Ordiziako ahozko ondarea www.ahotsak.com-en

hitzaro 1456147679238 Hitzaro Euskara Elkartea | 2008-12-11 11:56

Ordiziako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak Ordiziako ahozko ondarea jaso, antolatu eta hedatzeko proiektua aurrera eramateko hitzarmena sinatu dute 2008 urtean.

Badihardugu Euskara Elkarteak 2003 urtea ezkero ahozko ondarearen inguruko AHOTSAK proiektuan murgilduta dabil. Eskualde mailan hasitako proiektua Euskal Herri osora zabaldu da eta dagoeneko martxan dago Euskal Herri osorako lekukotasunak jasotzen dituen www.ahotsak.com ahozko artxiboa.

Ordiziako ahotsak, Ordiziako ahozko ondarea bildu eta hedatzeko proiektuaren bitartez, XX. mendeko lehen urteetan jaio ziren hiztunen hitza jaso da; herriko nagusiekin hitz egin eta euren bizipenak batu dira: alde batetik, alderdi etnografikoa, gehien aldatu diren sailetan sakonduz (baserri munduko ohituretan, lanbide zaharretan, jaietan, antzinako sinesmenetan, lagunarteko eta familiarteko harremanetan, ume-jolasetan...) eta, horrekin batera, Ordiziako ondare linguistikoa. Azken batean, ez dira grabazio solteak egin nahi izan, Ordiziako herriaren memoria kolektiboa jaso baizik, eta ondoren, bildutako material hori guztia ahal bezain ondo sailkatu eta herritarren eskura jarri. Herrian lehendik eginda zeuden hainbat grabazio ere bildu dira proiektu honetan, esate baterako, "Ordiziako euskara" libururako egindako 21 grabazio sailkatu eta landu dira.


Utzi iruzkina: