Gernikako Akordioaren bigarren urteurrena

gernika_usurbil 1456133198945 GERNIKA-USURBIL | 2012-09-30 13:45

Bi urte igaro dira 2010eko irailaren 25ean Euskal Herriko 28 eragilek Gernikako Akordioa izenpetu zutenetik. Bigarren urteurrena kari, berriro agertu dira agiriaren sinatzaileak iritzi publikoaren aurrean, bi urteotako bilana egin eta orduan hartutako konpromisoak berresteko. Eta, berriro ere, Gernika-Lumo (Bizkaia) aukeratu dute euren mezua helarazteko agertokitzat. Oztopoak oztopo, «etsitzeko asmorik» ez dutela adierazi, eta Euskal Herrian zabaldu den «aukera historikoa» galtzen ez uzteko borondatea agertu dute aipatutako eragileek.


Irakurritako AGIRIAK honela dio hitzez hitz:

Dagoeneko ba dira bi urte Gernikako Akordioa abian jarri zenetik. Badira bi urte pentsaera anitzeko eragile politiko, sindikal eta sozialek elkarrekin Bake Bidean Aterabide demokratikoetarako elkarlanari ekin genionetik, alde bakarreko urratsez urrats eginez. Indarrak metatu nahian, euskal gatazkaren erpin guztiei aurre eginez, herritarrak bidelagun, normalizazio sozial eta politikorako zorua jorratu nahian.

Bi urte hauetan, herritarren laguntza eta babesarekin, hainbat ekimen eta urrats gauzatu ditugu, Gernikako Akordioko edukiak betearazteko ahaleginetan, oztopoak gaindituz, Euskal Herriak nahi eta behar duen konponbidea helburu izan da. Konponbide integrala, giza eskubideetan oinarritua, demokratikoa, galtzailerik gabekoa eta elkarrizketa politikoaren bitartez lortu beharrekoa.

Ez dira urte errazak izan, une ilunez zein argiez jositako urteak izan ditugu eta. Konponbidearen ilusioa eta herritarren indarra bidelagun, une ilunak eta estatu espainiar zein Frantsesaren jarrera oztopatzaile eta inmobilistek ez digute gailurraren bidean etsitzerik lortu. Baina, bereziki aipatuko genituzke, izan ditugun argi gune, mugarri esanguratsuenetakoak:

-          2011ko ETAren Su eten iraunkorra.

-          EPPKren atxikimendua Akordioari.

-          Biktima guztiei eginiko aitortza.

-          Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia.

-          ETAk jarduera armatua behin betiko uztearen erabakia.

Argigune hauek izan arren, arestian aipatu dugun bezala, ez dugu lortu Euskal Herriko zerutik laino beltzak uxatzea: atxiloketak, epaiketa politikoak, espetxeratzeak, espetxe politika bera, salbuespeneko legedi guztiari eutsi izana, jarduera politikoekiko mehatxuak, 197/2006 dotrinaren aitzakian formalizatutako bizi arteko zigorra, Bateragune auziaren epai ulergaitza…Eta batez ere Espainiako gobernuak eta zenbait eragile politikok euskal gizarteari eginiko iruzurra, egoera usteltzeko asmoz, urritik hona Euskal Herrian ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen jarraitu nahi izatea.

Ondorioz, orain dela urtebete, hementxe bertan, Gernikan, ezarri genituen helburuak zati handi betean ezin izan ditugu lortu:

1.       Preso politikoen egoera hobetzea: gaixotasun larriak dituztenak askatzea, Parot doktrina delakoa bertan behera uztea, dispertsioari amaiera ematea, oro har beraien parte hartzea prozesuan errazteko baldintzak hobetzea. Ikustea besterik ez dugu izan, Iosu Uribetxeberriaren kasuan, Estatuak izandako jokabide krudela.

                    

2.       Legalizazioa, aukera politiko zein gizarte erakunde guztiena.

 

3.       Erasoen desaktibazioa. Horren adibide garbia izan genuen, aurreko astean, salbuespeneko epaitegia den entzutegi nazionalean, euskal gazteriaren aurkako hainbat epaiketa. Edo eta, oraindik ere soilik politika egiteagatik, Bateragune auzia kasu, kartzelan dauden pertsonak.

Hala eta guztiz ere, espainiar Estatuaren borondaterik eza argi eta garbi agertu arren, ez dugu etsiko. Ez dugu etsitzeko asmorik, helburuak argi eta garbi ditugulako, baita euskal gizarte gehiengo zabal baten babes guztia ere. Horregatik, pertsona guztien eskubideak aitortuak eta errespetatuak izango diren jendartea eraiki arte tinko jarraituko dugu lanean. Aukera historiko hau ez dugu galtzen utziko, gure alde gatazka konpontzeko ibilbide- orria, bidelagun ugari eta euskal herritar gehiengoaren bultzada eta mandatua dauzkagulako. Gu geu, euskal herritarrok, garelako giltza. Aldebakarrekotasunaren bidetik, elkarrizketaren eskutik eta konfrontazio demokratikoa praktikan jarriaz.

Urratsez- urrats, mugarriz- mugarri lanean jarraituko dugu Gernikako Akordioa bere osotasunean bete arte, Aieteko Konferentziaren ondorioak gauzatzen has daitezen  berandu baino lehen, salbuespenik gabeko elkarrizketa sustatuz eta praktikatuz.  Beraz, guztiok irabazle egiten gaituzten bakea eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko  konponbidearen oinarria gero eta anitzagoa eta zabalagoa izan dadin jarduteko prest gaituzue.

Bide horretan Aieteko Adierazpeneko puntuak gatazka politikoaren konponbide integrala lortzeko jardunean Euskal Herriko gainontzeko eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei elkarlanerako eskua luzatu nahi diegu.

Gernikan, 2012ko irailaren 29an