100 urteko soka-dantza (Argia aldizkariak 100 urte) //

so 1467378181235 SO | 2021-03-04 13:45

Hiru Damatxo taldeak egin du ikus-entzunezkoa, 100 urteko soka-dantza. Komunikazio proiektuaren ibilbidea azaltzea du asmo, “fraideen gonapetik hasi eta gaur egungo kazetaritza independenteraino”, esan digu Kepa Matxain grabaketa eta edizio lanetan ibili den damatxoak. Argiaren historia azaltzeko mundu mailatik Euskal Herriraino ekarriko gaituzten gertakarietan jartzen du lentea dokumentalak, herri honetan ernetzen ari zen euskarazko komunikabidearen ibilbidea egoera globalean kokatzeko. Eta nola ez, historia honetako protagonisten testigantzak dira soka-dantzaren kontakizunen oinarri nagusi. Horrek muga bat du, ordea, denborak ez baitu barkatzen. 1976ko Zeruko Argia hartatik gaurko Argia honetara arteko testiguek hitz egiten dute dokumentalean, Elixabete Garmendiarengandik hasi eta Gorka Bereziartuarenganaino. 1919tik 1976rainoko tartea hemerotekatik osatu dute, Zeruko Argia-z idatzita dagoenetik, entzundakoetatik. Belaunaldiz belaunaldi egin dute errepasoa. “Kuriosoa da nola bakoitzak bere garaian eta bere modura, baina oinarrian soka berari heltzen dioten”, dio Matxainek. Zaharrenek bezala gazteenek hitz egiten dute enpresa ulertzeko eta egiteko modu batez, kazetaritza entenditzeko era batez, herri ekimenetik sortu eta langileena den enpresa batez, autonomiaz, independentziaz… “Antzeko kodeak darabiltzate, ñabardurak ñabardura, belaunaldi guztiek”, jarraitu du. Sarri ikusi dizkio Argiak Damaso Intzari bizarrak, baina tente dirau, eta hurrengo belaunaldiak ere ez du soka askatzeko asmorik.

(29:18)

https://www.argia.eus/multimedia/dokumentalak/100-urteko-soka-dantza