Lur zabaletan

pepetokomozoloak 1456152170192 Pepetoko mozoloak | 2007-09-04 23:33

Aingeru Epaltza, Pamiela, 2.argitalpena ( 1995 )

 Liburu honek parte bi dauzka. Lehen partean ( Bidaiariak ) Pello protagonista Ipar Amerikako oihan baten aurkitzen da bakarrik eta gose-egarriz, Kaliforniara bidean. Lortuko al du bere helburua? Pertsonaia honek une hartan bizi duen egoera larria eta Euskal Herritik hara bitartean gertatutakoak kontatzen ditu narratzile orojakileak hirugarren pertsonan, maisuki txandakatuz, eta bien arteko antzekotasunak agertuz; atal honetako kapitulu guztietan egitura berdintsua darabil idazleak: hasieran une konkretu batean pertsonaia ze egoeratan aurkitzen den kontatzen du, eta gero Euskal Herritik harako tartean gertatutako pasarte bat, baina lehenengo zatia orainaldian kontatzen duen bitartean bigarrena lehenaldian egiten du. Bestalde oihanean bakarrik aurkitzen den bitartean Euskal Herritik harako bidaian Pello lagun birekin agertuko da, eta tarteka tarteka lapur batekin  egingo du topo.Zeren bila ete dabil hau? Esklabo biren istorioa ere tartekatzen da atal honetan. Zer gertatuko zaie hauei?

Bigarren partean ( Erromesa ), protagonista oihanean aurkitzen den momentutik aurrerako abenturak kontatzen ditu narratzaileak, kasu honetan guztia orainaldian. Berriz ere Pellok bi lagunekin batera biziko ditu abentura berriak eta antiheroia ere behin eta berriz azalduko zaie, itzal gaizto bat bezala. Nola amaituko da hauen arteko etsaigoa?

Indioekin nahastuta ere agertuko zaigu protagonista, eta horrek eragin handia izango du berarengan. Nolako erlazioa izango du haiekin eta ze amaiera izango du erlazio horrek?

Pertsonaia nagusiak bakardadea ere sarritan bizi du, nahiz-eta lagunartea amestu eta bilatu. Bakarrik eta berak maite dituenengandik urrundu beharrean aurkitzen den unerik mingarrienean erabaki hau hartzen du.  “Zuzen-zuzen joko du bisonte ehiztarien kontra. Hiltzen badute, gaitzerdi izanen da, ez adiskidetasunik ez maitasunik gabe bizitzea baino hobe izanen baita”. Ze ondorio ekarriko dio horrek? 

Irakurketan aurrera egin ahala galdera asko sortuko zaizkio irakurle arretatsuari. Emozioz betetako eta ustegabeko ugari izango dira abenturaz josita dagoen nobela honetan, eta une hunkigarriak bizitzeko aukera ematen du berau irakurtzeak.

Hizkuntzari dagokionez, esaldi errezez osatua dago liburua, elkarrizketak ere ugari ditu, eta deskribapenak laburrak dira, irakurlearen irudikapena alde batetik bestera mugiarazteko beharrezkoak direnak bakarrik.

Egia da idazlea nafarra dela eta Euskal Herritik Ameriketara abiatutako pertsonaiak ( Pello, bere bi lagunak, eta euren  erasotzailea ) Nafarroa eta Lapurdi elkartzen dituen mendi aldekoak direla, eta inguru horretako esamoldeak ugari erabiltzen ditu idazleak liburuan zehar; baina istorioaren harira errez ulertzen dira, eta horrek egiazkotasun gehiago ematen dio. Gainera mendebaldeko euskadunoi ezberdin egiten zaizkigun esamolde horiek ulertzeak poztasuna sentiarazten digu.  

Liburuaren itxura ere erakargarria da: alde batetik kapituluen tituluak hitz bakarrekoak, gehienez hirukoak, dira, eta oso esanguratsuak, gertaeren norabidea argi adierazten dutenak; kapituluak ere laburrak, hasi eta amaitu arin egiten direnak. Bestalde testuarekin lotura estua duten Asisko Urmenetaren irudi dotorez hornituta dago idazti guztia.

Literatur baliabideei dagokienez, baditu han hemenka perla politak ere, baina beti ere gertaeren erritmo bizia moteltzera iritsi gabe. Adibide bezala hauek jaso ditut:

“Amen batean, zeuzkaten diru apurrak patrikatik ihesi ikusi zituzten” .

“... askatasunera egiten ari ziren bidaian, baina zuzen jakin gabe bidaia horrek ez ote zituen denak giltzapera eramanen”.

“Etsiturik zeuden, bat ere sosik gabe eta etorkizuna gaueko leizea baino beltzagoa zutela”.

“Gosea hilda, berehala etzan dira hiru bidaiariak, mantetan bildurik, elkarren ondo-ondoan, hotzari ahalik eta zirrikitu guttien utzi beharrez”.

Esteka:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00029.htm


Utzi iruzkina: