Beriain

Alberto Ibiltarixanak | 2013-07-04 00:00

Goizeko 9:00etarako martxan gaude. Lainopean goaz eta ez da askorik ikusten baina argituko duela iragarri dutenez itxaropentsu gaude. Behelaino itxia dagoenez, aukeratu dugun tracka alderantziz egitea erabaki dugu. Lizarragako tunela pasatu ondoren zurito eta pintxo bana jan ditugu bertan. Nik dirurik ez daukadanez Martik ordaindu du. Katalanek fama dutela baina gehienetan horrela gertatzen dela esan dio tabernariari. Honek ez dakiena da atzo jarritako kajatik ordaintzen ari dela nire laguna.

Aldapa gogorrari ekin diogu eta gainditu ondoren pistatik goaz behi artean. Halako batean lainoa altxatu da eta zerua urdin-urdin eta eguzkitsu ageri zaigu. Hau bai egun ederra! Enkargatuta genuen gaurko.

Gailurra urruti ageri zaigu baina laster iritsiko garela diost Martik. Bai zera! Aurrera goazela gero eta urrutirago dagoela dirudi! Azken aldapa gogorragoa da baina ikuspegia zoragarria denez ezta konturatu ere ez gara egin. Halako batean, argazkia ateratzeko esan diot lagunari eta kamera galdu duela ohartu da. Bidean galdu du eta itzultzeko asmotan gabiltzala han agertu zaigu Elizondoko mutik basozaina argazki-kamara eskuan dakarrela. Gaur ere zorte onez gabiltza.

Gailurraz gozatu eta beherantza ekin diogu. Hasieran ibilbide bera egin dugu baina gero Unanura doan bidea hartu dugu. Jaitsiera luzea da eta une gatzuetan aldapa gogorra da. Eskerrak alderantziz egin dugula! Unanura iritsi ondoren, errepidetik zehar, laster gara kanpinean. Ibilbide hau oso aproposa iruditu zaio Martiri hurrengo igandean egiteko bere lagunekin, luzeegia ez delako, eta gero, bazkaldu ondoren, Bartzelonara itzuli behar direlako.

http://eu.wikiloc.com/wikiloc/view.do?id=3247451


Utzi iruzkina: