Gartzelako poemak / Joseba Sarrionandia / SUSA

so 1467378181235 SO | 2020-11-07 09:54

http://www.susa-literatura.eus/liburuak/poes14

Testua inguratuz Izenburua gordina da: Gartzelako poemak. Ez dago metaforarik, ez sinbolorik, ez mezu zifraturik, kartzelari buruzkoak edota kartzelan idatzitakoak diren poesia eran taxututako testuak iragartzen zaizkigu, huts-hutsean. Gure hodeiertz bitalean txertatuta dagoen egilearen bio gra fiak beraz, autobiografian pentsatzera garamatza, hots, espetxetik ihes egin ostean argitaratutako liburu honetan bere biografia zati horren gaineko gogoetak eta sentimenduak irudikatzera.

Liburuaren azalean giza irudi bat, kizkurturik, eskuak aurpegiaren alde banatan, garrasika. Giza irudi horrek antz handiagoa dauka giza hezurdura batekin gorputz batekin baino, batez ere buru aldeak, zeinak ez baituen kasik haragirik aurpegian, garrasika ari denaren ahoa kaskezur batena dela aditzera emanez. Ezbairik gabe Munch norvegiarraren XIX. mende bukaerako “Garrasia” dakarkigu gogora, zeinak korronte expresionistaren ikono bilakatuta gizakiaren angustia eta etsipen gorena irudikatzen duen. Biek ala biek kolore gozoa duten hondoaren gainean kolore hotzez pintaturiko gizakia dute agertzen. GPeko azalekoa, gainera, irudi geometriko kubiko batek zedarrituta dago, gartzelaren sinplifikazioa iradokiz. Kreditu orriak begiratuta azaleko irudia eta barneko ilustrazioak Josu Monterok eginak direla ikusiko dugu: azaleko irudia “Momias culturales” sortari eta barneko irudiak “Cabezas cortadas” sortari dagozkio. Ilustrazioetan, zuri-beltzean, erretratuak, erretratistari (edota argazkilariari) sorgor begiratzen dioten gizonezko itxurakoak burua mozturik (enkoadrea dela eta), ikatzez eginak diruditenak. Lehenengo irudiak, gainera, ikatzaren lerroak difuminatuen dituena da, gizonezko hori ezabatuz edota aienatuz joango balitz bezala. Lehenengo irudi honek, besteengandik bereizten dituen zerbait ere badauka: erretratatuaren ahoa alderik alde zeharkatzen duen trazu potolo bat, ikatza ez den margoz egina, hizketaren eta areago hizkuntzaren zikiratzea gogora ekarriz. Zertarako balio ote literaturak ziegetan? edo “Zelan adieraziko du gero mutil torturatuak/ epailearen aurrera suntsiturik iristean/ objective correlative kontzeptuaren esanahi/ zehatza?.

Barneko ilustrazio guztietan, eskubiko beheko kantoian, egilearen sinadura agertzen zaigu, izena eta abizenaren lehen letraz, Josu M., eta esanguratsuki, izenaren hierarkia berean ematen zaizkigu koadroa egin zeneko garaia (1989ko urtarrila) eta lekua (Herrera), margolariaren zirkunstantziak (espetxealdia) margolaria bera baina garrantzizkoak direla ulertaraziz. Irakurlearen begietara beraz Herrera hitza irakurtze hutsarekin batera egiten dute eztanda datu guzti hauek eta testuaren interpretazioan paper garrantzitsua jokatuko dute.

Liburuaren barne hegalean egilearen argazkia ikusten dugu, zuri-beltzean, ilunez jantzita eta irribarre labur batekin ezpainetan, eta behean, bere biografia. Biografia den bizitza zati hautatutik honako datu hauek nabarmentzen dizkigu Susa argitaletxeko editoreak: Pott Bandako sortzaileetako bat dela eta genero guztiak landu dituela. Horrekin batera, GP-en aurkituko dugunaren berri ematen zaigu: 1980 eta 1985 artean gartzelan iragandako garaian idatzi poemak (...)” direla eta bildumari post-scriptum bat gehitu diola, “Martutenetik ihes egitea lortu zuenetik gaur egunera arte”ko esperientziaren gaineko begirada jasotzen duten poemak izanik.

Liburua 1992. urtean eman zen argitara lehen aldiz Susa argitaletxean eta ordutik bost bider berragitaratu da, azkena, 2011. urtean, egungo grafia eta bestelako arauetara moldatuta (besteak beste, “Gartzelako poemak” zena “Kartzelako poemak” bilakatuko da), azal berriturik (expresionismoaren ordez Lander Garroren egiletza duen arkatz bilakatutako giltza bat ageri zaigu ziega batekoa dirudien horma hondoan duela), bi poema zahar kenduta (“Ipuina” eta “El palomar”), lau berri erantsita (“XI. Gal-dera”, “Alturaren neurria”, “Inozenteen eguna” eta “Vis a vis”), eta hitzaurre berriarekin (Jose Luis Otamendiren aitzin-solasak hartu du Ruper Ordorikarenaren lekua, zeina amaieran eskaintzen den, jatorrian epilogoa ere bazen Joxemari Iturralderenaren ondoan). Ordorika eta Iturralde, liburuaren barne hegalean gogorarazten zaigun moduan, Pott Bandako kide ziren, eta aspaldi desagertu zen taldea izanagatik haien arteko adiskidantzak eta konplizitate artistikoak indarrean dirauela adierazten digute liburuaren aurre eta atze-hitzek (bertatik eratorriak dira kontrazaleko testuak). Orain arteko datuak liburuaren edukiaren nondik norakoak iragartzeko nahikoak ez balira, Ordorikaren azpimarra: “‘Mezua deitzen den horren aurrean zalantza handiak ditut jeneralean’ esan du Joseba Sarrionandiak eta liburu honetan inplikatu egin da halako osotasun tematiko bat hautatuz, akaso beste edozein baino gaitzago zaion gartzelako honen inguruan”. Otamendirenean bezala, Ordorika itsas irudiez baliatzen da edukiaz hitz egiteko, eta honek Ordorikaren eta irakurlego zabalaren horizonte literarioaren baitan itsasoaren sinboloak duen garrantziaren neurria ematen digu: “Josebaren testuak, hain gustoko dituen baforeen antzera, euren kasa nabigatzen dira beti, galarrenaren ikara barik, irakurleari desio duen ur ildoa utziz”. Bide honetan, aipagarria iruditzen zaigu azken ediziorako Jose Luis Otamendik (2011) atonduriko hitzaurrea, zeinak konplizitate handia erakusten baituen Sarrionandiaren obrarekiko. Hitzaurrearen izenburutik (“Ezikusia egin ote dakioke itsasoari?”) bertatik eta azken lerroraino etengabea da Otamendik Sarrionandiaren obra interpretatzeko egiten duen deia, eta berak ere interpretazio sorta bat proposatzen du: Berriaren eta iraunkortasunaren eredu izaki, bidaiaren, borrokaren eta askatasunaren plaza da. Baina sinbolo eta parabola gisa ulertuta, ezin konta ahala ideia iradoki diezazkiguke: nostalgia, memoria, bizitza, kartzela... Hainbeste gauza da itsasoa, hain da zabala, hainbeste dira bere doinuak eta kantuak, hain dator aspalditik eta hain urrunera joateko luzatzen digu esekua... Libertatea eta ekaitza da, itxaropena eta beldurra. Otamendik klasiko batean aurrean gaudela gaztigatzen gaitu, duela 20 urte idatzia egon arren garaiari hertsiki loturik baitago. Bere iritziz, denborak ondu egin du, indartu, gaurkotasun eta “biharkotasun” handikoa bilakatuz testua.

Testuan barrena

Poemarioak bi zati ditu :

1. Gartzelako poemak. 1980-1985: 73 poema aurki daitezke bertan. MZ-en egin moduan (IGB-tik erreskatatutako poemak daude izen bereko atalean, izan ere), GP-en ere bilana egingo du, kasu honetan kartzela garaian idatzitako poemekin, eta horiek lehenengo atalean sartuta daude. Halaber 40 poema berri gehitu dizkio MZ-eko sortari. MZ-etik GP-era bidean, zenbait poemari izenburua aldatu die (“Urte giroak ene begietan” zena “Urtaroen aldaketa” bilakatuz, esaterako, edota “O sentimento do mundo” “Nâo es tu faculdade de sentir” kasurako), beste zenbait kasutan izenburuan aldaketak jasan dituzte (“Ene begiek ez dute malko isuritze-ko gogorik” “Gure begiek ez dute isuritzeko gogo-rik” bilakatzen da GP-en, esanguratsua begitantzen zaigun aldaketa, bestalde), beste anitzetan izenbu-rua aldatzeaz gain olerkiaren zuztarra ukituko du (hori litzateke “Hierofania I” poemaren kasuan, zeina “Hau da udagoiena” bilakaturik iritsi baita GP-era edota “Presoen amak” poemarena), zenbaitetan izenburuak ez du aldaketarik jasango bai ordea poemak (“Krabelin gorriak harma kainoietan” olerkiaren kasua da, adibiderako), beste zenbait kasutan aldaketek ez diote edukiari apenas eragiten (“Gartzelako goiza”ren kasua litzateke, adibidez) edota garai berrietara59 moldatu dituen seinale dira (“Bakardade gogoeta” poemaz ari naiz; MZ-eko bertsioan “gizon” dena GP-en “gizaki” bilakatzen da). 2. Post-scriptum: zortzi poema aurki daitezke bertan eta barne hegalean esaten zaigunez “Martutenetik ihes egitea lortu zuenetik gaur egunera arte datozen poemak, oraindik bizirik duen esperientziari begirada” dira.

Izenburuko gordintasuna aurki daiteke poemetako tonuan, eta hala, GPen inguruko iruzkin guztiak bat datoz horretan: Markuletak (1992) “baltza, latza eta garratza” dela aipatuko du eta poemarioaren gaia Arrazoia, Ideologia, Borroka [eta] Taldea” direla. Edorta Jimenezen (1992) aburuz “egia garratzak eta egoera latzak dagoz liburu honetan”, Felipe Juaristiren (1992) iritzira, liburu hau “espetxeetako egonaldian idatzitakoa [da], hango gordintasunean, hango krudelkerian, hango hotzean”, Joxemari Iturraldek “poema hunkigarriak, latzak, zailak irensten, grabeak, garratzak, gordinak...” aipatzen ditu. Izan ere, egileak, atxiloketa eguna, eta ondorengo tortura saioak biziberritzen ditu GP-en. Kartzela izan zen esperientzia hits eta hutsaz zaigu mintzatzen, non itxaropen bakarra itxarotea den. Kartzelatik mundua (urtaroak, adibidez) eta aberria (“hain hurrin/ eta hain ezdeusa”) antzematen ahalegintzen da presoa, eta ziegako etsipena, hustasuna, bakardadea digu transmititzen.

Kartzela-bizitzari hertsiki lotutako gaiak aurkituko ditugu: epaiketak, gutunak, kartzela batetik besterako bidaiak, gose greba, presoen borrokak, eta post scriptum-ean, baita kartzelan hildako kide biri eskainitako olerki bana eta ihesari buruzko gogoeta lazgarria ere:

“jakin nahi nuke ihes egin genuenok/ benetan ihes egin genuen”,

zeina MZ-eko preso ohiaren gogoaren osagarri ere baden:

“preso egon denaren gogoa/ gartzelara itzultzen da beti”.

Jon Kortazarren iritziz (1997: 97) horma da GP-ko metafora nagusia, hizkeraren bitartez ispilu bilakatu daitekeen horma, zeinari esker bestaldera igarotzea posible den, batzuetan, libre gelditzen zaion territorio bakarrenetakoari (Otamendi, 2011) esker.

Ohitura duen legez, iurretarrak bere lana berrikusten eta osatzen jarraituko du, eta dagoeneko bere poema liburuek poema liburu bakar baina zatika argitaratuaren traza hartu dutela esan daiteke eta beraz ezin esan errebisio tekniko hutsak direnik. Horregatik, bereziki esanguratsua iruditzen zaigu aurreko atalean aztertu dugun “Itsaso debekatuak” poemaren berrargitaratzea, azken finean, berrikuspena, dialogo etengabea bilakatzen baita, idazlea eta irakurlegoaren artekoa eta baita marinelaren eta kaian gelditutako gizon-emakumeen artekoa ere. Berrikuspena ez datxekio Sarrionandiaren obrari soilik, baizik eta baita ere obra horrek dialogoan jarritako aferei ere, eta zentzu honetan poemok berorien edukia indarrean dirauen ala ez erabakitzeko froga bilakatzen dira.Honekin lotu nahi dugu Sarrionandiaren obran metaforek eta sinboloek bultzatzen duten komunikazioa. Izan ere, metaforek eta sinboloek testua determinatu gabeko guneez hornitzen dute, irakurlea determinatu gabeko gune horiek betetzera behartuz. Aitzpea Azkorbebeitiak (1996: 120) dioen moduan

Lengoaia dogmatikoaren adierazpide den komunikazio literalak errealitate bat eta bakarraren –Errealitate “ofiziala”ren– islada eta, hortaz, baiezpena dakar (adib. “hiria jende anitz bizi deneko etxe multzo egituratua da”). Aitzitik komunikazio metaforikoak –eta soilik honek– delako errealitate hori beste modu batean isladatzeko parada eskaintzen die idazleei (...). Horregatik, metafora bestelako errealitateak isladatzeko libreago denez (libreago “errealitatearen zirrikituetan sartzeko” NENH: 200), beraren erabilpenak Errealitate eta Egia bakarra-ri bizkarra emateko eta erlatibismoari ateak zabaltzeko idazle hauen nahiari erantzun liezaioke. (...) Komunikazio metaforikoaz baliatze honek bat egingo luke poetaren errealitatearen bestaldeak agerian uzteko” betebeharrarekin (NENH: 189), bai eta poesia errealitatearen imitazio (“mimesia”) baino gehiago errealitatearen sorkuntza (“poiesia”) delako ideiarekin ere (NENH: 190).

Edo Jose Luis Otamendiren (2011) hitzetan:

Zehar haizeak bezala borrokaren inguruko kezka etikoak behin eta berriz urratzen du segurantzia erosoen azalean laketzeko arriskua. Inon egiarik bada, egia hori erlatiboa izango da; printzipio sendorik badago, printzipio horiek antidogmatikoak behar dute, jendetasun humano eta zabalean.

Itsaso debekatuak” poemaren adibidearekin jarraituaz, MZ-en ikusi zuen argia lehendabiziko aldiz. Gogora dezagun, 1987. urtean argitaratu zen liburu honek 1978-1986 urtera bitarteko poemak biltzen dituela. Hurrengo hamarkadan gaude, egoera dezente aldatu da: tartean, besteak beste, Hipercorreko atentatua, Ezker Abertzalea bere baitan hartu ez zuen Ajuria Eneako Ituna eta Aljeriako negoziazioak gertatu dira. Borgesen “Pierre Menard” narrazioaren izpirituari jarraituz, Kixotea XVII. irakurtzea eta hitzez hitz berridatziriko Kixote hori bera XX. mendean irakurtzeak oso bestelako irakurketak eragiten ditu. Eta gauza bera gertatzen da “Itsaso debekatuak” poemarekin ere: irakurleak determinatu beharreko metaforak oso modu diferentean bete baitaitezke 1987an edota 1992. urtean, ontzia aldatu egin baita, baita marinelen jatorri historiko-politikoa ere, hala nola, ontziratzearen zergatiak eta norabidea. Agian “Hilarri izkribua V” poemak itsas irudien galbahea pasa gabe erantzuten die galdera horiei, eta bertan marinelak harmakin burrukatu diren gazte ohiak dira, okerrak eta onak egin dituztenak, hildakoak eta bizirik jarraitu dutenak. Hildakoek ordea ez zuten hil nahi, ez dago martirien arrastorik, ezinbestekotasuna baizik, eta amaieran, ezereza: “ametsak erein ditugu/ ametsak biltzeko” eta orain “ez dugu deusere”. Hori da abiapuntu berria, GP-ek ezarritako mugarri berria:

“Hilarri izkribua V

Harmakin burrukatu gara

Gaztetasunak ematen duen Ausardiarekin.

Onak eta Okerrak naharo egin ditugu Gutariko asko geratu da Bazterretan,

hiltzeko gogorik Gabe,

lore lehertuen gisan.

Bizi eta galdu dugu,

Ametsak erein ditugu

Ametsak biltzeko.

Bizitza

Zikoitza da gurekin.

Aldean geneukan guzia

Eman dugu, eta dena eman dugunez

Gero ez dugu deusere.

Errebisio jarraiak, poemei darien eszeptizismoak eta galderek (ez bakarrik dialogoa bilatzen dutenek, baizik eta baita izenburu horren pean bai MZ-n eta bai GP-n ematen zaizkigun poema sortek) Sarrionandiaren obra antidogmatiko bilakatzen dute. Galdera “aidean utzitako gogoeta” baita, solaskidearengandik “jarraipena eskatzen duen egitura gramatikal osatu bakarra”. Halaber, kontuan hartzeko modukoa irizten diogu “Besamotzaren besoa” olerkian Sarrionandiak egiten duen aitortzari: “ez ditugun zihurtasunak gure zihurtasun/ bizi bakarra”. Bereziki esanguratsua antzematen dugu poemarioaren bukaera aldera kokatutako “Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin” poema. Ikus dezagun nola hasten den:

Igual hasieran bertan ekibokatu ginen, mundura euskaldun sortzean.

Gero ez genuen independentzia eta iraultzaren borrokatik apartatzen jakin.

Eman dezagun: esna kantu bat abestu genion gure aberriaren seaska hutsari.

Eta goiz batez El Puerto de Santa Maríako kartzelan esnatu ginen.

Hiru urte geroago, 1995ean, HINMY-n, “Poesiaren gauza galdua” izenburu pean Sarrionandiaren hitz hauek aurki daitezke:

Ene aberri eta sasoiko poetok, mundua ahozkatzeko maneran partaide garelarik, zuekin batera aurkitu nahi nuke gure hitzen zentzu eder galdua.

Nork daki okerreko eskaileratik igon ez garen honaino.

Gure lur okupatuari, gure arbaso zakarrei, gure hizkuntza baztertuari erreparatzen badiogu badirudi ez dugula aberri, ez sasoi, ez mintzaira, ez kantarik, geuk asmatuko duguna baizik.

Auskalo norena den errua, Agian geurea da, eta hurrutirago joan gabe geure buruaren aurka ekin beharko dugu.

Gure bakardadea baino zabalagoak gara eta leiho tipirik ez, zabal dezagun leihoa horma baino zabalago:

Kanta dezagun sehaska kanta bat!

Ganbarako botila hutsak zaborretara. Eta lore eta hilargi, eta ispilu, eta begi, eta amets, eta izar, eta bihotz dekoratiboak eta amour eta toujours lako errimak zaborretara. Astin dezagun hautsa domistikunera arte.

Altza dezagun maldarik malda gure gogoaren bandera baldartua.

Kanta diezaiogun sehaska kanta bat Gure aberriari.

Poesiak ez du deus aldatzen, ez inor fanatiko bihurtzen.

++++++++++++

Baina ekin dezagun harik eta gure aberri eta sasoiaren tankerako hitzak aurkitu arte, munduarekin, mendearekin, jendearekin nahasteko modukoak.

Poesia egitea ez da gauza itzela, lengoaia ber egitearen joko hutsala,

gogoeta harilkatzeko manera emendatzea,

obra inperfektoa gehienik,

eman dezagun limonada prestatzea bezain ekintza humano eta duina dela.

Kanta diezaiogun sehaska kanta bat gure aberriaren sehaska hutsari. 

Bertan, betiko kezkak aurki daitezke, hitzen zentzua aurkitzeko deialdia kasu, (zeina GP-n “Mikel Lopategi” poeman ere formulaturik aurki daiteke: “Finean, hitza/ hutsik geratzen den zelda/ besterik ez da” eta “XI. Gutuna”n: “hitzek esan nahi dutena geroago/ eta gutiagoa diotenean”), baina gainera kantuaren aldeko aldarri garbia egiten da, mendera, mundura eta jendera doitutako doinu berri baten aldeko aldarria.

Izan ere, “Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin”en aldaera berria dirudi “Poesiaren gauza galdua” poemak: poetak bere kezkak plazaratzeko erabiltzen ditu plataforma biak, eta bietan azaleratzen du bere zalantza handia: “igual hasieran bertan ekibokatu ginen” edota “nork daki okerreko eskaileratik igon ez garen honaino”. 1992koan egindakoaren bilana egiten du: “esna kantu bat abestu genion/ gure aberriaren seaska hutsari”; 2003. urtekoan, sehaskak hutsik dirau baina abestu beharreko esna kanta sehaska kanta bilakatu da. Bestetik, ez da limonada prestatzearen irudia erabiltzen duen lehenengo aldia: gogoan izan, MZ-n egiten duen Vladimir Maiakovskiren “Zuei” poemaren bariazioan (“Zuek lore paper ederreko logelan”) lehorreko poeta sasi iraultzaileei mintzo zaiela mespretxuz, eta haiek bezalako jendearen alde bizitza eman baino nahiago lukeela putetxeetan limonada zerbitzatu. Oraingo honetan, limonada prestatzea ekintza humano eta duina bilakatzen zaigu, musika egitea bezain. Kezkek, zalantzek, erantzun finkorik gabeko galderek eta ziurtasun gabeziak ordea ez dute Jon Kortazarrek (1997: 97) aipatutako “derrotaren mistika” harilkatzen Kortazarren aburuz Sarrionandiak lehen-lehen liburutik sortu du “derrotaren mistika” bat, zeinaren baitan “heroiek ez dakite zergatik borrokatzen diren”.

Ezin dugu bat etorri irakurketa honekin: ez bakarrik Sarrionandiak izendapen horri muzin egiten diolako (“polizia, bankero, ugazaba eta apezak/ “terrorista” esaten dizuete/ eta are barregarriagoa bestaldeko jendea/ “heroe” deitzen”), baizik eta Sarrionandiak lehen liburutik egin duelako bidaiaren aldarria, bidaia den bilaketaren aldarria alegia, zeina bizitzeko modu bakarra den: bidaiariak itsasoan aurkitzen dituenak ez dira atseginak, eta izua sentituko du, nonbait gordetzeko beharra (IGB), noraezaren bitakora kaiera idazteko beharra, bizi den lurralde txiki, ahitu eta itogarritik (zentzu geografikoan baina baita metafisikoan ere) irteteko beharra, nahiz eta naufragioak, nahiz eta norabide jakinik ez.

Gure ustez oso bestelakoa da Sarrionandiaren GP-eko proposamena: izan ere, egia absoluturik ez edukitzeak ez du poeta kikilduko, ezta paralizatuko ere. Aitzitik, goizalbarekin batera jaiki eta ekin egingo zaio egun berriari, “Hemen gaude eta jarraitzeko asmoarekin” poemaren amaiera zirraragarriak dioen moduan: “Baina ekibokatuaren ohitura eta/ ausardiarekin/ zin egin dezakegu: maite genituen gauzengatik/ erori ginen preso/ baina gure maitasuna oraindik/ ez dago preso”. Kartzela barruan ere aske sentitzeko gai baita Sarrionandia. Ekibokatu dela sentitu arren ekibokazio hura zela bide bakarra onartzeko gauza da. Honela azaltzen du Aitzpea Azkorbebeitiak (2006: 156) derrotazalea ez den jarrera hau:

Ezbairik gabe, ekitearen aldeko jarrera Sarrionandiaren pentsaeraren muinean dago. (...) Eta idazleen eginbideari dagokionez ere, jarrera berbera agertzen du, zergatik eta zertarako idatzi galderei erantzunak bilatzen etsi baino idazteari ekitea eta kantatzea hobetsiz (ikus, besteak beste, “Poesiaren gauza galdua, HINMYn). Ene ustez planteamendu hau guztia Sarrionandiaren pentsaeraren muinean dagoke, baina zoritxarrez planteamendu hori gaizki ulertu izan da sarritan, eta ondorioz, Sarrionandiaren irudi militantea gailendu da gure artean.

Azken honekin loturik, hainbat kritikarik Joseba Sarrionandiaren lana “militante” etiketapean sartu izanaren ezegokitasuna aipatu nahi genuke, etiketa honek bere lana kamusteaz gain bere lanaren inguruko irudi eta uste nahasgarriak sor baititzake. Itsas irudiei helduta, espetxea izanagatik liburu honetako paisajerik nabarmenena itsasoari egindako aipamenak ugariak dira. Horietariko batzuk, ikusi dugun bezala, aurreko lanetatik kasik ukigabe heldu dira, hala nola, “Itsaso debekatuak”, “Itsaso barea”, “Itzulera” (MZ-n “Hierofania” izenburupean) eta “Gerla hondartzan”. Beste batzuk ordea liburu honetarako propio idatzitakoak dira, hala nola, “VII. Galdera”, “Itsasoaz gogoeta”, “Oroimeneko portua”, “Jolasa” eta “Erdi mina”. Guztiek batera espetxe barruko itsas irudien sarea osatzen dute. 2011ko berredizioan bada “Misterio fiskala” izenekoa poema berri bat. Bertan, poetaren alter ego-ari keinu egiten zaio, ohikoa duen marinel zaharraren irudiaren bitartez: presoari hurrengo epaiketarako 99 urteko kondena eskaera iritsi zaio eta egoera horri “kantatzen” dio: “Zer egin, goizero –marinel zaharra bezala–/ jakintsuago eta tristeago jeikitzean?”. Lehenengo aldiz sentituko dugu marinela den poeta eta borrokalaria ez dela metaforikoki soilik zahartuko (jakinduriaz eta tristeziaz) baizik eta baita biologikoki ere (hil artean kartzelan egon beharko baitu). “VII. Gutu-na” poeman, marinel zahar eta jakintsuari itxurazko kuraia emango dio, ezinbestekotasunaren karta eskuan helduta:

Jeiki beharko dugu

Goizalba delako.

Jakintsuago eta

Hagitz tristeago.

Bereziki lazgarria begitantzen zaigu poemaren bigarren partea, zeina kantu herrikoi ezagunaren zati batekin osatzen baitu:

Zergatik, zergatik, zergatik,

Zergatik negar egin

Zeruan izarra bada

Itsaso aldetik?

Itzulpenek eta poema berrikuspenek sorrarazitako efektu bera sorrarazten du kantu herrikoi hau Sarrionandiaren poemarioan txertatua ikusteak: beste inoren ahotan kantu malenkoniatsu huts bat litzatekeena, irakurlearen hodeiertz literarioaren eta bitalaren baitan konnotazio berriz janzten da: batetik, jatorrian itsaso literala dena itsaso metaforiko bilakatzen da eta izarra iraultzaren ikur. Beste-tik, egilea autoironiara lerratzen dela iruditzen zaigu, izan ere, izarrak eta itsasoak ordezkatzen duten borroka moldeak ez baitute etsipenetik salbatuko, izan ere, etsitzeaz eta negar egiteaz gain zer egin daiteke 99 urteko zigor eskaera baten aurrean? Ez itsasoak ez izarrek ez diote egoera arinduko, eta hortik autoironia. GP-ko marinela ez da IGB-ko edo MZ-eko berbera, zaharragoa eta tristeago baizik, jakintsuagoa, alegia. Hamabi urte joan dira lehenengo liburua idatzi zuenetik, eta orduko bidaia “oinaze bidaia” bilakatu da orain, “Erdi mina” poeman beste ezeinetan baino argien:

Iadanik harrapatua, polizien bultzakadaeta kolpeen artean,amari emaniko azken adioa gogoan,odolaren zaborea ezpainetan,sinetsi egin nahi huke.Biluzik, estekaturik, paparra dena erreta, ia deseginik, naufragiorik gupida gabeenean ere azken eustarria atxekitzeko, sinetsi egin nahi hukehik oinaze bidaia horretan heriotzerantza emaniko pausu bakoitza hire herriak bizitzara ematen duen urratsa dela.

IGB-n marinelak nora ez zekiela partitzen dira, naufragatuko zutela susmatu arren partitzeko beharrez. Orain ordea, marinel honek badaki nolakoa den bidaia, badaki naufragioa aukera bat baino errealitatea dela. Poema honetan, atxiloketarekin lotzen du zuzenean naufragioa. Partitu zenean, sinetsi egiten zuen, naufragatuagatik ere herria askatzeko abiatua zela bidaia. Orain, ordea, sinetsi nahi eta ezin. Naufragioaren ondorioak bi eratakoak dira. Batetik, ondorio zuzenak edo praktikoak: kartzelaldia eta osteko erbestealdia. Bestetik, albo ondorioak edo ondorio intimoak: izan ere, esan dugu, marinela jakintsuagoa eta zaharragoa dela orain, zazpi itsasoak nabigatu dituena bezain. Oroitzapenak eta iragana edukitzea dira kondizio berriaren ondorioetako bat. Izan ere, IGB-ko poetak ba ote zuen iraganik? Oraingoa ordea, oraingoan bai, itsas gizon zaildua dugu

Halako batean, itsasoak berriz ere abiatu ginen puntura ekarriko gaitu, baina, noski, inor ez gara izango hasi gineneko hartan ginenak. Denok ordainduko dugu egin dugun osteragatik geure bahia: onurak, galerak eta, oroz gainetik, eskarmentua esaten zaion hori. (...) hutsetik hasi beharra dago berriz, baina hasiera bakoitza ez da behin baino hasten. Errepika ezintasunak gauzekiko distantzia dakar nahitaez, galera sentimendua, eta horiei estu-estu itsatsita zirrikitua ireki nahiko dute nostalgiak eta malenkoniak (Otamendi, 2011).

Bera naufragatzearekin batera naufragatu dute bere oroitzapenek zeinak “ur gainean linburtuz doaz, / jitoan, uhainek eraginak/ desegin ezin eta/ xederik gabe”. IGB-n marinela zen norakorik ez zuena, “inongo porturik helburu” ez zuena, orain ordea oroitzapenak dira ataka horretan aurkitzen direnak. Itsasoa ez baita jolasa, nahiz eta gaztetxoak, agian, hori zuen uste. Honela dio “Jolasa” poemak:

Branka berunezko itsasoan aurrera-dena, marinelak karelean. Bapatean masta gainetik begiralearen oihu auhain handiak datozela. Pilotoak nabegazio liburua izkiriatzea utzi eta lema eutsi du, uhain izugarria iadanik gainean dela, alferrik, kroskoa ikaratzen, gila zartatzen eta untzia olarruaren azpian alderatu eta iraultzen denean. Orduan, esku erraldoi batek bafora hartu, aidera altzatu eta ura dariola...«Galerrenak eskifaia guzia galdu du» dio haurrak paperezko untzi hondatua begietara jasoaz «ea nabegazio liburua aurkitzen dudan» dio haur harek, neuk, aintzina, hondartzan hareazko gaztelu eta paperezko untzitara jolasten. Eta nabegazio liburuaren, eta hurrengo untzia egiteko paperaren, bila itsasertzean...Marinelak, untzia, uhaina, haurra, jolasa? Oraina paper zuria tolesdurarik gabe, boligrafo urdina, ene eskua, tinta zirriborroak itsasorik gabe, haurtzarorik gabe...

Berunezkoa den itsaso horretan (ala berunezko urteak ditu gogoan poetak?) abiatu zen ontzia. Egoera ez zen xamurra eta oztopo erraldoiei egin behar zitzaien aurre. Horrelakoetan, poetaren dualitatea hain ongi laburbiltzen duen pilotoak, idazteari utzi behar dio eta biziraute sen hutsagatik, ontziaren hobe beharragatik jardun. Dualitate horren erdian itsasoak agintzen baitu, bera da marinelen bizitzen jaun eta jabea, zeinak handitasun horren mendean txikiak eta ezdeusak diren. Halako batean, esku batek hartuko du ontzia. Mutiko bat da, hondartzan, naufragioari begira, itsasontzietara jolasten. Benetan ontziratu zenaren haurtzaroa, hain zuzen ere. Hondartzak, orain arte bezala, jolasaren eta plazeraren lekua betetzen du, leku helezin bat da, nolanahi ere, “lar hurrin” baitaude “kalatxori hezurrez/ osaturiko hondartzak”. Mutikotan egiazkoak ziren, orain, hondartzak eta hondartzek ordezkatzen dutena (jolasa, plazera) oroitzapen bilakatu da, edo “Itzulera” poeman iradoki legez, “ohol zatiak, balisa irekiak” iristen diren naufragio hondakinen zabortegi.

2011ko edizio berrituan, jolasaren ondorioen ideia birformulaturik agertuko da “Alturaren neurria” poema berrian: “Ez zara berriro izango joko ondorio gabeetara/ jolas daitekeen umea”. Funtzio bera betetzen du GP-en portuaren irudiak: dagoeneko, ez da aukera posible bat, iraganeko abiapuntua baizik. Dagoeneko ez dago itzulera posiblerik, edota “Oroimeneko portua” poeman jasotzen den gisara, “ez gara egundo, ai, itzuliko/ oroimeneko portura”.