Eric Dicharry, Deus, Pamiela, 2023.

so 1467378181235 SO | 2023-05-05 17:16

ericdicharry@gmail.com 1683300399458

Printze aske eta hilezkorrak baikara, artez arte, Araconga biniloa belarrien artean, gabon eta urtats gaupasen bitartean, Olentzeroren begi gorri itsuen atzean, Perurenaren «Gaur ez da deustan pentsatzen, deustan sinesten ez delakotz» esaldia garunaren ertzean, betirako zintzilikaturik, Willis Drummond taldearen «Dena idaztekoa da» karrika ezezagun hotz gorriaren haize-boladan, betirako zintzilikaturik, Basho japoniarraren haiku ezabaezina, «Ez dago deusik / hildako hostoak metatzen dira / eta dena ihesi joan da», betirako zintzilikaturik, Gaztelumendiren «Gaur egun lana deitzen diote esklabo izateari» loop baten errepikakortasunean, betirako zintzilikaturik, Borgesen «Gaitzeztea eta laudatzea operazio sentimentalak dira» ahaztezinean, betirako zintzilikaturik, neguko ilargiaren azpian, Shikiren zuhaitzen itzal mugikortasunean, artez arte, esku zulatutik joaten zaigun bizi iheskorrara arte, printze aske eta hilezkorrak baikara, betirako zintzilikaturik, printze aske hilezkorrak baikara.

Eric Dicharry, Deus, Pamiela, 2023.

Ziburun bizi den Dicharry baionesaren poesia-liburu berria, "Duchampen inguma" eta "Eros" liburuekin trilogia esanguratsua osatzen duena. Hainbat non poetika kontzeptual orijinala osatzen baitu egileak. Poesia anti poesiaz, antropologia sozio-kulturalaz, filosofiaz, arte garaikideaz, perfomanze artistiko-poetikoaz, eskarmentu pertsonalaz… modu plastiko orijinalean garatua. Kaierrean idatzitakoak denbora zeharkatzen duten ele lagungarriak direlakoan, eta ezinegonaz eta odolez poesia bilakatuak. Poesia eta idazketa bera auzitan jartzen duena, gogoeta bizigarri eta ostertz berriak zeharkatuz, eta filosofoen oihartzunean: 'deus' itxarote etsitua ala zapuztua izan daitekeelakoan. Horri denari dagozkion irudi eta grafismo bereziz hornitua.

https://www.pamiela.com/index.php/colecciones/euskara/literatura/poesia-euskaraz/deus-detail

Eric Dicharryk ‘Deus’ poesia liburuarekin itxi du Pamielarekin abiatutako trilogia

‘Deus’ izena du Dicharryren poesia liburu berriak, eta kontzeptu horrekin ibili da jolasean. Norberaren barne munduetan barrena, galdera filosofikoak egin eta erantzun nahian.

«Deus eta deus ez» kontzeptuak oinarri hartuta, etengabeko jolasean ibili da Eric Dicharry idazlea ‘Deus’ poesia liburu osoan zehar. Astearte goiz honetan aurkeztu du Donostiako liburutegian Jose Angel Irigaray Pamielako editorearekin batera. Idatzi duen libururik «intimoena» dela aitortu du idazleak. Trilogia berean kokatzen dituen ‘Duchampen inguma’ eta ‘Eros’ liburuen ostean, hirugarrena litzateke argitaratu berri duena.
 

Irigarayren ustez, «oihan bat gauzatzen» du idazleak, eta uste baino gauza gehiago daudela letren artean azaldu du: «Badaude iraultzeko mezuak, gorroto eta maitasun kontuak, baita bere eskarmentuak ere, behin baino gehiagotan jo duelako kaosera eta hortik osasuntsuago edo behintzat zerbait gehiagorekin ateratzen da».

Liburuaren barne antolamendua zazpi kapitulutan dago osatuta, hala ere, Dicharryk adierazi du irakurketa edozein orrialde edo testutatik abiatu daitekeela, «testu bakoitza autonomoa baita». Eta adierazi du lehen kapitulua baino lehen «deus» hitzaren hainbat definizio jasotzen direla.

«Liburuaren abentura argazki batekin hasi zen, Hiroshi Sugimoto argazkilari japoniarrak badu argazki bat antzoki batena. Zuri den zine pantaila agertzen da, zuritasunak film baten irudi guztiak ditu bere baitan atxikitzen; argazki horretan deusaren deus eza ikusi nuen», azaldu du idazleak liburuaren jatorriaren inguruan. Bi kontzepturen artean jolas egiten du etengabe liburuak: Deus eta deus ez. Editoreak eman du xehetasuna: «Deus positiboa da, eta deus ez, ezereza baino haratago doana da».

Gorpuz adar mamuak eta traumak

Zer izaten ahal da deusezaren deusa? galdetu du idazleak, eta jarraian adibide batekin erantzun: «Gorputz adar mamuaren adibidea jarriko dut, kendua den organo bat da, betirako desagertu da organo hori, baina bere sentsazioa beti hor dago, beti bizirik, hori da deusezaren deusa».

Inoiz euskaraz idatzi duen libururik «intimoena» dela kontatu du, eta hitzak gure baitan ditugun «demonioak» direla azaldu, gure baitan isilarazitako demonioak dira hitzak Dicharryrentzat. «Transgresorea» da idatzi berri duen liburua idazlearen arabera: «Bizi izan ditudan traumak sublimatzeko balio izan dit, gorputza zeharkatzen dizkidaten sentsazioak jasotzen dira, intimitatetik unibertsalizazioraino; poesiatik, artera, artetik zientziara, zientziatik literaturara. Beste pentsalari eta idazleen aipu asko jasotzen ditut bertan». Baina aipu guztiek «deus» kontzeptuarekin dute lotura.

Poesia baino gehiago

Poesiaz poesia hamaika gai landu ditu idazleak, eta aurkezpenean zerrendatu ditu horietako batzuk: «Errealitatea eta fikzioaren tartea, drogazaletasuna, kokainaren merkatua, diktadura, iraultza, espetxea, neokolonialismoa, klandestinitatea, epaiketa morala, guardia zibila, biolentziaren monopolioa, euskara eta lengoaiaren muga, memoria kolektiboa, psikiatria, zoriontasuna, norberaren ezagutza, arte garaikidea». Eta jarraian azaldu du poesia sailean kokatu duten arren liburua, saiakera eta narrazio generotik asko duela.

Liburuaren azala mamiarekin josita dago idazlearen arabera, mediku erradiografia bat ageri da, «erradiografia batek azalaren azpian dauden gauzak ikusarazten dizkigu, gure zentzumenen mugetara murgiltzen da».

Liburua «deklinagarria» izango dela azaldu du Dicharryk, hirugarrena izan arren, ez dela helmuga bat, «urrats bat baizik». Eta liburutik abiatuta, liburuaren barnean dauden argazkiekin erakusketak, performanceak, soinu bandak edota beste hamaika formetako artelan berri sortu daitezkeela.

https://www.naiz.eus/fr/info/noticia/20230516/eric-dicharryk-deus-poesia-liburuarekin-itxi-du-pamielarekin-abiatutako-trilogia

'Deus' poema liburua plazaratu du Eric Ditxarrik.

186 pieza bildu ditu guztira antropologo eta poetak, eta euskaraz inoiz idatzi duen liburu «intimoena» dela azaldu du. Zazpi ataletan banatu du liburua, eta Pamielak kaleratu du.
Eric Ditxarri, <em>Deus</em> bere poema liburu berria esku artean duela, atzo, Donostian.
Eric Ditxarri, Deus bere poema liburu berria esku artean duela, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
2023ko maiatzak 17 - Donostia
Miren Mujika telleria

«Kendutako organo bat da gorputz-adar mamua. Behin kenduta, betirako desagertzen da organo hori, baina bere sentsazioa beti dago hor, beti dago bizirik». Hala definitu du Eric Ditxarri antropologo eta poetak (Baiona, 1969) «deusezaren deusa» kontzeptua. Hain zuzen ere, ideia horretatik tiraka ondu du Deus poema liburua, eta Pamiela argitaletxeak eman du argitara.

«Deus da Eric Ditxarrik Pamielarekin argitaratu duen trilogia baten azkena», abiatu da Jose Anjel Irigarai editorea. Duchampen inguma (2018) eta Eros (2020) lanek osatzen dute hirukotea, eta editoreak honela definitu du azkena: «Batzuetan, erraten da poesiak ostertz berriak eta argiaren bestaldean dagoena azaltzeko balio duela; horretarako baliatu du lan honetan Eric Ditxarrik». Horretaz gainera, haren poesia moldea nabarmendu du Irigaraik. «Ez da bakarrik bere poemetan zer esaten duen: nola esaten duen ulertzea ere oso garrantzitsua da».

Baliabide poetikoei dagokienez, errepikapena erabili du gehien-gehienean egileak. «Berezi baino bereziagoa den poetika bat da Ditxarrirena. Errepikapenaren bitartez mantra moduko batera iristen da, eta, bizitzari beste tankera bat emateko, behar da mantra horretan murgildu eta igeri egin», azaldu du Irigaraik. Haren hitzetan, horrek eman dio bidea bere poemetan «eraldatzeko, iraultzeko eta inarrosteko» moduko mezuak erabiltzeko. Hala dio, kasu baterako, Deus 178 poemak: «Zuk ere badakizu bihar gure azken eguna izaiten ahalko dela./ Beti bizirik?/ Zuk ere munduari bizi berria emanen diozu./ Beti bizirik?/ Zuk ere badakizu atearen bestaldean diren mamuen oihuak benetakoak direla./ Beti bizirik?».

Egileak azaldu du euskaraz inoiz idatzi duen poema libururik «intimoena» dela Deus. Eskarmentua izan du, oro har, poemok idazteko gidari: «Bizi izan ditudan traumak sublimatzeko balio izan dit liburuak, gorputza zeharkatzen didaten sentsazioak jaso baititut hartan». Nork bere barnean dituen «deabruez» ari da zenbait poematan, eta azaldu du poesia, artea eta literatura dituela deabru horiekin bizitzen ikasteko lagungarri.

Askotariko gaiak eraman ditu poemen artera. Hala nola: «Errealitatearen eta fikzioaren arteko aldea, drogazaletasuna, kokainaren merkatua, diktadura, iraultza, espetxea, neokolonialismoa, klandestinitatea, epaiketa morala, Guardia Zibila, biolentziaren monopolioa, lengoaiaren mugak, memoria kolektiboa, psikiatria, zoriontasuna, norberaren ezagutza eta arte garaikidea».

Argitaletxeak poesia sailaren barruan sailkatu du lana, baina egileak jakinarazi du asko duela saiakeratik eta narraziotik ere.

186 testu jaso ditu denera liburuan, eta zazpi ataletan banatu: Deusak, Deus arte, Zuei, Deusen herentzia, Azken hitzak, Post scriptum eta Notak. «Testu bakoitza autonomoa da. Beraz, edozein orri edo kapitulutatik hasi ahal da irakurketa», argitu du egileak. Lehenengo eta hirugarren pertsonan idatzi ditu denak: «Bi polo horietan nabigatzen dute liburu honetako poesiek».

Azalak mamia

Hanka baten erradiografia zahar bat ageri da azalean; erradiografiek izan ohi duten sepia kolorez. Egileak metafora gisa erabili du azaleko ilustrazio hori; hain zuzen ere, mamiaren aurrerapen gisa: «Erradiografia batek azalaren azpian dauden gauzak ikusarazten dizkigu. Erakutsi nahi nuen gauza guztien gibelean dagoela irakurlea mugituko duen zerbait».

Liburua «deklinagarria» izango dela azaldu du Ditxarrik. Alegia, trilogia baten azken lana izan arren, ez dela helmuga bat, «urrats bat baizik». Beraz, liburutik abiatuta, hartan dauden argazkiekin erakusketak, performanceak, soinu bandak edota beste hamaika formatako artelanak sor daitezkeela azaldu du.

https://www.berria.eus/paperekoa/1871/029/001/2023-05-17/deus-poema-liburua-plazaratu-du-eric-ditxarrik.htm