Hamaikagarrena

putzua 1456152321571 Putzu baten hondotik | 2006-05-05 15:32

Kaixo, irakurle.

Ez nuen aurkezpenik egiteko asmorik, baina plataforma hau publikoa denez, egin beharrean sentitu dut neure burua. 

Honako hau blog bat egiteko nire ez dakit zenbatgarren saiakera duzu, baina azkenengoa izan dadila espero dut.

Orain arteko saiakeren porrotaren zergatiaren inguruan pentsatzen hastean, beti ondorio berdinera iristen naiz: ez daukat interesgarria suertatu daitekeen deus kontatzeko.   Baina, egiaz, ba al du inork halakorik mundu honetan?

Egia esan nire baitan aspaldi erori zen mito hura, pertsonen indibidualtasunarena, eta orain behintzat -bihar, ez dakit-, pertsonok, orokorrean, dirudiguna baino askosaz originaltasun gutxiago dugula pentsatzen dut.  Gure baitako zati txiki-txiki bat besterik ez da originala.  Beste guztia kopia -konszientea ala ez- besterik ez da.  Horrek ez du esan nahi pertsonaren indibidualtasunak ez duela garrantzirik, baina ... hainbeste leku betetzeko? telebistan, kalean, blog-etan, lantokian, ni-ak besterik ez dira ikusten, ni-aren adierazpen ia pornografiko etengabeaz inguraturik bizi gara.  Hori da gaur egungo geure mundua.

Eta noiz eta orain, munduan inoiz izan den baino pertsona kopururik handiena bizi den momentuan, oraintxe bertan sortu da blog-en moda hau, bakoitzak bere bizitza kontatu dezan.

Zertarako egiten ditu jendeak blogak? Neuk egia esan pertsonalki oso blogari gutxi ezagutzen ditut.  Bakarra, baina oso gai zehatz bati buruzko blog informatiboa besterik ez da berea.  Hortaz, ez dut kontuan hartzen.

Kontua da jada ez daukadala ezer berezirik sortzeko griƱarik, eta, beraz, neure burua modu zintzo batean azaltzea erabaki dudala: putzu baten hondoan bizi den pertsona bat, blog bat sortu berri duena, orain arte noizean behin word-ean idazten zituen hausnarketak hemendik aurrera plataforma honetan idazteko.

Besterik ez da.  Dena den, nahiz eta bakarrizketa moduan ikusten dudan jardun hau, iruzkinik edo baldin baduzu, irakurle, gustura irakurriko ditut, zer ere den idazten duzuna.

 

 


Utzi iruzkina: