Blakelock

literartea 1456440692268 literartea | 2006-10-21 11:13

Neguko astegun hartan museoa ia hutsik zegoen. Atari ondoko mahaian sarrera ordaindutakoan, eskuko bost atzamarrak erakutsi nizkion igogailuzainari eta isilean abiatu ginen. Estatu Batuetako pintura-bilduma bosgarren solairu hartan zegoen, eta erdi lotan harrapatu nuen zaindariaz aparte neroni nintzen hango pertsona bakarra. Horrek benetan poztu ninduen, egokitu zitzaidan aukera harexek halako xarmaz apaindu baitzuen nire etorrera. Blakelocken lana topatu aurretik hainbat aretotatik ibili nintzen, beti ere Effingen mandatua gogoan, hau da, ahalik eta arreta gutxien jartzea begiz begi izango nituen koadroetan. Horrela, nahigabean, kolore orbanak zein margolarien izenak –Church, Bierstadt, Ryder- antzeman nitzakeen han-hemen, baina zuzenean begiratzeko tentazioari aurre egin nion. Orduan Moonlight-era ailegatu nintzen, nire bidaia bitxi eta nekagarriaren helmugara, eta lehenengo batean etsi samar paratu nintzen. Ez dakit ondo zer espero nuen, lan bikaina akaso, argiak eta koloreak non-nahi;  ez, ostera, pare-parean nuen koadro txiker ilun hura. Hirurogeita zazpi zentimetro luzean eta laurogei zabalean, margo kolorgea ematen zuen: marroi eta berde ilunak han-hemen, halako gorriune ahul bat izkina batean. Ganoraz egindako lana zen itxura batean, baina ez nuen inondik asmatzen zer eragin txundigarri sor zezakeen Effingengan. Pinturak baino Effing txarto ulertu izanak atsekabetu ninduen. Kontenplazio hutserako margoa zen, eta hausnarketarako eta patxadarako paisaia hark nire ugazaba eroari zer eragin zion oldozteak nahastu ninduen.

 

Ralph Albert Blakelock (1847-1919)
    Moonlight, circa 1885-1889
   Oil on canvas, 69.2 x 82.0 cms
     The Brooklyn Museum

Effing neure gogotik lekutu, metro erdi atzera egin eta nik neuk ekin nion margoa aztertzeari. Ilbete biribil-biribilak oihalaren erdi-erdia hartzen zuela begitandu zitzaidan. Zirkulu hits horrek goian zein behean zegoen guztia argitzen zuen: zerua, lakua, marasmen moduko adarrak zituen arbola handia eta hortz-mugako mendixkak. Aurreko aldean uhartetxo bi zeuden, errekatxo batek zeharkatuta. Ezkerreko aldean indioen denda bat eta sutzarra; nonbait, zaila asmatzea ere, bazen norbait haren inguruan eserita, bospasei giza tankerako iradokizun txiki, txingarren islek gorrituak antzeman baitzitezkeen. Zuhaitz handiaren eskuinetara, eta taldetxotik bestera zaldizko bakartia ageri zen, erabat geldi, ur korronteari so, gogoetan bilduta edo. Haren atzeko arbolak hura halako hamabost edo hogei zen garaian, eta alde horrek nano, ezdeus bihurtzen zuen. Zaldia eta zaldikoa sakontasun  eta nortasun bako soslai beltzak ziren. Beste ertzean itzala zen nagusi, dena are ilunagoa zen. Baziren zenbait zuhaitz txiki, handiaren bezalako armiarma-adarrez hornituak, eta beheko aldean orban argi txikia: agian etzaniko baten bat zitekeen, akaso lotan, beharbada hilik, edota beste barik gauari begira, batek daki, su hondarrak… zer ote?

Paul Auster, Moon Palace, VIKING, New york, 1989.

 


 

 

Ralph Blakelock (New York, 1847- New York, 1919). Ilbeteak, argi-itzalek harrapatutako zuhaitzak eta, sarri, kanpamendu indioak izan zituen artelan nagusiak. 1868-73 izan zuen epe emankorrena. Bederatzi seme-alabaren aita, 1891n eskizofrenia ernetzen hasi zitzaion eta ordutik aurrera buruko gaitzak jota bizi izan zen. Familia hilko zuela hitz eman zuen behin baino gehiagotan, Yorkeko Dukea zela sinistuta zegoen eta halako esaldi puntuatu gabe baina ederra utzi zigun: “Ero banago ere ez naiz jabetzen ez naiz paranoikoa ez naiz agure txotxoloa. Txistu egiten eta kantatzen badakit”. Eta gaixotasunak erabat jota zegoenean, Blakelocken margo bat 30.000 $ dolarren truke saldu zuten. Handik aurrera, eta zoritzarrez hildakoan, haren lana eta izena mundu zabalean famatu ziren.

 


 

                 

       Frederic Church                              Albert Bierdstad      

 

    

                                   C. Foster Ryder

 


 

           Moon Palace liburuan oinarrutiriko kortoa

 


 

Dean Warehamek, Luna taldeko abeslari ohiak, Moon Palace kantari ekiten dio.