Drogen legeztatzea

kresala 1456150589117 Kresala | 2007-11-08 19:42

DROGEN LEGEZTATZEA

Drogak legeztatu egin behar dira. Drogak legeztatu eta berauen merkatua normalizatu behar da. Drogen kontsumoa gero eta altuagoa da, drogak beti egon dira, daude eta beti egongo dira. Baina, zer da droga? Denis Richard eta Jean-Louis Senonek honela definitu zuten 1999an droga: "Zentzu hertsian, organismoari sendagai baten gisan eragiten dion edozein gai da droga; adiera horrekin, beraz, sendagai oro da droga. Zentzu zabalago batean, berriz, gehiegizko kontsumo baterako arriskua daukan eta mendekotasun-arazoak sor ditzakeen edozein gai psikoaktiboa da droga". Drogak dira beraz sendagai guztiak, tabakoa, alkohola eta legeztatutako hainbat sustantzia.

 

Baina, gai bat edo bestea drogatzat hartzea ala ez, elementu soziokulturaletan oinarritu ohi dela esatera ausartzen naiz, gaiaren ezaugarri kimiko eta farmakoetan baino. Eta egungo gizartean, droga kontsumitzaile izateagatik soilik, gizarte jazarpenak, baztertze sozialak, eta hiritar moduan ditugun eskubideen urraketak ere jasan behar izaten dituzte kontsumitzaileek. Drogenganako beldurra, estereotipoz betetako beldur soziala dela uste dut.  

 

Botereak, beraz komunika bideek, esaten digute, drogak osasun arazoak ekar ditzakeela. Hala da, aitzitik, tabakoaren eta alkoholaren eraginez hiltzen direnak askoz gehiago dira. Droga-mendekotasunen Euskal Behatokiaren arabera, %28,9k egunero kontsumitzen dute alkohola eta tabakoa EAEn. Eta %1,9 da egunero kokaina kontsumitzen duena. Beste droga mota batzuk kontsumitzen dutenak berriz, %0,6 soilik da. Legez kanpo dauden drogaz hiltzen direnak, osasun arazo, istripuz edo tratu txarrez hiltzen direnak baino askoz ere gutxiago dira, ia deus.

 

Gazteok bizi garen gizarte ezegonkor honetan, ezegonkortasun nabarmena dugu arlo sozialean ere: ezegonkortasun ekonomikoa, laborala, emozionala… Kontsumismoaren gizartean bizi gara,  lan/ikasketa eta aisiaren arteko ezberdintze nabarmena egiten dugu, estresak, frustrazioak… horrek guztiak debekatua dagoena, zerbait atipikoa egitera bultzatzen gaitu. Alkohola edatera, tabakoa erretzera, eta nola ez legez kanpoko drogak hartzera.

 

Drogak legez kanpo ustearen politika jarraituz, tabakoa eta alkohola ere legez kanpo utzi beharko litezke, baina bi gai horiei zergak gehitu dizkiete. Alkohola eta tabakoaren menpetasunean murgilduta bizi direnak gehiago dira legez kanpo drogen menpe bizi direnak baino. Alkohol edo tabakoaren menpekotasunak osasun egoera larrira eraman gaitzake, mediku guztiek diote hori. OMSk, hau da, Osasunaren Mundu Erakundeak dio, “izaki batzuk bizitza osoan egon daitezke droga hartzen osasunaren edo bizimoduaren kalterik gabe”. Hori bai kontsumo kontrolatu eta maila txikikoa bada noski.

 

Arriskuz betetako gizartean bizi gara, horien aurrean gure erantzukizunak arrazoitzen duelarik. Eta horregatik diot beste askatasun bat gehiago hartzeko gai ere bagarela. Drogen kontsumo askean sinesten dut. Droga mota guztiak legeztatu eta berauen aurrean menpekotasunik gabe aske bizitzeko gai garelakoan nago. Horren aurrean, gure erantzukizunak arrazoituko baitu. Eta gobernuaren egin beharra, askatasun horretan  eskaintza erregularizatzea izango beharko da.

 

 


Utzi iruzkina: