Eric Dicharry // Euskal rapa // Euskarazko rapa // Euskarazko Hip hopa // 2020

so 1467378181235 SO | 2020-12-23 07:17

Euskarazko rapa

Odei Barroso eta Eneko Axpek 2020ko abenduaren 23an Berria aldizkarian euskarazko hip hopa, 20 diskotan artikulua argitaratu zuten. Artikulu honi xehetasun gehiago erantsi dizkiot : Odei Barrosoren azken bideo klipa, Jon Eiherabideren azken lana, sortzaile berrien (Ningra, Haizea, Dupla, Laize MC eta Rlantz, Ziztada eta raperuren) YouTubeko bideoklipak eta Jakin aldizkarian argitaratu nuen euskal rapari buruzko artikulua.

Euskarazko hip hopa; 20 urte, 20 diskotan

La Basu izan da azkeneko urteotan euskarazko hip-hopera jauzi egin duten musikarietako bat.
La Basu izan da azkeneko urteotan euskarazko hip-hopera jauzi egin duten musikarietako bat. JON URBE / FOKU
2020ko abenduak 23
 
The Sugarhill Gang taldearen Rapper´s Delight izan zen kaleratutako lehenengo hip- hop diskoa, 1979an. 21 urte pasatu ziren euskarazko lehenengo hip-hop diskoa agertu zen arte, 2000. urtean: Selektah Kolektiboa taldearen izen bereko lehen lana. Beraz, jaun-andreok, 2020 annus horribilis honetan euskarazko hip-hoparen hogeigarren urteurrena ospatzen dugu. Historia guztietan bezala, historiaurre bat ere egon zen. Ipar Rap Eroak eta Negu Gorriak taldeak raparekin flirtean aritu ziren 90eko hamarkadan, baina rock taldeak ziren, azken batean. Hogei urte hauek ospatzeko, euskarazko hogei hip-hop disko gomendatu nahi ditugu 121 Krew eta Patrol Destroyers taldeko Maisha MC-k eta 2zio taldeko Odei Barrosok. Duin bihurtu behar ditugulako euskarazko raparen historia eta historia hori idatzi zuten eta idazten ari diren artista guztiak. Zorionak guztiei, eta eskerrik asko euskal kultura modernizatzeagatik.

1. SELEKTAH KOLEKTIBOA

'Selektah Kolektiboa' (2000)

Lehenengoa. Euskarazko musikaren historia betiko aldatuko zuen diskoa. Nafarroako eta Gipuzkoako lagun hauek —batzuk oraindik aktibo daude, Esne Beltza taldeko Zigor DJ scratchea kasurako—, Koktel Molotoff eta UPN West edo Unionisten Harropuzkeria ereserkiak sortu zituzten disko honetarako. Aritz Sound System DJak asmatu zuen taldearen izena, eta Aritz izan da, dudarik gabe, euskarazko hip-hopa gehien bultzatu duen pertsona.

2. MAK

'Suari darion kea' (2005)

Suari darion kea bezala hedatu zen Lapurdiko MAK taldearen lehen lana. Euskara gaztelaniarekin eta frantsesarekin nahasiz, abesti ugariak eta indartsuak landu zituzten, jatorri eta kutsu ezberdineko sampler-ekin uztartuz. Ipar Euskal Herriko rap eszenan lehen urrats nabarmena egin zuen taldea izan zen. Taldea desegin bazen ere, kideetako batzuk euskarazko rap eszenaren parte hartzaile aktibo dira orain ere. Aipamen berezia egin behar diogu taldeko DJa izandakoari, DJ Alf zenari.

3. CRITIC A CHRONIC

'Amairu' (2007)

Gernikako talde honen laugarren albuma. Benito Lertxundi eta Mikel Urdangarin sampleatu zituzten, besteak beste, baina ez hori bakarrik: pilota batek frontoi bateko horma jotzean egiten duen soinua ere sampleatu zuten, kutxa bezala erabiltzeko! Dr. HErBeren gidaritzapean, BH Mauri, Mr Aja, Dorean P eta DJ Ñask —geroago bakarka El_Txef_A—; horiek ziren Critic a Chronic, Bizkaiko euskarazko hip hoparen aitzindariak. Txapela kentzeko moduko lana.

4. NORTE APACHE

'Hesiaren bestaldean' (2009)

Indarrez iritsi ziren Bilboko ezkerraldeko hiru apatxeak, eta garai batez oholtzaz oholtza ibili ziren. Mezu zuzen eta argiekin, gai sozialetatik bizipen pertsonaletaraino, gai eremu ugariak lantzeaz gain, instrumentaletan ere beren marka nabaria zen. Gaur egun taldea deseginda badago ere, aztarna ederra utzi du bidean.

5. TOASTIBARRE

'Toastibarre' (2010)

Euskarazko raparen punkiak! Polizia porkeria kanta hit bat zen milurteko honetako bigarren hamarkadan euskarazko hip-hoparen undergroundean. Nafarroa Behereko talde honen diskoak beste kanta potente batzuk ere bazituen, Oztibar rap, besteak beste. Soinu kalitateari askorik erreparatu gabe, haien jarrerak eta gorrotoak betetzen zuten zuloa.

6. EL PUTO IOR

'Propaganda' (2011)

Goian bego El Puto Ior. 2020 annus horribilis honetan utzi gaitu Bilboko ezkerraldeko rap kantariak, gaztea, gazteegia zenean. Iraultzaile sutsuak disko hau kaleratu zuenetik, euskarazko eta erdarazko abestiekin, ohikoa zuen zuzenekoak ematea manifestaldi antifaxistetan, besteak beste. «Kaletik basora, etxe, auzo, edozein plazara, ilusioz beterik, hegoak astinduz, banoa zerura», rapeatzen zuen disko honetako Iparraldeko Haizea kantan. Eta joan zen. Baina bere obra utzi zuen.

7. GOIENETXE ANAIAK

'Anai nagusia' (2012)

Nafarren rap panfleteroa ezker abertzaleko idazkari nagusiak idatzita dagoela ematen du. Bi MCek hitzekin joko ederrak egiten dituzte, askotan txisteak eta bromak sartzen dituzte disko honetan. Base musikalek 2000ko urteen erdialdean modan zeudenak ematen dute.

8. 2ZIO

'Pausuz pausu' (2013)

Oinarri ilunak, sistema kapitalistaren aurkako kanta gordinak. Odei Barrosoren maila izugarria da, errima paregabeak botatzen ditu abiadura azkarrean. Gorkaren ahotsa osagarri bikaina da talde honetan, eta Jok aparatuetan biribiltzen du lana. Diskoaren izen bereko Pausuz pausu kanta, duda izpirik ez, euskaraz inoiz kaleratu den hip-hop kantarik onenetariko bat da.

9. IMANOL EPELDE

'Etxepare rap' (2013)

Disko oso berezia: bederatzi kantuko bilduma honetan, Imanol Epeldek euskarazko literatura errepasatzen du hip hoparen bidez. Besteak beste, Bernat Etxepareren eta Arnaud Oihenarten idazkiak rapeatzen ditu; hau da, lau mende inguru dituzten hitzak. SKT Sekuentzia taldean ere, Imanol Epeldek, bandaren liderra zenak, Dena eman duenari kantan rap fina egina zuen, nahiz eta Hautsetik disko horretan hardcore-punk influentzia izan nagusi.

10. REVOLTA PERMANENT

'Genesis (2014)

Barakaldoko (Bizkaia) talde honen diskoa berezia da. Iker Villaren eta Iker Aginagaren mikrofonoak, lelo errepikakorrekin, Aitor Abioren base instrumental zoroak, hip-hop eta elektronika nahaste originala, askotan dantzagarria, askotan lepoa apurtzekoa. Mikel Becerrak rock ukitu berezi hori ematen die disko borobil honen oinarri musikalei.

11. 121 KREW

'Mahatsen denbora (2016)

Mahatsen denbora lanarekin esan zion adio 121 Krew taldeak oholtzari. Ezin aipatu gabe utzi Barakaldoko (Bizkaia) talde esanguratsu hau, euskarazko raparen lur antzuan hazia jartzen lehenetarikoa izan zena. Bizkaiko euskarazko raparen erreferente nagusia Ezkerraldekoa izateak zer pentsatua eman dezake euskarazko rapa zein eremutatik garatzen hasi den aztertzeko orduan. Gora Baraka behera Neguri abesti mitikoak askoren buruan jarraituko du, bihotzaren taupadek bpm-ari eusten dioten bitartean. Taldeak jarraitzen ez badu ere, taldeko kide ziren Maisha MC eta Endika Lahainek bide eta lan berriak urratzen jarraitzen dute.

12. LA BASU

'Izotz erregina' (2016)

Euskarazko raparen panoraman geroz eta emakume gehiago badaude ere, hutsunea nabarmena izan da urteetan, eta La Basuren lana eta ekarpena aipatzekoak dira. Izotz erregina diskoa da osoki euskaraz egin duen lehen lana. Tempo azkarrak darabiltza bere abestietan, hitzak pausatzeko modua raparen eta kantuaren artean orekatuz. Oholtzan presentzia eta mugimendu handiko artista da.

13. NIZURI TAZUNERI

'Zazpi' (2018)

Norzzoneren eta Faniren lanak kolore berri bat ekarri dio euskarazko raparen oholtzari. Zazpi bekatu kapitalen inguruan jolasean dabilen disko sendo eta pisua da hau. Trapetik abiatu eta instrumental ezberdinak plazaratu dituzte hasieratik. Norzzoneren flow-aren indarra eta Faniren berezitasuna elkartzean sortzen den leherketa handi baten lekuko izango da diskoa entzuten duena. Azpimarratzeko lan mardula.

14. ARRANO PERTXA ETA LENGU ILUNA

'Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra' (2018)

Hitz zuzen eta probokatzaileekin iritsi zen Arrano Pertxa, Lengu Iluna lagunarekin batera. Euskarazko raparen West Coast-aren ordezkari nagusia dugu bizkaitarra. Diskoaren izenak dioen gisan, bere hitzetan, erritmo zaharretik dirua lortzera datorren jainkoa dugu Arrano. Instrumental aldetik aipatutako West Coastaren eraginaz bustita dator berak G-Folk gisa izendatzen duen hori. Probokatzaile bezain indartsu eta fin plazaratu zuen bere lana.

15. ZIAKHUS

'Asteroide batzuk' (2019)

Gasteizko rap oholtza berriaren ordezkari nagusietako baten lana da Asteroide batzuk. Jariodun flow-a, errima zorrotzak eta mezu engaiatuak. Hori guztia estilo zaharreko boom bap instrumentalen gainean finezia eta dotorezia handiz jarria. Bere lekua azkar egin du Ziakhusek, eta bere bideak interesa pizten jarraituko du.

16. MAISHA MC

'Vmme Sahar' (2019)

Maisha MCk euskarazko rapari egindako ekarpena eta haren inguruan egindako lana azpimarratzekoak dira. Vmme Sahar bere lehen bakarkako lanarekin, disko soil bat baino gehiago, ikerketa lan baten emaitza sentitua erakutsi digu. Trapa eta erritmika berri ugariak plazaratu ditu lan honetan, euskal tradizioko albokarekin edota NASAn bildutako soinu-frekuentziekin ezkonduz. Lan desberdina, berritzailea.

17. TXILLY

'Akherra' (2019)

Trap kutsuko abestiak lantzen ditu Txillyk barnerako begirada kritiko batekin. Ukitu ilunak eta ahots apala erabiliz transmititzen ditu bere mezuak. Bere lanak oihartzun gutxi izan badu ere, aktibo jarraitzen du.

18. GORPUZKINGZ

'Hondarribiagra' (2019)

Trapa eta umorea nahasten dituen Hondarribiako taldea (Gipuzkoa). Droga eta (plastikozko) armak erakusten dituzte haien bideo ikusgarrietan. Askotan AEBetako abesti famatuak bertsionatzen dituzte. Zortzi kanta hauetan ez espero oso landutako testuak, ezta base instrumental originalak ere, baina prestatu haien lelo itsaskorrak errepikatzeko!

19. PEIO ETA ITSUA

'Jostailua eta harria' (2020)

Itsua beatmaker legendarioa eta Peio Azkarate abeslariak sorturiko rap alternatiboko diskoa dugu hau. Itsuaren trebezia bereziaz MPC-rekin egindako boom bap beat berritzaileak eta Peioren letra bizkor eta mezuz beterikoak uztartzen ditu disko honek. Made in Durango.

20. BURUARIN

'Amets gaiztoak, amets goxoak' (2020)

Buruarinek (lehen, O'Zeber) euskarazko flow onenetariko bat du. Bere inteligentzia letretan nabaritzen da. Joko ederrak egiten ditu hitzekin, eta egunerokotasunari buruz hitz egiten digu oso gomendagarria den disko kontzeptualean (A aldean amesgaiztoak eta B aldean amets goxoak). Lehenengo mailako jariotasuna, AEBetako East Coasta erreferentzia handia duena. Besteak beste, disko honek Ausoko Beatz beatmaker mitikoaren (zerrenda honen hainbat albumetan parte hartzen du) instrumentalak ditu.

ETA ETORRIKO DIRENAK

Beste bi aipamen berezi. Lehenik, Molto ArgalakEP (2020)—. Bigarrenik, urteetan Gasteiz aldeko rap oholtzaren erreferente nagusia izan den Indarrap. Euskaraz baino gehiago gaztelaniaz ari badira ere, haien engaiamendua argia izan da hasieratik. Hitz zuzenak, mezu politiko eta aldarrikatzaileak... Ez diote haien estiloari eta moduari uko egin sekula. Urte batzuk geldirik pasatu eta gero, berriro itzuli dira. Jarraitzeko izan dadila. Zerrenda honetatik kanpo diskorik kaleratu ez duten artista edo talde bikain asko geratu dira: Raperu, Zoroen Kluba, ZTK Rap, G14, Marques Iraizoz, Ningra, Haizea, Dupla, Laize...

Ningra / Hazia

Haizea / Nire bala

Dupla / Dantza gaua

Laize MC / OASI

Raperu Ft Rlanz / Banan banan

 Ziztada & Rlantz - Storm Ft. raperu

Hip hop estiloa bere hutsean ez jorratu arren, beste artista eta talde askoren diskoetan eragin nabaria da: Gatom, Suaia, Ane Guria, Bad Sound System, Glaukoma...

Gatom eta Arrano Pertxa / Urdaiboiz

Suaia / Ez zait inporta

Aneguria / Hemen eta orain

Bad Sound System

Odeik, berriz, 2021ean drill estiloko disko berria kaleratuko du. Azpian duzue ØDEI raperoaren bakarkako lanaren lehen aurkezpen bideoklipa. Lan berria 2021 urtean zehar kaleratuko du (oraindik data zehatzik gabe).

Hogei urte barru, 2040. urtean, berriro batuko gara Odei eta Maisha MC, euskarazko hip-hoparen hogei disko gehiago ekartzeko. Artistak? Batek daki! Beharbada oraindik jaio ez direnak ere egongo dira hurrengo zerrenda.
 
Joan den astean Jon Eiherabidek Mc Stal'Insiden azken lanak bidali zizkidan :
 
 
2019. urtean, Jakin aldizkarian Euskal raparen hausnarketa antropologiko historikoaren hazia artikulua argitaratu nuen. Azpian den link honetan artikulua PDF-ez deskargatzen ahalko duzue. 
 
 
Euskal raparen historia egunero idazten ari da...
 
ERIC DICHARRY