Ateak itxi nahi dizkiote adierazpen askatasunari

irurtzunarakilgoahotsa 1456148031716 IRURTZUN-ARAKILGO AHOTSA | 2013-11-13 16:44

Espainiar Estatuko Entzutegi Nazionalak Ateak Ireki informazio webgune nafarra ixtea agindu du. Hala ere, Auzitegiaren erabakiari errekurtsoa jartzea badago, oraindik ere.

Espainiar Estatuak beste eraso bat gauzatu du Euskal Herriko adierazpen askatasunaren kontra. Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria, Kale Gorria, Gaztesarea, Red Vasca Roja aurretik ere itxiak izan dira, informatzea delitutzat hartuta. Era berean, Apurtu.org webgunea 2011an, Polizia Nazionalak eta Goardia Zibilak aurrera eramaniko operazio batean, euskal herritar askoren atxiloketarekin batera, itxi zuten espainiar Estatuko agintariek, eta handik gutxira, bertatik jaio zen Ateak Ireki.

Kasu honetan, Ateak Ireki webgunea ixteko, Goardia Zibilaren txosten batean oinarritu dira, non instituto armatuaren esanetan, Ateak Ireki Herrira mugimenduari loturiko webgunea den. Gogoratu behar da Goardia Zibilak, pasaden irailaren 30ean, Herriraren kontra burutu zuen makro-operazioa.

Oraindik ere bada nafar webgunea bixitatzea, eta urte hauetan zehar egin duten lana ikustea. Kalean egon dira hilabete luze hauetan, gainontzeko hedabideak heltzen ez diren Nafarroako txoko guzti horietara ere iritsi dira kamera sorbaldan zutela. Arrazoi aski webgunea itxiarazteko. Lan bikaina egin dutenaren seinale.

Modu honetan, espainiar Estatuak, berriz ere, ateak itxi nahi dizkio askatasun adierazpenari, gustoko ez duten informazioa ixilaraziz. Hala ere, Ateak Irekiko lagunek esan bezala, zarata egiten jarraituko dute. Hasteko eraso berri hau salatuz: "Inkisizioaren garaian bezela, Estatuak erabakitzen du zer bai eta zer ezin duen irakurri herriak". Egun hau, demokraziarentzat "tristea" dela azpimarratu dute. Dena den, berria jakin bezain laster, argi utzi dute ez direla ixilik geratuko, eta zarata egiten jarraituko dutela: "Eraso antidemokratiko honi aurre egiten jarraituko dugu gure eskuetan dugun arma bakarrarekin: Adierazpen askatasuna". Horrela, datozen egunetan hedabide berri bat plazaratu lezakete.


Utzi iruzkina: