Euskal gatazka Joseba Sarrionandiaren testuen argitan. Aitzpea Azkorbebeitia

so 1467378181235 SO | 2021-02-15 07:31

Euskal gatazka Joseba Sarrionandiaren testuen argitan

Aitzpea Azkorbebeitia

 

Zauriturik nagoenean izkiriatzen dut. Ia egunero izkiriatzen dut.

Literatura irekia, zauri irekia bezala.

(“Zauria”, Hitzen ondoeza

Joseba Sarrionandia

 

 

Euskal literatura eta euskal gatazka” dugu aurtengo ikastaroko gaia, eta gure eginkizuna, saio honetan, gai hori Joseba Sarrionandiaren obraren esparrura ekartzea. Horretarako, beronen lanetatik jasotako hainbat testuren irakurketari ekingo diogu, Sarrionandiaren ahotsa gure artera ekarriz han izanik hemen egon dadin.

 

Nolanahi ere, hasieratik behar dugu gaztigatu gure gai horri hari ezberdinetatik tiraka eginez hel diezaiokegula. Hasteko, gehienoi burura datorkigun lehen gauza J. Sarrionandiak gatazka hori lehenengo pertsonan bizi izan duela dateke eta, hortaz, gatazkaren ondorioz bizi izan dituen esperientziak (kartzela, tortura, erbestea, eta ezezagunagoak zaizkigun beste hainbat) bere lanaren muinean daudela. Hori guztia aztertuz hel geniezaioke, beraz, gure gaiari. Alabaina, ez da hau saio honetan jorratuko dugun ildoa: albo batera utziko dugu hari hau, beroni eutsi nahi dionari bereziki Gartzelako poemak, Hnuy illa nyha majah yahoo eta Lagun izoztua lanen irakurketa gomendatuz.

 

Bigarrenik, gaia eztabaida teorikoen mailan koka genezake; hots, euskal literaturak euskal gatazkaren gaia jorratu behar duen ala ez eztabaida genezake, eta Sarrionandiak honetaz zer pentsatzen edota esaten duen aztertu. Ildo honi jarraituz, azken boladan hautsak harrotu dituen Jokin Muñozen adierazpenak ekar genitzake gogora, bai eta idazle nafarrari erantzunez zenbait idazlek idatzi izan dituztenak. Hari honi helduz gero, azken buruan idazlearen konpromisoaren inguruko auzira iritsiko ginateke; berria ez den auzia, bidenabar, Sarrionandiaren Gartzelako poemak bilduma argitaratu zenean ere izan baitziren zeresanak “poesia militantea” eta “literatura konprometitua” etiketen harira. Sasoi hartako eztabaidaren zurrunbiloan murgiltzeke, irakurtzeko gomendagarriak dira hemen —gaiaren inguruko Sarrionandiaren iritzia osotze aldera— Marginalia liburuko hainbat pasarte (ikus, besteak beste, 31.-32. eta 87.-88. or.), bai eta artean kartzelan zela Sarrionandiak Eva Forestekin izandako elkarrizketa.

 

Euskal gatazkaren aurrean nahiz edozein errealitate gatazkatsuren aurrean idazleak hartu beharreko jarreraz luzatuko ez bagara ere, badago aipatu nahiko nukeen zerbait, gure idazlearen ibilbidean nolabaiteko jarrera-aldaketaren erakusgarri datekeena. Izan ere, Sarrionandia hasierako lanetan isiltasunerantz lerratu bazen ere (inguruko errealitateari bizkarra emanda idatzita dirudite Izuen gordelekuetan barrena eta Narrazioak lanek eta, hain zuzen ere, isiltasunerako joera horixe azpimarratu zuen B. Atxagak aipatu narrazio-bildumari egindako “Epilogoa”n), gerora bestelako jarrera agertu du, bai bere eginkizunean (Hnuy illa nyha majah yahoo bilduman erruz aurki daitezke inguruko errealitateaz mintzo diren poemak, salaketa eta kritikaz tindatuak gainera), bai bere iritzia aditzera ematen duten adierazpenetan ere. Guztien artean bat aukeratzearren, “Leihoa” testua gogora ekarri nahi nuke hemen:

 

Idazleen konpromezuaren gaiari buruz Arthur Koestler idazleak, artean 1941 urtea zela, Londresen, esan zuen idazleak hiru jarrera har zitzakeela, eta leihoaren metafora erabiltzen zuen idazlearen inguru sozialarekiko harremana adierazteko:

 

Leihoa zeharo hertsirik, kanpoan zer gertatzen den axolatzeke.

 

Leihoa erabat zabalik, kanpoan gertatzen diren gauza guziak arretaz eta etengabe aztertuz.

 

Leihoa erdi zabalik, kanporuntz begiratzeko angulo dexente batekin, gertatzen denaren zati bat behintzat ikusteko moduan.

 

Zabalik utzi beharko litzateke leihoa, haize pixka bat sar dadin behintzat. Baina Arthur Koestler-en metafora emendatu beharko litzateke: ez da leiho arazoa, ‘ate’ arazoa da. (Hitzen ondoeza)

 

Iradokorra da, oso, Sarrionandiak proposatutako emendakina: idazlearen jarrera ez da kontenplatiboa izan behar, leihoa ireki eta ikusten duen errealitateaz hitz egin ez ezik, atea ireki eta errealitate horretara atera egin behar da, ateratze horrek dauzkan esangura guztiekin.

 

Leihoa irekita idatzi nahiago du Igorretako idazleak edota, beste era batera esanda, bihotzez, «bihotzaren puskak ezkerralderuntz okertuta» idatzi ere, kontrakoa (hots, «organo hori gabe ekiten duen jendearen zuzentasuna») arbuiagarri baitzaio.

Alabaina, idazleak bihotza nahiz leihoa irekita errealitateari bidea emango badio eta errealitateaz mintzatuko bada, nola egingo duen hartu beharko du kontuan. Hasier Etxeberriarekiko elkarrizketan bazioen Sarrionandiak: «Idazleak munduaren argitze kritiko batzuk egingo dituela espero dut. Ez dogmak eta ez erretolika, ez egoera politikoari buruzko deklarazio arruntak». Munduaren argitze kritiko batzuk diskurtso dogmatikoan eta erretolikoan erortzeke nola egin geroxeago izango dugu hizpide.

 

Euskal gatazkaren gaia J. Sarrionandiaren obraren esparrura ekartzeko saiakeran egon badago, azkenik, hirugarren ildo bat, zeinari jarraikiz Igorretako idazleak euskal gatazka jorratu ote duen azter genezakeen (J. Muñozen hitzetan esateko, Sarrionandiaren lanetan “La Cosa”ren arrastorik baden ala ez). Horretarako, baina, hasieratik zehaztapen bat egin beharrean gaude. Izan ere, idazleak modu ezberdinetan jorra dezake gaia: jorra dezake, hasteko, modu zuzen baten (gaiari buruz daukan iritzia emanez) edo jorra dezake, bestalde, zeharka (adibidez, euskal gatazka bere fikzioaren markotzat hartuz).

 

Zeharkako bide horretan, idazleak halako testuinguruan kokatzen dituelarik bere pertsonaiak eta istorioa, nahita ala nahigabe, gehiago ala gutxiago, baina euskal gatazkaren gaia ukitu egingo du. Halaxe gertatzen da Jokin Muñoz beraren Bizia lo bildumako narrazio gehienekin, eta halaxe —gurera etorrita— Lagun izoztuan, nahiz eta Sarrionandiarenean gatazkak baino gehiago gatazkaren ondorioa den erbesteak hezurmamitzen duen eleberria. Baina, zernahi gisaz, Igorretakoak gatazkaren gaiari zirrikitu bat ireki diola da hemen azpimarratzekoa, eta horrekin batera bere bizipenekin lotutako errealitateari ere zabaldu diela atea, ordura arteko narrazio-bildumetan guztiz bestelakoa baitzen hark hautatu bidea. Izan ere, Narrazioak, Atabala eta euria eta Ifar aldeko orduak bildumetan bizkarra eman zion errealitate horri, bertako narrazioak errealitate horretatik urrun kokatuz: bai espazioan, bai denboran ere (iraganean, alegia). Gainera, leku eta denbora urrun horiek lausoturik agertzen ziren, zehaztu gabe, kronotopo indeterminatua zelarik nagusi. Edorta Jimenezen hitzetan esateko, “ez-lekuak” eta “ez-denbora” ziren. Ziur asko, hautu horrek izango zuen zerikusirik sinesgarritasunaren arazoarekin, narrazioak halako terra incognita batean kokatuz sinesgarriagoa egiten baitzaigu istorioa irakurleoi; baina izango zuen zerikusirik baita idazlearen eginkizunarekin ere, berari errazagoa egingo baitzitzaion halako lurralde ezezagun bat marraztea, inguruko territorio konfliktiboa baino.

 

Arrazoi horien alboan, beste zerbait ere egon zitekeelakoan nago, norberaren esperientziaren balorazioarekin loturik dagokeen zerbait. Esan nahi baita, badirudi gaztetako lanetan joera dagoela norberaren esperientziarekin eta norberaren errealitatearekin loturik dagoen guztiari bizkarra emateko. Alabaina, urteekin —eta zorionez, nire aburuz— norberaren mundu hori (kanpokoa zein barnekoa) beste modu batez baloratzen hasten da idazleetan asko, eta norberaren errealitatearekin lotutako bizipen, esperientzia, oroitzapen eta sentipen franko berreskuratzen. J. Sarrionandiarengan garapen hau gertatu delakoan nago, eta baita gure inguruko beste hainbat idazlerengan ere.

 

Gogoeta horien eskutik gure gaitik desbideratu eta gero, gatozen berriro euskal gatazkaren eta Sarrionandiaren obraren arteko lotura aztertzera. Arestian esan legez, zeharka ez ezik, modu zuzenean ere jorra dezake idazleak gaia, euskal gatazkari buruz daukan iritzia agertuz. Bada, hain zuzen ere, saio honetan ildo horrexetik helduko diogu gaiari: nolabait, gure idazlearen pentsaera politikoa marrazten saiatuko gara, betiere testuen gure irakurketaren eskutik abiatuko garenez hurbilpen honen partzialtasuna eta subjektibotasuna hasieratik aitortuz.

 

Ezaguna denez, Sarrionandiaren pentsaera betidanik lotu izan da ekitearen aldeko jarrerarekin eta erresistentziaren ideiarekin. Egiaz, maiz mintzatu zaigu idazlea saiatzearen eta bidea egitearen alde. Gogoratzekoak dira, esaterako, “Zer egin” poemaren bertsook:

 

Ez gara filme mutua ikusten geratuko

Platonekin harpean.

Ez gara inongo tenplotako kariatideak,

kazeta irakurri eta goazen.

(...)

Paradisura biderik ez da, Paradisurik ez da,

baina saioaren sasoia da.

Lohi ditzagun Europako horma zuriak

gure hatzamar marka fitxatuez,

ekin dezagun haurren sinestearekin

derrota ezagunak baino harantzago.

(Hnuy illa nyha majah yahoo)

 

Izan gaitezen, beraz, errealista, ez gaitezen —Platon bezala— mundu idealarekin itsututa ametsetan geratu, eta paradisurik ez dela argi izanda, saia gaitezen (mundu hobe bat eraikitzen, esaterako), garrantzitsuena horixe baita: saiatzea, bidea egitea, bidaiatzea «arraun apurtuekin bada ere», Mobby Dick bezala “balea zuria”ren atzetik abiatzea, harrapatuko ez badugu ere:

 

(...)

Baina goazen nahi baduzu, zabaldu belak, jaso aingurak

abia gaitezen atako bandaruntz.

Ortzemugen handikaldean irlak eta derrotak

bilduko ditugu,

balea zuriaren kontra ekinen dugu, irabazi ezin arren

akaberara arte burrukan.

Ikas ditzagun marinelen kantak, asma ditzagun

marinelek kantatzen ez dituzten kantak.

(“Itsas haizea”, HINMY)

 

 

Derrotak biltzeak, gainera, ez gaitu etsipenera eraman behar. Izan ere, derrota itsasbidea da:

 

Itsas hiztegian ‘derrota’ erruta edo itsasbidea da.

Derrotarik derrota gabiltza. Ez dakit kontsolagarria den baina, ez gabiltza

behintzat morrontzarik morrontza.

(“Derrota”, Hitzen ondoeza)

 

Dakusagunez, ekitearen aldeko jarrera bidaiaren metaforaren azpian agertzen zaigu (modu errekurrentean agertu ere), eta baita Pasargadaren ideiari lotuta ere, Manuel Bandeirak asmatutako alegiazko hiri hori paradisuaren metafora baita. Eta halaxe mintzo da Sarrionandia Akordatzen liburuan:

 

Pasargadara nindoala akordatzen naiz. Azken modeloko autorik gabe, baina Pasargadaruntz nindoala. Munduko bizikleta desastreenean, baina Pasargadarantz nindoala. Oinez joan behar izan arren ere, Pasargadara nindoala. Eta bidaiaren helburua ez dela egundo aldatu. Oraindik ere, edonola ere, Pasargadara noala.

 

Ezbairik gabe, ekitearen aldeko jarrera Sarrionandiaren pentsaeraren muinean dago. Baina parentesi bat zabalduz, jarrera horrek hainbat esparru besarkatzen dituela gogorarazi nahi nuke. Izan ere, euskal arazoaren aurrean agertzen duen jarrera ez ezik, munduari begira agertzen duen jarrera ere bada, justizia sozialaren alde ekin beharra iradokitzen digularik usu eta denontzako mundu hobe bat eraikitzeko ahalegina benetan egin beharra. Urrunago joanda, bizitzaren aurrean hartu beharreko jarrera ere bada (jarrera bitala, nolabait esateko), bizitzan ere nork bere helburuak lortzen saiatu beharko baikenuke eta zoriontsuago egin gaitzakeenaren bila abiatu. Muturrera joanda, benetan bizitzeko deia egiten digu Igorretako idazleak, ez diezaiogun bizitzari ihes egiten utz: Hitzen ondoezako “Humanismo tragikoa” testuaren bukaeran dioskunez, «bizitza galduz gero izan dadila bizi izan garelako, ez bizi izan ez garelako».

 

Eta idazleen eginbideari dagokionez ere, jarrera berbera agertzen du, zergatik eta zertarako idatzi galderei erantzunak bilatzen etsi baino idazteari ekitea eta kantatzea hobetsiz (ikus, besteak beste, “Poesiaren gauza galdua”, HINMYn).

 

Nolanahi ere, gaurkoan ekitearen aldeko jarrera euskal arazoaren esparruan zedarriturik ulertuko dugu. Laburbilduz, Sarrionandia gure herri-arazoa konpontzeko eta nazioa eraikitzeko ahalegina egitearen alde agertzen dela esan genezake; zergatik eta eskubidea daukagulako gure herriaren etorkizunaz erabakitzeko. Alegia, naziorik gabeko herrien erresistentzia, berak “laugarren mundua” deitzen duen horren erresistentzia guztiz naturala iruditzen zaio edota, alderantziz esateko, hain arbuiagarri egiten zaio edozein inposaketa eta edozein eskubide zapalketa, ezen horrek erresistentzia-jarrera du ondorio. Hitzen ondoezako “Inoiz” testuan badiosku:

 

Euskal Herria ez dela inoiz independientea izan, hauxe da espainolek eta frantsesek euskaldunen autodeterminazioaren aurka duten argumendu nagusia. Baina, egia balitz, euskaldunak herri lez beren buruaren jabe inoiz ez izana arrazoi ederra litzateke Euskal Herria behingoz independientea izan dadin. Iragana inposatu digutelako gaude ezarritako etorkizun horren aurka.

 

Ene ustez, planteamendu hau guztia Sarrionandiaren pentsaeraren muinean dagoke, baina zoritxarrez planteamendu hori gaizki ulertu izan da sarritan eta, ondorioz, Sarrionandiaren irudi militantea gailendu da gure artean. Alabaina, nik neuk irudi hori zalantzan jarriko nuke eta gaurkoan hori egingo dut, berea militante itxiaren jarrera ez dela erakusten saiatuz. Labur esateko —eta betiere nire irakurketaren arabera—, Sarrionandia ekitearen eta saiatzearen alde agertu agertzen da, baina ez modu itsu eta itxi batean, baizik eta modu zalantzati batean, modu zeharo humano batean eta, azkenik, modu kritiko eta autokritiko batean; bestela esanda, oso modu irekian.

 

Lot nakion, beraz, aipatutako hiru zehaztapen horiek hurrenez hurren azaltzeari. Hasteko azpimarratzekoa da zalantzaren onarpena bere pentsaeraren oinarrian dagoela eta horregatik ohartarazten digula behin eta berriro «gauzak argiak eta garbiak ez direla» (hori ametitzeko ausardia beharrezkoa bada ere) eta ez dagoela egia bat eta bakarra (agerikoa eta begibistakoa dirudien egia ere erre-bisatu beharra dagoela, zalantzan jarri beharra). Horregatik da beharrezkoa antipentsamendua, edozein pentsamenduri “baina...” eranstea, egiatzat jotzen dugun hori eta eztabaida ezina dirudien hori errebisatuko badugu. Eta gure pentsamendua ez ezik, “bestearena” ere ulertzen ahalegindu beharko ginateke, ezen bada sasoia onartzeko «eztabaida daitezkeen gaietan badirela gutxienez bi alde edo gehiago, eta zeozer ulertu nahi duenak bi aldeen (eta beste guztien) arrazoiak ulertu behar dituela», bestearen iritzia ezagutu ezean ez baikara gai izango arazoa ulertzeko. Sarrionandiaren aipuarekin jarraituz:

 

Edozein arazotan bestearen ikuspegia ezagutzea beharrezkoa da. Eta kontrako ikuspegirik ez balitz, asmatu egin beharko litzateke, deabruaren abokatu papera eginez, eztabaida librea izan dadin. Batzuk uste dute ideiei buruzko eztabaida librea ez dela beharrezkoa, kaltegarria izan daitekeela. Ideien historiak zeharo alderantzizkoa frogatzen du: eztabaida librerik izan ez denean jendeak bere usteen oinarriak ahaztu ditu, eta ez bakarrik usteen oinarria, usteen esanahia ere ahaztutzen da eta, azkenerako, usteak ganorarik gabeko agindutara laburbiltzen dira, errepikaren errepikaz atxeki arren mamirik gabeko oskol hutsak bilakatu arte. Dotrina hil guzien historian horixe gertatu da, ideiei kontra egitea debekatu denean ideiok luzarora eritzi osatuen lozorro sakonean geratu dira. Edozein ideiaren ‘alde’ eta ‘kontrak’ agerian eztabaidatuez gero, ostera, ziur ideiok gutienez erneagoak izanen direla.

(“Deabruaren abokatua”, Hitzen ondoeza)

 

Bada, hori guztia (antipentsamendua, gure pentsamendua errebisatzea, bestearena ulertzeko ahalegina egitea, galderak planteatzea, zalantza onartzea) beharrezkoa dela esateaz gain, Sarrionandiak egin egiten du eta, hartara, azaltzen ari garen planteamendua errebisatzearekin batera bere zalantzak aitortu egiten ditu. Aipa daitezkeen adibide guztien artean, “Zer egin?” izeneko poema nahi nuke ekarri gure artera. Izenburua bera ezin esanguratsuagoa da, gorago aipatu dugun “Zer egin” hari egiten baitio erreferentzia eta galdera-markaren bidez hasieratik iradokitzen baitzaigu beste hartan ekitearen alde idatzitakoa zalantzak inguratzen duela orain. Eta, ene iritziz, bere zalantzen aitormen horrekin sekulako gizatasuna erakusten du gure idazleak. Bagenioen gorago, ekitearen aldeko jarreraz zehaztapenak egin ditugunean, Sarrionandia itsukeriatik urrun dagoela: ororen gainetik gizatasuna du lema eta, hain zuzen, gizatasun horrek gatazkaren ondorioek eragiten dioten mina aitortzera darama —ausardiaz aitortu ere— eta aitormen horrek, kantatzearen inguruan zalantza agertzera. Itzela da, enetzat, zein zintzoki eta barnetik mintzo zaigun Sarrionandia “Zer egin?” poeman:

 

Ez dakit zer egin hainbeste hilekin,

gure ustekabeko hilekin eta ustekoekin.

Gure lagun edo inoren lagunak

ia segitaldea osatzen dutenean

inoruntz, banan bana, banan bana,

banan bana doazela.

Hezurren silioa aditzen da

eta arerioak ere elkartzen ditu heriotzak

bizitzak banatu zituen bezainbeste

justizia itsu, ilun,

madarikatu berberarekin.

Eta munduak unibertsoan galdutako laranja lez

jarraitzen du biraka

hilak usteltzen diren artean.

Hil berriak antigualeko jendearekin dautza,

heriotzaren gauegun zenbatezinean.

Hil bakoitzarekin atal bat

galtzen dugu, hil kanpaiak

geuretzat dira: donne, donne, donne...

Kanta bat kantatu nahi genuke, baina

gorpu gehiegi dugu ehorzteko.

 

Poema honi darion gizatasunaz are gehiago jabetzeko bertan John Donneren poema batekiko zabaltzen den intertestualitate-jolasa agerian uztea komeni da (Sarrionandiak berak “donne, donne, donne” errepikapenaren bidez seinalaturikoa, bidenabar); zehazkiago, “Inor ez da irla” poemaren hitzak gogora ekartzea:

 

Inor ez da irla, inor ere ez da

bere baitan osoa.

Pertsona bakoitza kontinente zatia da,

lurraren partea.

Itsasoak lur puska bat erauziez gero

Europa osoa geratzen da gutiturik,

harkaitz handi bat, edo zure lagunaren etxea,

edo zeure etxea galdu balitz bezala.

Edozein pertsonaren heriotzak gutitzen nau

gizadiari loturik nagoelako.

 

Eta, beraz, ez ezazu sekula galdetu

kanpaiak norengatik ari diren jotzen:

Kanpaiek zeuregatik

jotzen dute.

 

Humanoak gara eta, beraz, humanoa den guztia dagokigu, Sarrionandiak papagaioaren ahotsaren bidez gogorarazten digunez (ik. Hitzen ondoezan izen bereko testua). Batzuek ikusi nahi ez badute ere, nire ustez agerikoa da gizatasunezko sentiera honezaz blai eginda daudela Sarrionandiaren testuak eta sentiera hori, itxurakeriatik asago, zinez zintzoa eta benazkoa dela. Adibideetan ez luzatzearren, “Ikaroren erorketa” deitu poema irakurtzea gomendatu nahi nizueke, bai eta bere aurrekaritzat jo daitekeen izen bereko testua ere (Hitzen ondoezan). Arestian aipatutako hirugarren zehaztapenera etorrita, ekiterakoan kritika eta autokritika makulu izan behar ditugula argi dauka Sarrionandiak. Baina hori bai, autokritikak benetakoa behar du izan, ez besteari kritika egiteko era mozorrotua. Eta zalantzaren onarpenarekin agitu legez, kritika eta autokritikaren beharra ere praktikara darama gure idazleak, bere testuak horretara jarriz. Zeri egiten dio, bada, kritika (edo autokritika)? Hasteko, jarrera itxi eta bandozaleei. Izan ere, euskal arazoari dagokionez, elkar ulertu ezinik gabiltza, nor bere aldetik, eta horrela ez goaz inora...:

 

Euskal Herriak sei edo zazpi gurpileko autoa ematen du. Eta gurpil bakoitzak bolante bati obeditzen diola.

Errebide bazterreko zangan gaude.

(“Autoa”, Hitzen ondoeza)

 

Eiki, bestea etsai eta arerio bihurtzen duten jarrera bandozaleak dira gure artean ere nagusi:

 

Aspaldiko joera dute euskaldunek bandotan antolatu eta mendekuari jarraibidea emateko:

 

Artuco dot escu batean guecia

Bestean Çuci yraxeguia.

Erreco dot Aramayo guztia

 

XVIgarren mendean bezala, hor gabiltza oraindik kobardeak, traidoreak, zipaioak alde batetik; erradikalak, intoleranteak, terroristak bestetik; “gurekin ez dagoena gure aurka dago”lakoekin. Ez hain bestela pentsatzen dugulako, nik uste, baizik eta bestearen arrazoiak inoratzen ditugulako, edo geure burua ezaguera gabetzat ez dugulako, edo beste biderik ez dugulako. Geure herriaz ze asmo dugun aste betez biltzarrean eztabaidatzeko ez gara gauza. Ez Espainiak ez Frantziak ez dute aukera hori emango, baina geu ere ez gara baldintzarik gabeko halako biltzar demokratiko toles gaberik antolatzen sekula ahalegindu. Antzinako bandozaleek ez zuten euskal naziorik eraikitzeko asmorik, ez zuten elkartasun behar larririk. Baina Pelloren egia da, guk, euskal nazioa eraikitzekotan, ezin dugula XVgarren mendeko moduan jarraitu.

(“Bandoak”, Hitzen ondoeza)

 

Beste modu batean esanda, euskal gatazkaren inguruan ezer konponduko badugu, horrelako jarrerak benetan gainditu beharko ditugu eta elkarlana eta auzolana bultzatu:

 

Auzolanik ez da egin, euskal herriko ezkerraren azkenengo hogeita bost urtetan auzokaltea egin da. (...) Independentzia eta grekoek ‘isomoiria’ deitzen zutena, lortzekotan, auzolanez lortu beharko dira, auzo arazoak direlako. Sektarismoak, auzokalteak, elkartasuna eta edozein proiekto kolektibo zirikatzen du. Halaere, batzuk nahiago dute laguntzarik ez izan, auzoan lagunik bizi dela ametitu baino

(“Auzolana”, Hitzen ondoeza)

 

Gainera jarrera itxiek immobilismoa daukate ondoriotzat, alegia «erloju geldia bezala bere zeretik mugitzen ez den jendearen jarrera», tinkotasunarekin nahastu behar ez dena, bidenabar (ik. “Erloju geldiaren paradoxa” eta “Erlojeriazko beste gogoeta bat”, Hitzen ondoezan). Eta jarrera itxien ondorio dira, halaber, diskurtso dogmatikoak eta «latinezko mezak», honezkero gurean ere arrotzak ez direnak:

 

Mendebaldeak latinezko meza katolikoak jasan ditu mila urtetan zehar: Jainkoak agindu, agintari eskudunek eman eta herriak ulermenik gabeko sinestez menderik mende errepikaturiko erritoak, otoitzak, litaniak… Baina latinezko beste meza batzu ere baditugu, itxuraz denon hizkuntzan ematen diren arren. Nagusiak aurretik, eliza amaren eta diktadura frankista amaordearen oinordekoak diren gure ugazaba nazional eta sozialak hor ditugu betiko Carta Magna aldarrikatzen.

 

Baina heresia satanizatuek ere, noizbait, beren liturgia osatu dute. Leninismoak, troskismoak, maoismoak eta enparauek marxismoa latinezko meza bihurtu zuten, bakoitzak bere saindu eta esankizun bereziekin. Euskal abertzaletasunaren latinezko mezak ere baditugu, gure alderdi gaixo bakoitzak bere erritoak, bere otoitzak, bere litaniak finkatu dituelarik. Tristea da gero latinezko letra hotzen errepikaera: geure meza da benetakoa, egia hementxe datza. Egia hemen datza dioenak egia hilda dagoela diolako.

(“Latinezko mezak”, Hitzen ondoeza)

 

Euskal arazoaren inguruan batean eta bestean nabari daitezkeen halako jarrera itxi, dogmatiko eta bandozaleak ez ezik, eraikitzen ari omen garen nazio edota etxe hau nola ari garen eraikitzen ere kritikatu egiten du Sarrionandiak, denok kabitzeko moduko etxea izan beharrean, ez ote dugun akabuan beste zerbait eraikiko… Honatx bere hitzak:

 

Zuek, gure herriaren arkitektook, barru espaziorik gabe ber eraiki nahi duzue gure aitaren etxea? Lekurik eman ezin hori ez zait egokia iruditzen. Barru espaziorik gabeko arkitekturarik ez da!

(“Arkitektura”, Hitzen ondoeza)

 

Gogoan hartzekoa da, halaber, Akordatzen liburuko ondoko pasartea:

 

Etxea eraikitzen hasi ginela akordatzen naiz. Denontzako etxea eraiki behar genuela eta hasi ginen oinarriak eta adreiluak jartzen. Eta horretan lan egin dugu hiru, hamar, hogei urtez, eta horma sendoa, handia, luzea eraiki dugu. Obrak ez digu hodeiertza ikusten uzten. Eta ez dela etxea, harresia dela esaten dute batzuek, eta egia da harresia ematen duela. Ez dakit zergatik jarraitzen dugun harresia eraikitzen. Etxea eraiki nahi bagenuen.

 

Sarrionandiak euskal gatazkaren oinarrian dagoen nazio-kontzeptua errebisatzera gonbidatzen gaitu hainbat testutan (geroxeago gogora ekarriko dugun “Harriak eta herriak” poema giltzarria da zentzu honetan). Izan ere, gauza bat da eskubide legez euskaldunok nazio bat izateko eta autodeterminatzeko eskubidea izatea eta horren alde lan egitea (gorago hizpide izan dugun ekitearen eta erresistentziaren jarrera hemen kokatuko litzateke) eta beste bat ea nazio horren eraikuntza lanak nora garamatzan, azkenean —entzun berri diogunez— ez ote dugun etxea baino harresia eraikiko eta gure errealitate anitzei lekua eman beharrean, ez ote ditugun errealitate anitz horiek kanpoan utziko, kontzeptu “batasunzale” baten lemapean. Hitzok bereak dira:

 

Nazioaren definizioak arraza, hizkuntza, geografia edo borondate ‘batasunaren’ ideian oinarritzen ziren. Gaur egun diren nazio gehienak, ostera, anitzak, zatituak eta gatazkatsuak dira berez. Eta eskerrak, ezen eta zenbait abertzaleren kontzepto batasunzale estuak haintzat hartuez gero euskal naziorik ez litzateke iadanik posible.

(“Nazioa”, Hitzen ondoeza)

Igorretako idazlearen testuetan han-hemenka kausi daitezkeen kritika eta autokritikekin jarraituz, aipatzekoa da orobat gauzak benetan konpontzeko borondate eskasaren ondorioz gauzak betiko legez irauteari eta betiko diskurtsoak errepikatzen ibiltzeari egiten dion kritika. Eta oraingoan ere, nire azalpenekin luzatu beharrean, berea ekarriko dugu gure artera:

 

Juan Maria Olaizolaren Historia del Protestantismo en el País Vasco liburuan irakurtzeko moduko gauza ugari da, Nafarroako Erresumaren azkenaldia izan zen XVIgarren mendeari buruz batez ere. Ondorio hau ateratzen da: euskaldunok beti aurkitu dugu aitzakiaren bat elkarri muturra apurtzeko. Oinaz eta ganboa, protestante eta erromakoi, karlista eta beltz… Euskaldun lez irauteko eta herri lez antolatzeko ahaleginak beti desbideratu zaizkigu eta, elkar ondo jo dugunean, hondatu garenean, azkenerako, Borbon bat agertu da gure puskak uztarpean lotzen. Egin ditugun burruka guzietan galdu dugu, galdu dugunean galdu dugu eta irabaziez gero ere galduko genukeen. Oraindik ere berdin ari gara, elkarrekin herri lez antolatzeko benetako asmorik gabe, mila urte igarota ura bere bidean.… Hazparneko haurrari emanen diot hitza: “Tan pi guretako!”

(“Protestantismoa”, Hitzen ondoeza)

 

Akordatzen liburuko ondoko pasartea ere ezin esanguratsuagoa da, gure idazlea nori ari zaion zuzentzen zuon —irakurleon— esku utziko dugu:

 

Gauzak laster, bi urte barru, esate baterako, aldatuko direla hogei bider esan duzuela akordatzen naiz. Orain, errepika ezazue.

 

Ikusi dugunez, Sarrionandiaren jarrera eta pentsaera benetan irekia da. Bada hori horrela izanda, idazketak ere ezinbestean irekia behar du izan, gure idazleak ondotxo dakienez. Alegia, kontua ez da pentsamendu kritikoaren beharra eta irekitasunaren beharra teoria mailan aldarrikatzea eta hori errepikatzen ibiltzea (diskurtso hori gure “manual debotionezkoa” bihurtuz: ik. “Manualak” Hitzen ondoezan), baizik eta pentsamendu kritikoa praktikan bultzatzea eta irekitasuna idazketan bertan erdiestea. Eta nola erdietsi hori? Bada, hasteko, mezu bat edota egia bat transmititzen duten testuak saihestuz. Bestela esanda, Sarrionandiak ez du diskurtso itxi bat helarazi nahi, justu alderantzizkoa baizik: irakurleak bere ondorioak ateratzea gura du, irakurleak gogoeta egitea, gogoeta horrekin testua irakurleak berak osa eta itxi dezan. Eta horretarako makina bat estrategiaz baliatuko da, besteak beste galderaren erabileraz. Izan ere, galdera «aidean utzitako gogoeta» da, entzulearengandik edota irakurlearengandik «jarraipena eskatzen duen egitura gramatikal osatu bakarra» (ik. “Galderak”, Hitzen ondoezan). Horrexegatik usu egingo dugu topo galderekin Sarrionandiaren testuetan. Adibide guztien artean jorratzen ari garen gaiari begira funtsezkoa iruditzen zaidan poema bat ekarri nahi dut hizpidera, HINMY bildumako “Harriak eta herriak” izenekoa hain zuzen, zeina galdera batekin bukatzen baita. Hona hemen:

 

Munduan bada bazter bat (ez genuen guk sortu orduko hautatu) gure herria erizten duguna. Eta mundu guzia da gurea

gure herria geurea bada. Baina guk harri bustiak sartu genituen gure boltsilo zulatuetara. Egin genuena ez zen beti izan egin behar genuena, hildakoak eta distantziak ugalduz joan ziren, eta gure herriaren sei mila halakoa den mundua mugarriz pikatuta dago. Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nondarrak garen eta noruntz goazen galdetuez gero gure harri bustiak erakusten dizkiogu, ezen eta harriak ditugu: ‘Harri hau, uharri hau ikusten duzu, halakoa zen gure etxea…’ Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen kartografoak gara. Egunak atzoz bete zaizkigu, geure oinen bila gabiltza. Gogoratzen duzu, galdu genuen antzinako sorterri hura? Harriak ditugu baina ez dugu herririk. Harriak ditugu boltsilo zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko betirako etxerik. Harriak ederragoak al dira harresian?

 

Gorago aipatu dugunez, Arestiren Harri eta herri harekiko intertestualitate jolasa zabaltzen duen poema honek nazioaren kontzeptuaren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen gaitu. Azken buruan, herri legez bizi dugun desintegrazioa planteatzen da bertan: harriak ditugu, identitate bat badaukagu, baina agian ez dugu inon etxerik eraikiko. Harriak, gainera, boltsilo zulatuetan ditugu … Poemaren muina bukaerako galderak dakarkigu. Identitatea norberak aukeratzen duen eta norberari dagokion zerbait bada, hots, euskal identitatea aldean daramagun zerbait bada (boltsiloan daramagun harria), balizko euskal estatu batek indartu edo bermatuko ote digu identitate hori? Zer da garrantzitsuagoa, norberak hautatzen duen identitatea eta nork bere baitan daraman euskaldun izatea ala estatuak eman diezaiokeena? Harria non da ederrago, nork bere boltsiloan daramala ala harresian?

 

Ohartu, gainera, harresiaren ideia agertzen zaigula berriro, eta gogoratu honetaz gorago esandakoa: nazioak ez ote du nazio hori osatzen dutenen gainean identitate homogeneo bat aurresuposatzeko eta hedatzeko arriskua? Beste era batean esanda, euskal herritar izateko edota euskaldun sentitzeko modu asko daude (nork bere harria dauka): Euskal Herriaren barruan Euskal Herri asko daude. Bada, Euskal Herri horiek guztiek lekua izango dute eraikitzen ari omen garen “etxe” horretan? Ala espazio itxia eta hesitua (hots, harresia) ari gara eraikitzen, non batzuk bai baina beste batzuk ez diren kabituko?

 

Galderak hor daude, nork bere erantzuna bila dezan, eta geuk ere horrela utziko ditugu, irekirik. Galderekin batera paradoxak ere maite ditu Sarrionandiak eta haiek bezala hauek ere sarri darabiltza irakurleok gogoeta egitera bultzatzeko. Horrela, esaterako, hutsik dagoen sehaskari kantatzea planteatzen duen paradoxa azaltzen zaigu “Poesiaren gauza galdua” poemaren bukaeran, edota askatasuna lotzearena “Askatasuna” testuan (Hitzen ondoezan):

 

Askatasuna heldu zenean poztu egin ginen. Gero, alde egin zezakeela susmatu genuelarik, lotu egin genuen. Batzuk, horri, ‘neurriak hartzea’ deitu zioten.

 

Testuen irekitasuna bermatzeaz batera gure parte-hartzea bultzatzen duten estrategiekin jarraituz (alderantziz ere badago esaterik, estrategiok gure parte-hartzea bultzatzeaz batera egiten baitituzte testuok ireki), Sarrionandiak esanahi ugari dauzkaten testuak idazteko daukan zaletasuna aipa genezake. Testuen polisemia lortze aldera sarritan “komunikazio bikoitza” dei genezakeen estrategiaz baliatzen da. Esan nahi baita, halakoetan testuak maila esplizituan zerbait diola igarriko dugu irakurleok (eta maila honetan egindako irakurketak zentzua eduki badaukanez, irakurketa honekin gera gaitezke), baina atzean beste zerbait ere badagoela sumatuko dugu (alegia, komunikazio inplizituaren bidez testuak beste zerbait ere badiola edota inplikazioak eratorriz beste irakurketa bat ere egin daitekeela). Ez gara gure baitakoak eta Han izanik hona naiz lanetan dagoeneko baliatu zen Sarrionandia bide honetaz, baina itxura guztien arabera Hnuy illa nyha majah yahoo poema-liburuan eta Hitzen ondoezan bereziki hartu zuen estrategia hau makulutzat (adibide zenbait aukeratzearren, ikus HINMYko “Zaurituarekin lubakian”, “Solas metereologikoa” eta “Gereziak jateko sasoia iritsi da” poemak, bai eta Hitzen ondoezako “Sartzen”, “Tiroa” eta “Ezurtea” testuak; bidenabar esanda, azken testu hau eta aipatu azken poema loturik daudeke mamian).

 

Horrekin guztiarekin batera, eta gure gogoeta bultzatzeko ahalegin horretan, Sarrionandiak anbiguotasunarekin ere egiten du jolas. Horrela, «ekin diezaiogun, haurren sinestearekin, derrota ezagunak baino harantzago» eta antzeko bertso edota esaldi anbiguoekin topo egitean (gorago irakurri dugun poema baten bertsoak gogoratzearren), irakurritakoa errebisatu beharrean izango gara, badakigulako, alde batetik, haurren sinesteak eta pretentsioak inozoak izan ohi direla (bertsoa horrela irakurrita “ekin diezaiogun” hori ironikotzat joko genuke), baina badakigulako, beste alde batetik, haurrak oso tematiak ere badirela eta, beraientzat dena denez posible, sekulako ilusioa eta tema jartzen dutela beraien helburua lortzeko (irakurketa honen eskutik, Sarrionandiak aurrera ekiteko haurren ilusio eta tema hori geurea egin dezagun iradokitzen digula ulertuko genuke, esaterako). Ezbairik gabe, aipatzen ari garen estrategia horiez baliatzeak maiz zaildu egiten du gure irakurketa. Sarrionandiak badaki hori, eta badaki, jakin, gehiago: badaki testua irentsi beharrean testuaren aurrean geratu egingo bagara eta gogoeta egingo badugu idazkera hori beharrezkoa dela. Hitzen ondoezako hitzaurrean bere idazkera horren zentzua argitu zuen eta baita Hasier Etxeberriarekiko elkarrizketan ere:

 

Nire proposamenak ez dira erraz irakurtzeko (...). Badakit irakurlegoari ahalegin bat eskatzen diodala, idaztea nekeza egin zaidan bezala irakurleari nekeza egingo zaiola irakurtzea. (...) Badakit ez diodala liburua eskaini eta atsedena proposatzen, eta estimatzen dut jende hori, pentsamendua deskantsuan eta alferkerian utzi beharrean, erraza egingo ez zaion liburu bat zabaldu duelako.

 

Eta honenbestez bukatuko dut. Esan dezadan, laburbiltzeko, Jokin Muñoz oraintsu arte gure literaturan euskal gatazkaren gaia jorratu ez omen delako kexu bazen ere, Sarrionandia —bederen— salbuespen dugula: bere lanetan “La Cosa” agertu agertzen da eta, gainera, ez bakarrik zeharka, era zuzenean trataturik baizik. Are gehiago, modu zuzenean ez ezik, Sarrionandiak modu zintzoan eta benazkoan jorratzen du gaia, bere barrenean habia egin duten zalantzak aitortuz. Gainera, modu ausartean ere heltzen diola gaiari esaterik badago, batera eta bestera jaurtikitzen dituen kritikek eta autokritikek agerian utzi legez. Eta guztiaren gainetik, gaia oso modu irekian eta modu oso humanoan jorratzen duela azpimarratu beharrean gaude, gizatasun itzelaz ari baitzaigu Igorretakoa: minez idazten du sarri, “zauriturik”:

 

Zauriturik nagoenean izkiriatzen dut. Ia egunero izkiriatzen dut.

Literatura irekia, zauri irekia bezala.

(“Zauria”, Hitzen ondoeza)

 

Tamalez, hau guztia ikusi ez delakoan nago, edota ikusi nahi izan ez delakoan, Sarrionandiaren inguruan irudi militante, itxia eta hiperideologizatua gailendu delarik. Aitzitik, nik neuk Sarrionandiaren beste irudi bat erreibindikatu nahi nuke (irekiagoa, zalantzatiagoa, humanoagoa) eta gaurkoan hori egiten saiatu naiz. Baina bihoa, bukatzeko, azken ohar bat, hasieratik iradoki dudanari berriro helduz: gaurkoan eta hemen Sarrionandiaren aipatu irudia marrazten saiatu garelarik ere, eta hori bere testuen irakurketatik abiatuz, emaitza subjektiboa da halabeharrez, guztia gure irakurtzeko eran oinarritzen da eta. Sarrionandiaren hitzak gogoratuz, «gauzak, diren bezala ikusi beharrean, garen bezala ikusten ditugu» (“Gauzak”, Hitzen Ondoezan). Subjektibotasunaren onarpen horrek, beraz, zirrikitu bat irekitzen du gaurko saioan, edo ate bat, irakurle oro bertatik barnera dadin gaiaren inguruko eztabaidara eta nork bere irakurketarekin Sarrionandiaren inguruko bere irudia osa dezan.

 

J. Sarrionandiaren lanak (bibliografia osagabea)

 

_____ Izuen gordelekuetan barrena, Bilbo Aurrezki Kutxa, Bilbo, 1981.

_____ Narrazioak, Elkar, Donostia, 1983.

_____ Ni ez naiz hemengoa, Pamiela, Iruñea, 1985 [gazt. itz.: No soy de aquí, Hiru, Hondarribia, 1991].

_____ Atabala eta euria, Elkar, Donostia, 1986.

_____ Marinel Zaharrak, Elkar, Donostia, 1987.

_____ Marginalia, Elkar, Donostia, 1988.

_____ Ez gara gure baitakoak, Pamiela, Iruñea, 1989.

_____ Izeba Mariasunen ipuinak, Elkar, Donostia, 1989.

_____ Ainhoari gutunak, Elkar, Donostia, 1990.

_____ Ifar aldeko orduak, Elkar, Donostia, 1990.

_____ Gartzelako poemak, Susa, Iruñea, 1992.

_____ Han izanik hona naiz, Elkar, Donostia, 1992.

_____ Hnuy illa nyha majah yahoo, Elkar, Donostia, 1995.

_____ Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk, Milabidai-Erein, Donostia, 1995.

_____ Hitzen ondoeza, Txalaparta, Tafalla, 1997.

_____ Hau da ene ondasun guzia, Txalaparta eta Esan Ozenki Records, 2000.

_____ Lagun izoztua, Elkar, Donostia, 2001.

_____ Kolosala izango da, Txalaparta, Tafalla, 2003.

_____ Akordatzen, Txalaparta, Tafalla, 2004.

Sarrionandia, J. et al., 1983, “Intxaur azal baten barruan” eta “Eguberri

amarauna”, AAG, Gráficas Lizarra, Lizarra