AITOR ETXEBARRIA

so 1467378181235 SO | 2020-11-19 08:23

AITOR ETXEBARRIA (Gernika, 1985)

Aitor Etxebarriak 'Markak' lana aurkeztuko du gaur Bilboko Kafe Antzokian, sei musikariz lagunduta. 1937ko bonbardaketa ardatz hartuta, Gernika arnasberritu bat islatu nahi du bertoko musikariak.

Kosta egiten da minari, zauriari, traumari aurrez aurre begiratzea. Hura izendatzea. Eragin duenak isiltasuna ezartzen duelako, lehenik, aldez edo moldez. Pairatzen duenak, berriz, denbora behar izaten duelako. Aitor Etxebarria musikariaren kasuan ere ez da desberdina izan. Gernikan jaiotakoa izanik, 1985ean, betidanik «gertutik» bizi izan du duela 80 urteko bonbardaketaren gertaera, baina ez du haren inguruan gogoeta sakonik egin izan orain artean: «Nire amonak eta birramonak bizi izan zuten bonbardaketa, eta gauza gutxi batzuk kontatzen zituzten, ezkutatuta egon zirela eta... baina gutxi hitz egin izan dugu. Pisu historiko hori sentitu izan dut, baina agian pisu horregatik beragatik, alboratua izan dut haren inguruko hausnarketa urte luzez». Alabaina, markak ez dira bat-batean desagertzen...

Eta bonbardaketaren inguruko soinu banda bat egiteko aukera etorri zitzaion. Bernardo Atxagak bonbardaketa hark jendearengan utzitako arrastoekin osatu zuen Markak. Gernika 1937 liburua, 2007an. Marka haiengan soa jarrita Markak izen bereko dokumentala ondu du aurten Hannot Mintegiak. Eta hark emandako markei segika, filmarentzako soinu banda osatu du Aitor Etxebarriak, markatik markarako katea osatuz. Etxebarria eta Mintegia. Adiskideak eta musikariak dira biak, eta gernikarrak: «Elkarlana oso polita izan da. Hasiera-hasieratik bidaltzen zizkidan fotogramak Hannotek; bidaltzen zizkidan koloreak, tonuak...Kanpoan egonda ere, elkar komunikatzen pasatu dugu urte osoa. Benetan uste dut oso sortze prozesu ederra izan dela», gogoratzen du ilusio biziz Etxebarriak. Bere zigiluan, Forbidden Coloursen, kaleratu du Etxebarriak Markak.

Sorkuntza prozesu hori ez da amaierara iritsi oraindik. Gaur, beste bide bat hasiko du, diskoa zuzenean aurkeztuko baitute aurrenekoz, Bilboko Kafe Antzokian, 22:00etan. Zazpi musikari bilduko dira oholtzaren gainean, Aitor Etxebarria Ensemble izenarekin: Jatsu Argarate (baxua), Leire Pikabea (biolina), Itziar Lertxundi (biolontxeloa), Hasier Oleaga (perkusioa), Hibai Etxebarria (pianoa), Hannot Mintegia (gitarra eta ahotsa) eta Etxebarria bera (teklatu eta programazioak). Ordubete pasatxoko emanaldia izango da. «Diskoko sei-zazpi kantu eta beste pare bat berri joko ditugu. Perkusioak diskoan baino garrantzi handiagoa izango du, eta piezak dezente antzaldatuko dira, luzeagoak izango dira». Diskoko kantu guztiak berak sortuak dira, bi piezaren salbuespenarekin. Mikel Laboak musikatutako Joseba Sarrionandiaren Oroitzen zaitudanean ama-ren eta Laboa beraren Liluraren kontra-ren bertsioak egin baitituzte. Bihar, Bartzelonako Sonar musika elektronikoko jaialdian ariko dira molde berean —bigarrenez ariko da han Etxebarria—. Ondoren, uztailaren erdialdera, New Yorkera egingo dute bidaia, eta, udazkenetik aurrera, «bira luzeago» bat iragarriko dute.

Diskoarekin, kontzertuarekin eta birarekin zein marka utzi nahiko lukeen galdetuta, hona musikariaren erantzuna. «Nahi nuke jendearengan argi esperantzarako marka bat utzi. Badakit zenbaitek tonu ilunagoko lana espero zuela, eta normala da, kontuan izanik zein gertaera tragikotan oinarriturik dagoen. Baina nahi nuke jendeak bestelako Gernika bat irudikatzea 2037an».

Lobak, Astra... argia

Izan ere, egungo Gernikak energia eta argia transmititzen dio hein batean. «Interesgarria izan zen duela bost urte inguruko Lobak proiektua. Haren bitartez gogoratzen genuen bonbardaketa sufritu zutenen ilobak garela. Niri balio izan zidan gertatuaz hausnarketa egiteko. Gernikako gazte askok proiektu artistiko diferenteak egin genituen herrian, sirena originalak topatu zituzten Astran… Sinbologia asko eta oso diferentea jaso genuen, eta orain gertatutakoaz kontzienteagoak garela uste dut. Apur bat ahaztuta eduki dugu memoria. Eta etxean gehiago hitz egiteko balio izan dute horrelako egitasmoek. Eta bestetik, Gernikan daukagun Astra egitasmoa ere oso betegarria egiten zait. Hannotek soinu banda egiteko proposamena egin zidanean, bagenekien Gernikako energia eta indar berriak oso garrantzitsuak izango zirela, eta protagonismo handia izango zutela. Horrek guztiak asko erakarri nau, eta baita lagundu ere».

Argia transmititu nahi du bere musikarekin Etxebarriak, eta argia jaso izan du berak ere musikari bezala nola nazioartean hala Euskal Herrian. El_Txef_A izenarekin sona handiko musika jartzaile bihurtu da, eta musika elektronikoaren gune nagusietan aritu izan da, bai Berlinen, Londresen, New Yorken, Tokion... Markak lanerako, aldiz, izen artistikoa alboratu eta bere izen-deiturak erabiltzea erabaki zuen: «Inpultsiboa naiz oro har, eta nire lehen soinu banda honetarako izena aldatu nuen gehiegi pentsatu gabe. Gero, konturatu naiz oso ondo etorri zaidala nire barnean energia eta leiho berriak irekitzeko».

Energia eta argi berri horiek bultzatuta, dagoeneko ari da bigarren soinu banda batean lanean, baina bere dj jardunari ere ez dio uko egin nahi. «Bira luze bat hasiko dut udan, neronek bakarrik: Latino Amerika, AEBak, Europa, Asia... baina gero, agian, pixka batean geratu egingo naiz, berriro konposatzen hasteko».

Musika elektronikoa egin eta jarriz, soinu bandak sortuz, rock eta pop kontzertuak entzun eta biziz...

Bere markak han-hemenka uzten ari da Aitor Etxebarria.

Periferiatik jotzen du haizeak

Sonar jaialdian, jatorri eta molde ezohikodun artistenak izan dira ekarpen interesgarri asko. Aitor Etxebarriaren 'Markak' proiektuak harrera beroa izan du. Agertoki bakoitzaren sarreran, tokian tokiko emanaldien ordutegiak zerrendatzen dituen taulan, artistaren izenaren alboan herritartasuna nabarmentzeko ohitura du Sonarrek. Bi hizkirekin egiten du, parentesi artean, ingelesez. Duela hamar urte eskas, musika eta sormen garaikideari tenperatura hartzen dion Bartzelonako jaialdia bost herrialdek zuten monopolizatuta: US (Estatu Batuak), UK (Erresuma Batua), DE (Alemania) eta ES (Katalunia eta Espainia). Joan den asteburuan ospatu zen aldian, LB (Libano), KR (Korea), TN (Tunisia) eta VE (Venezuela) akronimoak topa zitzakeen bisitariak, beste askoren artean. Herrialde hegemonikoetako artista asko ere atzerrian jaioak edo lehen belaunaldiko etorkinak ziren. Sonar ez da folkloreari tokia egiten hasi. Emari erakargarri eta berritzaileena periferiatik datozen artistena izan da.
 

Antolakuntzak Euskal Herria termino horietan kontuan izango balu, EH ere (edo BC, ingelesez) agertuko litzateke aurten paneletan, birritan. 2012an, Aitor Etxebarriak El_Txef_A goitizenarekin argitaratutako Slow dancing in a burning room diskoa zuzenean nahastu zuen ostegun eguerdi batean, jaialdi hasierarako han zeudenentzat. Ravaleko MACBA alboan aurkeztu ohi zuen orduan Sonarrek eguneko programa. Biltzen ziren jendetzei tokia egiteko, Plaça d'Espanyara mugitu zen urtebete beranduago. Jaialdia bezala, gernikarra ere hazi dela sinbolizatzen du ostiraleko bere bigarren bisita Sonar Complex delakoan programatu izanak. Eserlekuak dituen agertoki bakarra da, zentzumenen arreta handiena eskatzen duten ikuskizunei gordetzen zaiena. Badu mugarritik zerbait hara ailegatzeak. Orain arte, Delorean zen, gauez, festa giroan eta atari zabalean, Sonarrean agerraldi aipagarriena egindako euskal ordezkaria. Munduko jaialdi entzutetsuenetako bateko espazio helduenetan Markak-en moduko bazterreko egitasmoentzat tokia badela egiaztatzea ez da berri makala.

El_Txef_Aren house doinuetatik, elektronika eta instrumentazio klasikoagoa uztartzen dituen emanaldi batera jauzi egin du Etxebarriak. Markak dokumentalaren soinu banda pieza berri pare batekin osatu zuten oholtzara igo ziren zazpi musikari zailduek. Trinkotasun deigarriaz, Bilboko estreinaldia bezperan izan zutela jakinda. Emaitza ederra da, eta hala aitortu zieten bertaratutakoek txaloaldi luzearekin.

Zapatu bazkalostean, Telmo Trenor donostiarra izan zen (Ttun Ttun Brigaderen kamiseta eta guzti) eguzki-galdari aurre egitera ausartu zirenak dantzan ipini zituena. Hip hopa, funka eta beste hainbat doinu zuzeneko ekarpenekin lagundu zituen.

Rocka baino parekideago

Datorren astebururako kontratatutako talde guztien artean emakume bakarra arituko dela justifikatzen saiatzeko, musika molde jakin batzuetan aniztasuna sustatzearen zailtasuna aipatu zuten aitzakia moduan Azkena Rock jaialdiko antolatzaileek. Sonarrak nahita ere ezingo luke hain sexista izan. Doinu eta molde abangoardistak lantzen ari diren artisten artean parekidetasuna ez dago urrun. Aurtengo kartelean, ia hamarretik lau ziren emakumeak Bartzelonan. Gehienak ekarpenik berritzaileenak eskaini dituztenen artean egon dira.

Sonarraren publikoaren zati batek, kontserbadoreenak, badu Azkena Rockekoarenaren tankerarik. Dagoeneko berritzailetik ezer gutxi duten technoa eta housea exijitzen ditu. Sarreren salmenta ziurtatzeko, 4x4 erritmo klasikoei tarte zabala gorde ohi zaie oraindik Bartzelonan. Hala ez balitz, dagoeneko jaialdi guztiz parekidea litzateke ziur asko Sonar. Eta are koloretsuagoa.

DAWN eta Princess Nokiak ostegunean programa zabaldu, eta zetozen egunetan mantentzea kostatu zen zirrara maila ezarri zuten. Estatu Batuetan jaioak izanagatik eta R&Betik abiatuta ere, soinu kaleidoskopioa dute biek, elektronika, Afrikako doinuak eta beste hainbat nahastuta. Bien emanaldiak entzunda, «trap-aren Sonarren» geundela entzun zen Village agertokian. Etiketa horrekin —Iberiar penintsulatik kanpo gutxiago erabili ohi da, bidenabar— sailkatu ohi direnen jarduna konplexuagoa da ordea. Hip hopa turmixean sartzeak bateratzen ditu. Baina hainbat jatorritako artisten norabide eta eraginak hain dira ezberdinak, ezen haien emaitzek ere zerikusi gutxi izan ohi baitute. Elektronikari gertatu moduan, hip hopa unibertso zabal bilakatu da, eta, hedatuz doan heinean, onarpena eskuratuz doa etenik gabe. Sonarreko bere arrakastarekin, Anderson .Paak, Giggs, Gaika edo Tommy Cashek generoaren aberastasun eta osasuna berretsi zuten. Ez da etzi desagertuko den moda.

Makinekin sortutako doinu abangoardisten kasuan ere, periferiako artistak Europa zuriak zuen monopolioa apurtzen ari dira. Elysia Crampton ekintzaile transgeneroak eta bi emakumek, MIIIN korearrak eta Pan Daijing txinatarrak, eskaini zituzten zuzeneko indartsuenetakoak.

Gauean, beroa eta itomena

Disko jartze hutsera mugatzen direnen artean, genero musikalen kortseak apurtu eta diskurtso libreago batekin aritu direnen saioek arreta bereziz jarraitu dira. Techno kanonikoa, Madonna eta reggaetoia. Sakrilegioa badirudi ere, guztiak nahastu ahal ditzakete minutu gutxiren buruan Toxek eta Kablamek (emakumeak eta suediarrak biak). Gaueko agertoki eta ordutegi nagusiak mila aldiz entzundako —Sonarren bertan ere bai— pope-entzat gorde dira halere. Ulertezina da etengabe eraldatzeagatik harrotzen den jaialdian, dagoeneko 195 euro kostatzen duten abonuen salmenta ziurtatzeagatik ez bada. Ez dirudi prezioaren azken urteetako igoera etengabeak eragin aipagarriegirik izan duenik. Beste behin, errekorra apurtu du Sonarrek 123.000 bisitarirekin —profesionalentzat antolatzen diren mintegiak kontutan izan gabe—. Gaueko ordutegian, jendetzak begiz jotako emanaldiak modu atseginean jarraitzea ia ezinezkoa bihurtu da. Bartzelonan egunotan egin duen beroak, bultzadek eta espazio faltak koktel desatsegina osatu dute. Eguneko Sonarra oasi bat da haren alboan.

Kartelburuengatik gehiegi ez kezkatzea da Sonarren bereizgarrietako bat. Ikusmin handienetakoa piztu zezaketen bi, Nicolas Jaar txiletarra eta azkenaldian kritikaren artista kutun bilakatutako Arca venezuelarra, bigarrenez aritu dira jaialdian, eta berritasun efektua indargetu da. Jaarrek emanaldi dotorea eskaini zuen, izarpean parranda gosez zeuden entzuleei pazientziarekin jokatzeko baxuak ezkutatuz. Arcak ez zuen duela bi urteko freskotasuna berreskuratu, publikoa hasterako alde izanda ere. Aho zapore gozoagoa utzi zuten Yves Tumor eta Thundercatek. Xaman psikodelikoa da bat, baxua harrigarri darabil besteak. Sonarrek beti oparitu ohi ditu aurkikuntza bikainak, eta haien artean izan dira.

MARKAK DOKUMENTALA
 
'Markak' dokumentala, Gernikako bonbardaketak utzi zituen aztarnak. Gernikako herriak jasan zuen bonbardaketaren urteurrena gogora ekarriz eta horrek, herrian eta herritarrengan utzi zituen aztarnak abiapuntu harturik, “Markak” (Gernika 2016) dokumentala.
 
https://youtu.be/J8im52_QOaE
 
Musika gehiegi ez entzuten saiatzen ari naiz azkenaldian»
El_Txef_A izen artistikoarekin nazioartean ibilbide oparoa egin ondoren, Aitor Etxebarriak bere izenarekin sinatu du oraingoan 'Nihilism Part 1' lan berria. Azken bost urteotan sortutako piezak bildu ditu bertan.
 
Mute eta Primavera Sound zigilu ospetsuak daude Aitor Etxebarriaren (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1985) Nihilism Part 1. Compositions and Recordings From 2014 to 2019 diskoaren atzean. Gainera, azkenaldian, besteak beste, Evelyn Glennie perkusionista eskoziarrarekin ari da kolaboratzen orain dela gutxira arte El_Txef_A izen artistikoarekin aritu den musikaria. Bi datu horiek Etxebarria pixkanaka jasotzen ari den nazioarteko oihartzunaren isla dira. Azken urteetan izan duen hazkuntza eta bilakaera artistikoa ere ez dira nolanahikoak. Elektronikaren, musika garaikidearen eta (post)pop-rockaren arteko eremu zehatzezin eta berezi batean bizi da bere musika, eta, disko berri honetan, agian, inoiz baino modu agerikoagoan azaltzen da bere musikaren edertasuna.

«2014ko otsaileko egun euritsu batean, estudioan Can't See Nobody abestiaren lehenengo zirriborroa konposatu eta grabatu nuenean, oilo ipurdi infinitu batek zeharkatu zidan gorputz osoa», aitortu du, proiektuaren abiapuntua gogoratzean: «Han nengoen ni, pianoaren aurrean bakar-bakarrik, abesten, jotzen eta dena grabatzen. Beldur asko kendu nituen gainetik une horretan». Orduan erabaki zuen bere izenarekin sinatzea proiektu berria, baita prozesuari denbora emango ziola ere, «harro eta pozik sentitzeko moduko lan bat» grabatu ahal izateko. «El_Txef_A bezala, gauzak oso azkar joan dira beti, eta disko hau, ordea, bost urtez landu dut, mantso-mantso, nire buruko txabolaren babesean, nire inguruan eta nire ibilbide artistikoan beste milaka gauza gertatzen ziren bitartean».

Nihilism Part 1 diskoak norabide berri bat irekitzen du Etxebarriaren ibilbidean. Izan ere, inoiz grabatu duen lanik pertsonalena bada ere, Elena Setien eta Eñaut Zubizarretaren ekarpenez gain, banda bat osatzen duen kolaboratzaile sorta fina izan du inguruan: Jatsu Argarate, Hibai Etxebarria, Hasier Oleaga, Iban Urizar Amorante, eta baita Hannot Mintegia ere. Alde batetik, disko berria bada Mintegiarekin Markak diskoan hasitako elkarlanaren jarraipen eta sakontze bat, eta bi musikarien arteko elkar ulertzea eta kimika berezia guztiz sendotuta ageri da bertan: «Hannotek konfiantza osoa jarri zuen nigan Markak-en [Gernikako bonbardaketari buruzko dokumentala] soinu banda sortzeko garaian, eta bai disko horren grabaketa, bai zuzenean aurkezteko egin genuen bira, funtsezkoak izan dira gaur nagoen lekura heldu ahal izateko».

Etxebarriak eta Mintegiak proiektu ugari egin dituzte elkarrekin azkeneko urteetan, eta Audience taldeko kide izan zenaren eragina aitortu du: «Oso nabaria da, bere gitarraren sonoritateak eta jotzeko modu berezi horrek doinu guztiak markatzen baititu. Tira, egia esan, jotzen duen guztia gustatzen zait, beti [barrez]... Horrez gain, oso antzeko sentsibilitate artistiko eta estetikoa dugu. Sarritan, bion arteko jardunean ari garenean, jendea txundituta uzten dugu, ez baitigute esandako ezer ulertzen. Bion artean sortu dugun mikromundu batean bizi gara une horietan».

Ahotsaren presentzia

Ahotsaren presentziak eta erabilerak beste maila batera altxatzen dute Nihilism Part 1. Ahotsa da pertsonak bere barnean duen instrumentu musikala; agian, zintzoena. «Aurreko disko batzuetan, neronek konposatzen nituen ahotserako doinuak, baita hitzak ere, baina marruskadura mental handi samarra neukan horren inguruan, eta ez nion neure buruari harago joaten uzten», adierazi du. 2017. eta 2018. urteetan taldearekin egindako kontzertuak oso inportanteak izan ziren alde horretatik. «Neure burua [Bilboko] Kafe Antzokian edo New Yorken abesten ikustea aurrerapauso itzela izan zen, eta ezinbestekoa ere bai Nihilism Part 1 aurrera atera ahal izateko. Ahotsa geu gara, eta Etxean bezalako abesti bat a capella sortzea izugarrizko esperientzia izan da niretzat».

Nahitaez, ahotsaren presentzia hori pop abesti kontzeptuari eta kantariaren figurari lotzen zaio, eta, neurri batean, izaera hori bera du diskoak. Baina beste ikuspegi batetik, pop kontzeptu horren ezeztatze bat ere erakutsi dezake. Diskoan hitzak egon badauden arren, modu ia ulertezinean kantatzen baititu, sarritan, Etxebarriak. Abestiek apenas dute lelo moduko pasarte errepikakor edo itsaskorrik. Bi ikuspegi horien arteko joko bat emango balitz bezala. «Azken urteetan, musika gehiegi ez entzuten saiatzen ari naiz. Zaila egiten zait, etxean zein kontzertuetan beti musika pilo bat entzun baitut. Biziki maite izan dut, gainera, hori egitea. Musika klasikoko eta garaikideko emanaldiak izan dira azkenaldi honetan ikusi ditudan gehienak, eta horrek ere eragina izan du nigan. Nolabait, estandarrak ahazten edo ezabatzen ari naiz neure burutik —inoiz izan baldin baditut—, eta agian horregatik baztertu ditut ohiko egitura, moldaketa eta abesti iraupenak».

Aurreko beste lan batzuetan egin duen moduan, plano musikal batzuek eta besteek elkar ukitzen duten eremu hastapenekoan lan egin du Etxebarriak. Nihilism Part 1-en, pop abeslariaren edo crooner-aren kontzeptuak mugaraino bultzatzen ditu; bere musika, indar eta intentsitate handikoa bada ere, gune gaseoso batean eta oreka dardartian bizi dela dirudi, edozein unetan apurtzeko arriskuan. «Disko hauskorra da zentzu askotan, agian soinuaren eta hutsuneen arteko tentsioaren ondorioz. Baina jatorri eta testuinguru oso ezberdineko jendeak esan dit oso nortasun nabarmena duela eta nire burua musikaren barnean indar handiz sumatzen dutela. Ikaragarri pozten nau horrek».

Nihilismoaren aldarria

Hor dago diskoaren izenburua ere: Nihilism Part. 1. Nihilismoak aurka egin eta deuseztatzearen ideia suntsitzaileak iradokitzen ditu, baina modu sortzailean ere erabil daiteke, konbentzionalismoen aurka egiteko indar gisa hartuta. «Nihilismo hitza azken urteotan irakurri ditudan hainbat liburu eta artikulutan azaldu zait, hitz larritan, eta haren esanahia eta jatorria ikertzera bultzatu nau horrek. Ez naiz nihilista sentitzen berez. Agian ez naiz bereziki ezer sentitzen. Azken bost urteotako jarduera artistikoaren barnean, nihilismoa hutsuneekin lotzen dut. Batetik, zentzu metaforikoan, hutsuneek helbururik eza marrazten dutela esango nuke; eta, bestetik, helbururik ez izateak, munduaren merkantilizaziotik at egoteak, sormen prozesuaren gozatze hutsera eraman nau».

Bestalde, diskoak sortzeko garaian, musikariak batez ere «ikasketa pertsonalari» ematen dio garrantzia. «Nihilism Part 1 idazteak barne bakarrizketarako beta eman dit; batzuetan samurra, beste batzuetan mukerragoa, baina beti lagungarria nire burua hobeto ezagutu ahal izateko. Horrez gain, beste musikari batzuekin lan egin eta komunikatzean, beraien zati txiki bat nire baitan hartu dudala nabaritu dut».

Lan egiterakoan bezala, harreman pertsonaletan ere senari jarraitzen dio Etxebarriak: «Sen handiko pertsona naizela esaten didate. Gauzei ez dizkiet buelta gehiegi ematen erabakiak hartzeko garaian. Aurrean dudan pertsonarekin elkarrizketa labur bat nahikoa zait asmo ona duen edo ez jakin ahal izateko, eta hori oso baliotsua zait, bai harreman artistikoetarako, bai pertsonaletarako».

Produktu amaitu bat baino gehiago, askotarikoagoa eta zabalagoa den mosaiko baten zati modura ikusi eta balioetsi daiteke diskoa. Etxebarriaren senak gidatzen duen ibilbide ezezagun horren kapitulu liluragarrienetako bat, zalantzarik gabe.


Aitor Etxebarria / Zu zara bihotz / 2020 /

Aitor Etxebarria aka El Txefa / Boiler Room / Tulum / DJ set