NEGOZIAZIOARI BESTE AUKERA BAT INASAN

irurtzunarakilgoahotsa 1456148031716 IRURTZUN-ARAKILGO AHOTSA | 2012-05-11 14:59

Atzo mugagabeko greba bat hasi zuten arren, Nafarroako Gobernuaren bitartekaritzarekin, nagusiarekin negoziatzea erabaki zuen batzarrak.

Ostegunean eta asteartean greba egin ondoren, atzo Inasako 177 langileek mugagabeko greba hasi zuten. Bezperan enpresa batzordeak Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza eskaintza jaso zuen eta zuzendaritzak baldintzak aldatzeko kontsulta epea luzatu zuen. Bi horiek kontuan izanik, langileen batzarrak dehialdia behin behinean bertan behera uztea erabaki zuen.

CCOO, Solidari, UGT eta CC alde eta LAB kontra zeudela, langileen batzarrak erabaki zuen Nafarroako Gobernuari 4 puntuko akordio bat aurkeztea, negoziaziorako joko-zelaia nolabait arautuko lukeena: zuzendaritzak erreforma atzeratzea, langileek greba atzeratzea, lantegiak normal lan egin dezala eta enpresa batzordeak eta zuzendaritzak proposamenak egin ditzatela. Ondoren, Lan Bitartekaritza sartuko litzateke. Azken orduan zuzendaritzak akordioa sinatu zuen. Akordioa hautsiko balu langileak grebara bueltatuko lirateke.

Beraz, gaur goizean langileak lanera bueltatu dira eta haien ordezkariak negoziazio mahaira eramateko proposamenak adostuko dituzte. Solidariko Alfonso Torresek jakinarazi duenez, Nafarroako Lan Auzitegia izanen litzateke bi aldeen artean bitartekari lana eginen lukeena. Aldeak entzun ondoren, zer egin litekeen aholkatuko luke.

LAB sindikatua greba bertan behera uztearen kontra azaldu zen. Langileen batzarra lan erreformaren aplikazioaren kontra greba bidez egitea erabaki zuela nabarmendu zuen. Bestetik, zuzendaritzak konfiantzarik ez zutela garbi utzi zuten. Aldi berean, LABetik eskatu zuten Inasatik atera den material guztia bueltatzeko eta langile batzuei zor zaiena ordaintzeko.


Utzi iruzkina: