Egunsentiak harrapatuko zaitu...

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2010-05-11 00:00

2005ean heldu zinen gure artera, gutako batzuek txalupa horretan arraunean 10 urte luze generamala. Fitxaje guztiekin gertatu ohi denez, ikusmin handia piztu zen zure inguruan, noren arabera, miresmena, gorrotoa, inbidia edo, besterik gabe, indiferentzia sortuz jendearengan.

Izan zen orduan konfiantza tarterik eman zizunik. Beste batzuek, berriz, itxaroteko betarik ere ez zuten hartu, kontra izan zenituen lehenengo minututik. Gainetik eta azpitik, eskuinetik eta ezkerretik, hasieran esku-zartak eta irribarreak zirenak laban zorrotz eta arriskutsu bihurtuz joan ziren.

Batzuek ez zintugun gure telebistako leihotik harantzago ezagutzen eta nagusiaren jaka eta gorbataren azpian (nagusia beti nagusi, txo, eta azkenean beti izorratuko zaitu, gainera), pertsona apal, gertuko eta atsegina zegoen, lanetik kanpo tarteak eta esperientziak partekatzeko modukoa. Kolorea ekarri gura izan zenuen grisen etxera, poztasunez bete tristeen etxea, eta halako gauzak, ondo dakizu zuk, ez dira barkatzen babesten zaituen aita pontekorik ez baduzu. Diotenez, ez da ona marra batzuk igarotzea, ez da ona ezberdina izatea, ez da zuzena aldez aurretik ezarritako arauak aldatzen saiatzea (arauok idatzita egon ez arren). Baina, ondo ohartu zarenez, oraindik jende askok ez daki zer den duintasuna.

Bost urte eskasean, ustezko espedientea baliatu dute, muturreraino eroan eta zu kalera bidaltzeko. Batzuentzat normala izango da, beste batzuek ez dute ulertuko baina ados egongo dira, baina beti izango da gauzak zalantzan jartzeko prest egongo den norbait. Izango da, zorrozkeriaren gainetik, egoera pertsonalak, bakoitzaren arazoak ulertzeko, azken batean, pertsonak garela eta ez makinak ikusteko gai izango denik.

Lantokietako jardun-lerro nagusia politika denean, aurkako ideologietako “sasi-politikariek” fronte bakarrean bat egiten dutenean, lana sustatu beharrean enpresetan eredu sozio-politiko zaharkitua ezartzen saiatzen direnean, garbi daude ondorioak …“nirekin zaude ala nire kontra zaude” aplikatzen da.

Badira ahanzten ez dutenak, badira iraganeko gaitzondoak barrenean gordeta daramatzatenak, eta boterea eskuratzen dutenean, amarruzko prozesuen bidez bada ere, ez dute zalantzarik izaten benetan nork agintzen duen erakusteko.

Ez etsi, Julio. Denborak bakoitza dagokion lekuan jarri ohi du eta, borroka hau, jasan ezin badute ere, irabazita dugu. Animo, Julio, aurrera, badakizu badagoela zugan sinesten duen jendea, behar duzunean alboan izango duzuna.

Badakit zu Eskorbuto, Cicatriz eta RIP zaleagoa zarela, baina Paco Ibañezen hitz batzuekin amaituko dut, apur bat adoretuko zaituztelakoan:

«Artista batek libre izan behar du defenditu asmo dituen ideietan. Lehen kontzesiotik askatasun zati bat galtzen da. Onartzen dudan autoritate bakarra entzuleriarena da, eta saririk onena nork bere etxera daramatzan txaloak dira».

Raul Mendez Urigoitia.

Metro Bilbaoko langilea (Bilbo).

 

2010-05-11 Berria egunkarian argitaratutako gutuna


Utzi iruzkina: