Prentsa oharra Arantxa Tapia sailburuordeari erantzunez.



Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak herritarrei jakinarazi nahi die, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuorde den Arantxa Tapiak Goierritarra aldizkarian egindako adierazpenak, Abiadura Handiko Trenaren inguruan agintariek herritarrengan sortu nahi duten ezjakintasun eta etsipenaren isla besterik ez direla. Ostiralean argitaratutako elkarrizketan sailburuordeak esandakoak aldizkarian bertan Eusebio Lasa Elkarlaneko kideak gezurtatzen baditu ere, ezinbesteko egin zaigu herritarren informazioa eta obren esleipenari buruzko Arantxa Tapiaren hitzak lotsagabekeria hutsa direla nabarmentzea.

Ordizia-Itsasondo tramoaren zehaztasun guztiak jasotzen dituen eraikuntza proiektua 2004ko abenduan idatzi zuten. Ordudanik, besteak beste, desjabetuak izango liratekeen pertsonen zerrendak eta afektatuak izango liratekeen akuifero, putzu eta galerien kokapen zehatzak eskuartean izan dituzte.   Datu hauek guztiak izanda ere, Eusko Jaurlaritzak ez du herritarrei informazio hau helarazteko prozesurik abiatu eta gainera, Nuria Lopez de GereƱu sailburuak, Itsasondoko Udalak azpiegituraren aldeko argumentuak itsasondotarrei adierazteko egindako gonbiteari ezezkoa eman zion, besteak beste, herritarrak informatzeko datu guztiak ez zituela argudiatuz. Gezurra. Zeren zain daude duela bi urte daukaten informazioa herritarrei helarazteko? Noiz jarriko dira desjabetuak izango diren pertsonekin kontaktuan? Eraikuntza proiektuak Ordizia eta Itsasondo artean egingo den 3 km-tako tuneleko lur soberakinak Erauskin auzoan botako direla dio; bi urte hauetan Eusko Jaurlaritzak horrelako daturik eman al digu goierritarroi? Zumarraga, Urretxu, Ezkio, Beasain eta Legorretako tunelen lur soberakinak nora doaz? Eta non egingo dituzte Goierrin behar dituzten harrobiak?

Datu hauek guztiak badakizkite eta ez dizkigute esaten. Eta Ordizia-Itsasondo tramoaren obren esleipena hilabete barru egiteko asmoa dute? Lotsagabekeria itzela. Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa da erabat, lehenengo euren artean bakarrik erabaki eta gero informatu. Goierritarra aldizkarian irakurri ditugun adierazpenekin herritarroi obrak gainean ditugula pentsaraziz etsipena sortarazi besterik ez dute nahi. Baina ez da horrela, AHTa gelditu baitaiteke.

Zalantzarik gabe, orain da garaia.
Orain da garaia bidegabekeria honi aski da esan eta obrak gelditzeko. Orain da garaia hitza eta erabakia herriari itzul diezaioten exijitu eta instituzioetatik inposatzen ari zaizkigun garraio, lurralde antolaketa eta herri ereduaren inguruko eztabaida zabala eta eraldaketa sakona burutzeko. Orain da garaia AHT gelditzeko!

Goierriko AHT Gelditu! Elkarlana
2006ko azaroaren 20a


Utzi iruzkina: