Paragrafoak oihalean

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-12-05 22:00


Idazkera hasieratik beretik lotua egon da pinturari. Errepara diezaiogun txinatar poesia klasikoari (Du Fu, Li Bai...). Ideogramazko errenkada eta zutabe simetrikoak ziren olerki haiek, oreka estetikoan eta irudien lirikan hein berean funtsatuak. Gaur egunera arte iraun du kaligrafiaren arteak Asiako sortaldean, gogoak askatzeko bide gisa.

Sarritan ahazten dugu idatziaren estetikotasun hori; edo, onenean ere, estakuru gisa erabiltzen da, arrazoibide bihurriak hauspotzeko (hitz-elkartuetako marratxoen auzian, esaterako). Hala ere, komeni da lantzean behin gogoratzea testu idatziak, aurrenik eta behin, begietatik sartzen direla, ez belarrietatik.

Har dezagun orri izkiriatu bat, eta altxa dezagun eskuak uzten digun bezain urrun. Letrak lausotzen dira; esaldiak batzen; puntuazio-markak aienatzen. Testuaren orbana agertzen zaigu, horrenbestez; testuaren "inpresioa".

Paragrafoek zulatzen duten orriaren zurian itxuratzen da testuaren egitura. Ingelesek esaten dute paragrafoak ongi atonduz gero esaldiak berez egokitzen direla. Paragrafoen margolari iaioak lan erdiak eginak dituzke testugintzan.

Utz ditzagun, gesu batez, oihal eta pinturak. Arruntean itauntzen da zenbatekoa izan behar lukeen paragrafo bakoitzak, argazkilari hasiberrientzako harako gomendio hura gomutan, menturaz (zeruak erretratuaren laurdena hartu behar du). Batzuk itaunari erantzuten ere ahalegindu dira: hiru-lau esaldiko paragrafoak ei dira ohikoenak (zenbat lerrotakoak dira esaldiak, ordea?).

Oreka da ikasbide behinena paragrafoak margotzean. Luzera bertsuko paragrafoak tartekatuz gero, alde batetik, testua harmonia betekoa izaten da, neurritsua eta neurrizkoa, eta, beste alde batetik, kontraste-jokoari bide ematen zaio: paragrafo laburrak nabarmendu egiten dira, letra larriz idatzita baleude bezala kasik, beste orbanen artean.

Hori da ohiko legea. Hala ere, badira zuriune zabaleko margolanak eta, horien ondoan, ezin konta ahala irudi gainazpikatuz beterik daudenak. Paragrafoekin beste horrenbeste gertatzen da: badira hamaika orrialdekoak nahiz hiru hitzekoak. Idazlariak jakin behar luke, nolanahi ere, hiru orrialdeko paragrafo batek, "triptiko" batek (liburuek plano bat baino gehiago baitute), ez diola aukerarik emango irakurle saiatuari irakurraldia aise eteteko, eta harekin errukitu behar luke.

Esan beharrik ez dago paragrafoak hertsiki lotuak daudela informazioaren antolaerari. Haien barne-egituraz ere mintza gintezke (ereduzko aurkezpen-garapen-ondorio ezagunaz). Beste upa bateko sagardoa da hori, ostera. Gaur, "atelierreko pintzelkadak" baizik ez dira entzungo idazkolan.


Utzi iruzkina: