Lehen aldia

notebook 1456151871057 Idazkolako takatekoak | 2009-02-26 07:59

Liburuak irakurtzean liburu-markan denetariko oharrak hartzen ditut (markak paper txatal soilak izaten dira): hitzak, esapideak, liburu-gomendioak, datu jakingarriak... Batzuk han geratzen dira, liburuetan gordeta, sekulako eta betiko, eta beste batzuek irakurgai berriak ekartzen dizkidate edo artikulu laburrak.

Atzo Saizarbitoriaren lehenbiziko liburuko oharrei begi eman nien, eta esaldi hau agertu zitzaidan:

120. Lehen aldia izan zen kontzienteki hura atsekabetzeko zerbait egiten zuena.
Hasierako zenbakia orrialdeari dagokio. Gakizkion gaiari. Ugari dabil esapide hori: lehen aldia + izan + erlatiboa. Xalbadorrek, berriz, honako hau eman zigun Odolaren mintzoa paregabean.
Lehen aldia zen nik pertsulariak entzuten nituela.
Ereduzko Prosan molde hori da nagusi, nahiz idazle batzuek erlatiboduna erabiltzen duten (edo biak nahaste!). Adierazgarria, eta harrigarria, iruditu zait Elizen Arteko Biblia molde horretara makurtzea, gainerakoan aski txukuna izaten baita.
Gogoratzen dudan denboran, zalantzarik gabe lehen aldia zen pasatzen zuela gurekin. (J.K. Igerabide: Oh Jung-hi)

Alabaina, lehen aldia zen, zorigaitza gertatuz geroztik, apartamendu hartara nindoala. (D. Landart: Anaiaren azken hitza)
Kontuak kontu, argi dago Xalbadorren eredua dela tradizioz eta erabileraz hedatuena; eta zuzen bakarra ere bai, esan dezagun.

Horrekin batera bada beste egitura bat, erlatiboari bide ematen diona, baina esapideko osagaien antolaera mudatuta.
Gizonak sorbaldatik oratu zion, horrela oratzen zuen lehen aldia zen [...] (J. Saramago / J. Alonso: Lisboako setioaren historia)

Ezuste bikoitza izan zen: gutuna jasotzeaz gain etxeko helbidearekin dendara heltzen zitzaion lehen aldia zen hura. (Joxemari Urteaga: Ordaina zor nion)


Utzi iruzkina: