara dela berezko hizkuntza; edo, Laboak abesten zuen moduan, gu sortu ginen enbor beretik, sortuko direla besteak. 

Adituek diote aldaketarako motibazioa indartsua izan dadin, bat etorri behar dela norberaren balio eta printzipioekin. Horrez gain, azpimarratzen dute balio pertsonal batzuk lagungarriak direla aldaketa eta hobekuntzarako; beste batzuek, ordea, aldaketa oztopatu egiten dutela. Aditu gehienak ados daude eragin positiboa duten balioak aukeratzeko orduan: integritatea, erantzukizuna, eta asertibitatea bezalakoak hautatzen dituzte. Nire kasuan, hiru printzipio edo balio horiek izan dira motibazio-iturri, eta, aldi berean, bidea argitzeko, oso lagungarri.