Arau sozialak

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2016-05-16 17:53

Originala Jakin aldizkarian argitaratua.

Arau sozialak gora, arau sozialak behera aritzen gara askotan soziolinguistika mikroaren aldekook. Baina zer demontre dira arau sozialak? Arau sozialak jendartean dauden arau inplizituak dira, idatzi bakoak. Eta arau horiek portaera bat ohiko bihurtzen dute, portaera bat behin eta berriro errepikatzea dakarte. Baina hori zelan egiten da?

Arau horiek (beste edozein arauren antzera) zigorrak eta sariak ekarri behar dituzte. Hau da, talde bateko kideek besteengandik portaera bat espero dute eta, portaera hori gertatzen ez bada, zigorrak aplikatuko dituzte. Baina ez hori bakarrik. Arauak ere sariak dakartza portaera errepikatzen dutenentzako. Egile batzuek, ostera, esaten dute arauek ez dutela kanpoko zigorrik behar eraginkorrak izateko. Izan ere, batzuetan arauak ez betetzeak guregan emozio negatiboak eragin ditzake eta horrek araua betetzera ere eramaten gaitu. Kasu horretan, zigorra barnekoa litzateke, subjektiboa.

Arau horiek haragituta ditugu, gorputzetan zizelkatuta, gu konturatu ala ez. Eta, horregatik, horiek aldatzea gertatzen zaigu hain zaila. Baina arau sozialak eraikuntza kultural eta sinbolikoak dira. Beraz, aldatu daitezke, eraikiak diren heinean. Deseraiki eta berriak eraiki daitezke, zaila izan arren.

Eta zelan aldatzen dira? Nork aldarazi ahal ditu horiek? Ez daukat erantzun zehatzik, baina han eta hemen erantzun batzuk topatu ditut. Gehien konbentzitu nauena dakart. Serge Moscoviciren arabera, arau sozialak aldatu ditzaketenak gutxiengo aktiboak dira. Eta zelan definitzen ditu berak gutxiengo aktiboak?

Hiru ezaugarri behar ditu talde batek gutxiengo aktibo legez hartu ahal izateko: indarrean dauden arauen kontrako taldea izatea, bere buruaren kontzientzia izatea eta barne antolaketa izatea. Hala ere, hiru elementu horiek izanda ere, horrek ez dakar berez arauak aldatzeko aski indar izatea. Arauak eraldatzeko, gutxiengo horiek hiru kontu hartu behar dituzte aintzat: lehenik, pentsatzen denaren eta kanpoko zeinuen arteko erlazioaz kontziente izan behar dute, eta koherente izan, ahal den neurrian; bigarrenik, mezuaren jasotzaileak ez nahasteko, seinale sistematiko eta trinkoak erabili behar dituzte (hitz eta ekintza ezberdinekin berdina errepikatzea, ez ateratzea aurrez finkatutako portaeretatik...); eta, azkenik, saiatu behar dute ‘gatazkak’ irauten duen bitartean hitzen eta ekintzen esangura ez aldatzen.

Baina ez hori bakarrik. Horrez gain, portaera horien estiloa ere bada garrantzitsua. Bost estilo nagusi bereizten ditu Moscovicik (esfortzua, autonomia, zurruntasuna, ekitatea eta trinkotzea), eta luze joko luke bakoitzaren ezaugarriei zehatz-mehatz erreparatzea. Bere ustez, estilorik eraginkorrena trinkotzea litzateke (eta hemen neure buru madarikatuak Txepetx eta haren teoriak irudikatu ditu). Hala ere, berak dio garrantzitsuagoa dela estilo bat aukeratu eta horri estu lotzea, gertatzen dena gertatzen dela.

Eta orain galdera bateria: euskaldunok gutxiengo aktibo al gara? Erantzuna baiezkoa balitz, zein litzateke aukeratu dugun estiloa? Zein litzateke jendarteari behin eta berriro errepikatzen diogun mezua eta portaera? Erantzuna ezezkoa balitz, zer egin beharko genuke gutxiengo aktibo bihurtzeko? Zer portaera, mezu eta estilo hartu beharko genuke? Berariazko lana egin beharko genuke arau sozial horiek ikusgarri egiteko eta horiek itzulipurdikatzeko beharrezkoa dena jendarteari helarazteko?

(Bide batez, oso interesgarria da Jaime Altunak egin berri duen ikerketa –nerabezaroan gertatzen diren hizkuntza mudantzak aztertu ditu– arau sozialak eta haien eraginak aztertu nahi dituenarentzat.)


Utzi iruzkina: