Gontzal Mendibil "Badirudi gaur modan ez dagoen guztia ezabatu behar dugula"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-11-14 11:38

pyromanya@hotmail.com 1699960376361

Zeanuritarra ez da geldirik egoten den horietakoa da. Ez horixe. Iaz disko berria atera bazuen, oraingoan oholtzetara eraman zuen musikala luxuzko edizioan eta pack erakargarri batean bildu ditu. Elkarrizketa luze honetan, obra eta edizio honen xehetasun guztiak topatuko dituzue, iraganeko diskografia eta pasarte hainbat alde batera utzi gabe, noski. Xeberrirentzako hitz polit eta sentituak ere izan ditu.

“Hazia” musikala Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz Markinarraren bizitza eta obraren errepresentazioa edo antzezpena da. Jose Maria (1915-1976) Arrasateko kooperatiben sustatzaile eta ideologoa izan zen. Gontzalek egin duen obra honetan bere bizitzako eta gure herriko gertakizunik garrantzitsuenetako batzuk kontatzen dira: Gernikako bonbardaketa, errepresioa... e.a. Jose Mari 1941ean iritsi zen Arrasatera eta hor hasi zuen bere obrarik handiena: Mondragon Kooperatiba.

“Hazia”, beraz, diskoaz gain obra musikala ere bada, bere formatu handienean 102 langile batzen dituena. Orain pack batean argitaratu dute. Bertan, Bilboko Arriaga Antzokian grabatutako “Hazia” musikalaren eszena guztiak antzezlanaren irudiekin eta euskaraz eta gazteleraz agertzen dira, CDa eta ezkur itxurako Pendrive-Usbn-az gain.

Kaixo Gontzal, “Hazia” musikala aurkezten jarraitzen duzu. Diskoa ere bere bidea egiten ari da, baina orain luxuzko edizio bat argitaratu duzue. Kontaiguzu zer dakarren: formatua, soinua, argazkiak... oso konpletoa da, ezta?

Sei emanaldi handi eskaini ondoren, gerorako utzi beharreko ondarea dator: egindako lana begi bistan jartzea alegia. Lehendabizi, kantu guztien CDa atera ondoren, uste genuen ondo zegokeela bideoa ere plazaratzea, opari gisa aurkeztu dugun pack eder batean. Liburuska batean musikalaren eszenak eta argazkiak bildu ditugu. ETBk zortzi kamararekin Arriaga antzokian grabaturiko bideoa ezkur itxura duen pendrive batean dago. (oharra: ezkurra, hazia alegia, diskoaren eta musikalaren mamia da).

Nondik etorri zitzaizun Jose Maria Arizmendiarrieta apaiz eta ekintzaile Markinarrari eta bere obra nagusia diren kooperatiba mugimenduari omenaldia egiteko ideia?

Zuk dakizunez, hainbat musikal eginak ditut, honako hau seigarrena, eta beti interesatu izan zaizkit gai sozialak. Soziologia ikasketak egin nituen eta gai sozialetara etorrita, Arizmendiarrietaren mezuak eta egintzak ikuskizun eder bat mereziko zukeelakoan, ALE-rengana (Arizmendiarrieta Lagunak Elkartea) jo nuen. Arizmendiarrietaren baloreak eta egintzak suspertzen ari den elkartea dugu ALE. Miguel Angel Laspiur bertako presidenteak plantetatu niona oso egoki ikusi zuen eta berari eskerrak ematea dagokit, zeren beraiei esker atera izan da egin dugun HAZIA Musikala.

Diskoa zein musikala sortzeko, atzean dokumentazio lan handia dago. Nondik hasi zinen hariari tiraka? Familiarekin ere kontaktua egingo zenuen...

Halako proiektu bat burutzeko, lehenik eta behin, ondotxo dokumentatu beharrean zaude. Zorionez Arizmendiarrietari buruz hainbat idatzi daude eta bizirik dirauten bere ikasle, kide, lagun eta sendiarengana jo nuen. Beraz, Markinan, Iturbe baserrian eta Arrasaten hainbat aldiz egon nintzen.

Antzezlanean diskoan ateratzen ez diren hiru kanta ere entzun genituen. Kantu horiek luxuzko edizio berrian argitaratu dira?

Edizio hau oso gaurkoratua da. Egun zail egiten da CDa eta bideoa entzutea, ordenagailuek eta automobil berriek ez daukate aukera hori-eta. Horregatik iruditu zitzaigun pendrive batean atera behar genuela eta irakurri ere gutxi egiten denez, erraz eta eroso irakurtzeko formatu erakargarrira joan gara. Argazki ederrak daude bertan eta kantatzen diren zatiekin bat egiten dute.

Hazia, elkarlana, herrigintza... kontzeptu guzti horiek erlijioarekin uztartzea posible dela erakutsi duzu. Hasieran aipatu ditugun kontzeptuetan sakontzen duzu, Jose Marik bere bizian egin zuen bezala. Ildo horri segika, zure aurreko diskoa San Joan Gurutzekoaren obran oinarrituta zegoen. Hobeto esanda, Jose Luis Baraiazarra Karmeldarrak bere obra osoa euskarara itzuli zuen liburuan oinarritu zinen diskoa osatzeko. Iraganean Arruperi ere diskoa eta musikala eskaini zenizkion. Euskal elizako protagonista guzti hauek, batere dogmatikoak ez izateaz gain, arazoak izan zituzten Eliza ofizialarekin. Zure obrarekin asko ikasi dugu euskal Eliza eta erlijiosoei buruz.

Erlijioa dela eta, uste dut aurreiritzi gehiegitxo dauzkagula gainean, hau da, badirudi gaur modan ez dagoen guztia ezabatu behar dugula. Eta erlijioak eta batez ere erlijiopean izan diren protagonistek izugarrizko eragina izan dute gure herriaren historian eta kulturan. Beraz, dogmapean bizi gara uneoro. Sinesdunak eta sinesgabeak aurreiritziekin bizi gara. Pentsa, nor zen Axular, Etxepare, Villasante, Azkue, JM. Barandiaran, Gandiaga eta Shakespearen obra guztiak euskaratu zituen neure herriko Bedita Larrakoetxea, zer egin duten gure kulturaren alde; Arrupe bera eta Arizmendiarrieta gizarte aurreratu baten aldeko ereduan ibili izan dira eta, zer esanik ez, zeuk aipatu duzun eta izugarrizko lana egin duen Luis Baraiazarra.

“Hazia” musikalera bueltatuaz, muntaia itzela da: Dantzari eta aktore sorta, koru erraldoia, musikariak, teknikariak... obra honek bi bertsio ezagutu ditu, bata muntai handia eta bigarrena tokian tokiko ezaugarriei moldatutako formatu txikiagokoa.

Pozten naiz zuk zeuk hala ikustea eta esatea, oraintsu idatzi dut Berrian iritzi artikulu bat: “Ez gara garenaren jabe” Joseba Sarrionandiaren haritik gogoeta eginez. Hemen ez dugu identitate arazo bat, komunikazio arazoa baizik. Eta halako musikal jantzi eta eder bat egin ondoren, gure euskal komunikabideek ez dute kasu gehiegirik edo aipamen askorik egiten. Bilbora Madriletik datozen musikalak, aretoak bete egiten dituzte eta guri, haiena besteko ona edo hobea bada ere, kostatu egiten zaigu gureak ere bertara hurbiltzea. Aurrekora noa: “Ez gara garenaren jabe”. Hala ere, egiteak merezi du eta Arizmendiarrietak berak zioen moduan: Beti aurrera!

Markina-Xemeinen eman zenuen saioan, eta Jose Mariren familia bertan egon zela kontuan hartuta, emanaldirik hunkigarrienetako bat izango zen...

Markina-Xemeinen, bere jaioterrian, aurkeztearena beharrezkotzat genuen eta uste dut bertaratu zirenak oso pozik atera zirela. Egia esan, saio guztiak ikusleen txalo zaparradarekin amaitzen dira eta jendea zutik jartzen da. Datorren urteari begira, Iruñeara eta kooperatiben gunea dugun Goierri bailarara eramatekotan gara. Euskal Herritik kanpo hedatzeko asmoak ere egon, badaude. Kontuan izan Arrasaten sortutako Auzolanek orain Estatu mailan (Valentzian, Katalunian eta Madrilen) ere milaka katering banatzen dituela eskoletan, ospitaletan eta abar.

Abeslariei buruz, Ainhoa Tabuyo berriz ere zure alboan dago, aurreko diskoan bezala, baita zuzenekoetan ere. Kantari gehiago ere egon ziren, Maddi Otamendi adibidez, musikariez gain. Muntaia erabat ikusgarria izan zen. Kantariak, musikariak, antzezleak eta dantzariak kontuan hartzen baditugu 40 partaide izan ziren han. Horri eskolaniako 6 mutil, Goikobalu abesbatza (32 abeslari), 12 teknikari eta produkzio lanetan ibili ziren beste 12 langile gehitzen badizkiogu guztira 102 langile izan zen han.

Bai, askotxo dira. Pozik egoteko modukoa da berau aurrera eraman izana, baina era berean, zailtasun ugari dituzte halako proiektu handiek: pentsa, nire seigarren musikala izanik, badut eskarmentua horrelako proiektuak aurkezterakoan, baina egun zailagoa da Iparragirre egin genuen garaian baino. Hala ere, beti diet eskertzeko izan ditugun partaide guztiei: dantzariei, antzezleei, musikariei, abesbatzari eta produkzioan dihardutenei.

Azken urteotako zure lan erritmoa ikusita, gehien ekoizten duten euskal kantarien artean zaude dudarik gabe. Beste datu bat: azken bost diskoetako musika guztiak zuk egin dituzu, eta hitz gehienak ere bai. Azken diskoan, adibidez, hitz guztiak ere zureak dira. Kantautorea zara ehuneko ehunean!

Beno, kantautorea kantak sortzen dituena bada, bai. Baina produkzioan ere ari naiz. Nire burua beti dago gauza berrien bila, erroak ahaztu gabe, gaurkora egokituz eta etorkizunera begira. Sortzea atsegin dut eta horretan ari naiz beti: sorkuntza lanetan eta gauza berriak prestatzen. Hurrengo musikal baten gidoiarekin ari naiz nahiz eta ez dudan oraindik ezer aurreratu nahi.

Kantu eta hitz egilea, musikalen antolatzaile eta sortzailea, enpresaria.... zer gehiago? Idazlea ere bazara. Momentuz bi liburu argitaratu dituzu: “Gorbeiako haizea”, jada deskatalogatuta, eta “Bittor eta biok”, hil aurretik Bittor Kanpanagari egin zenizkion elkarrizketetan oinarritua. Horrez gain, prentsara iritzi artikuluak bidali ohi dituzu. Sortzeko grin horrek mantentzen du bizirik artista?

Badakizu errefrauak dioena: ofizio askotako gizona pobrea seguru. Ba hala da, bizirik irauteko grina izan behar beti ere. Sormenerako grina badut oraindik eta osasunak laguntzen digun bitartean ba, aurrera! Hori bai, bizi izan ditudan lekuak eta batez ere izan ditudan harremanak neurekin doaz beti ere eta goraipatu nahi ditut, kasuan kasu, Bittor Kapanaga, Bitoriano Gandiaga eta nola ez nire Ama Gorbeia eta inguruan bizi direnak.

Zure produktoraz hitz egin dezagun: Keinu zigilupean hainbat disko eta ikuskizun musikal antolatu zenituen 18 bat urtetan, 2007ra arte. Zer pasa zen hor? RTVEk “La Botica de la Abuela” saioa bertan behera utzi zuen, ezta?

1992. urtean sortu nuen Keinu produktora eta hainbat kultur ekoizpen zein telebistarako programa egin genituen. 2008ko krisia zaplazteko handia izan zen askorentzat eta guri ere gain-gainera etorri zitzaigun. Arratian grabatzen genuen TVErako hain entzutetsu bihurtu zen programa hura. Lau bat urtez izan ginen emisio haietan, tarteka ETBn eta era beste kate batzuetan ere. Hainbat liburu ere atera izan genituen eta, 2013rarte eutsiz eutsiz ibili ginen. Baina, denak du bere garaia eta galera handia izan bazen ere, porrotetatik arrakastetatik baino gehiago ikasten dela-eta, 2014tik hona beste hainbat sorkuntza lan atera ditut eta ez dut kexatzeko arrazoirik. Hemen diraugu eta osasuna dugun artean, gogotsu.

Zulo horretatik irteteko, Jose Maria Arizmendiarrietak egingo lukeen bezala, lanaren bidez hazia erain duzu... hamabi urtetan estudioko sei disko, bi liburu eta bi musikal, oker ez banago... kolaborazioez gain, noski.

Ez dago besterik, lanari ekitea baino. Ez naiz geldirik egotekoa eta buruan beti daukat gauza berriak prestatzeko asmoa. Hemen inork ez du oparirik egiten eta norberak egitetik dator dena, kolaborazioak eta elkarlana ahaztu gabe.

Xeberriren heriotza kolpe gogorra izan zen. Ia bi urte pasa dira jada, baina pentsatzen dut Shock-ak oraindik hor dirauela. Urte hartako abenduan omenaldia egin zenion Durangoko Andra Mari Elizan. Egia esan, kontzertu hori San Joan Gurutzekoaren testuen diskoko omenaldia izan zen berez. Edonola ere, berarekin grabatu zenuen disko hartako hiru kantu jo zenituen.

Bai, batez ere heriotza bapatekoa eta ezuztean izan zelako. Xeberri eta bion arteko ibilbidea laburra izan zen baina oso arrakastatsua eta entzutetsua: 1975 eta 1976an ibili ginen elkarrekin, guztira urte eta erdi, baina kantu horiek betirako geratu dira. Uste nuen Xeberri Durangoarra izanik, merezi zuela bere jaioterrian omenaldi gisako kontzertu bat eskaintzea. Udaletxekoekin harremanetan jarri nintzen eta Durangoko Orfeoia abesbatza sendoarekin antolatu genuen omenaldia; Santa Maria parrokia jendez gainezka jarri zen. Goian eta gugan bego Xeberri.

Kantautoreen garaia pasatu zela entzun behar izaten dugu askotan. Kontua da hori ez dela egia, azken 40 urteotan ikusi den bezala. Gainera, banda batetik bakarkako ibilbidera jo duten artista guztiez gain, inoiz baino poesia gehiago dago euskal musikaren ia arlo guztietan. Zu, Gontzal, erresistentziaren parte zara zentzu honetan? 49 urte daramatzazu oholtza gainean...

Erresistentzia eta erresilientzia: bi konzeptu hauek sarritan aipatzen dira eta horrelakoxea da gure ibilbidea. Bai, aspaldikoa naiz, egoera desberdin asko bizi izan ditut eta denak ikasgarri izan zaizkit. Zorionez, ekintzailea eta sormen handiko herria da gurea.

Zure kontzertuetan kantu zahar oso gutxi jo ohi dituzu. Material berriarekiko apustu sendoa egin nahi duzu? Publikoak eskertuko luke lehen bost diskoetako sorta eder bat joko bazenu... Kontua da material berrian duzun konfidantza begi bistakoa izateaz gain miresgarria ere badela.

Pentsa: ehunka kantu eginda badituzu beti berriei ematen diozu lehentasuna,. Hala ere, beti datoz kantu historiakoak ere, jendeak memorian dituenak. Baina unean unekoa da nire leloa eta ez oroipenetan ihardutea, nahiz eta beti egiten diodan atzekoari biratxo bat. Anekdota askotxo daude honen inguruan. Bat kontatuko dut: Behin emakumezko bat hurbildu zitzaidan eta “Gontzal, ni zure musikaren fan handia naiz, zure lehen diskoa (“Zaurietatik dario”) daukat etxean. Hogei ditudan arren, ez du hark beste nire diskorik entzun!

Xeberrirekin atera zenuen lehen diskoa, arrakasta itzela izan zuena. Bakarkako bideari ekin zenion gero, kantautore aldarrikatzaile izateari utzi gabe. Gero, bost urte itxaron behar izan genuen hurrengo diskora arte, eta beste hainbeste hurrengora arte. Gaur egun, argitaratze-epe normalak dira horiek, baina garai hartan luze egiten zen bost urte itxarotea...

Gauzak hasi eta eten egiten dira. Bikoteak ere gehientsuenetan ez dira betirako izaten. Xeberrirekin batera ehunka kontzertu eskeini genituen. 1975.urtean bakarrik 200 kontzertutik gora. Gogoan dut Uztail batean hiru kontzertu eman genituela egun berean: eguerdian Bizkaiko Areetan, arratsaldean Donostiako portuan eta Gauez Pasaian. 1978. urtean “Egunsentiari agur” Bartzelonan grabatu genuen.

“Hasperen itun” (1983) diskoarekin rock progresibora jauzi egin zenuen: kantu luzeak, egitura konplexuak, pasarte eta garapen instrumental aberasgarriak, esperimentazio punttu bat... kuriosoa da, baina ordurako euskal rock progresiboa ez zen jada existitzen. Korrontearen kontra ibili zinen?

Hala da bai. 1983. urtean, agian nire diskarik esperimentalena egin nuen. Orduan King Crimson eta Rober Fripp ere entzuten nituen eta esperimentu berriak egin asmoz edo, kantu eta talde esperimentalak sortzeko asmoa neukan. Funki eta jazz itxurazkoak ere egin nituen. Beti atsegin izan ditut Genesis eta Peter Gabriel.

1983. urtea nahiko erabakiorra izan zen niretzat. Oker ez banago orduantxe egin zen Urkiolan lehen AEKanpadaren kantaldi erraldoia, eta ni neu musikari talde on batekin baina atera berriko kantuak kapela batez, soineko zuriz eta “Bilbao la nuit”, hiriko kultura irudikatzen zuen eszena horrekin kantatu nituen, “Santutxuko aldapan” eta horrelako kantuak. Kantatzera atera eta… “zer dugun ikusteko, nola aldatu den Gontzal. Amerikar itxura horrekin, hau ahal da ba gurea?” Beraz, ikasgaia ona, gaur goian zaude eta bihar ez zara ezer.

Handik lasterrera, Ertamerika eta Hegoameriketara zortzi hilabeteko bidai luzea egitea erabaki nuen. Han, besteak beste, Amazonas ibaia hamabost bat egunez, bertako itsasontzi txar baten egin nuen.

1988ko “Egunen batean” itxura batean kantautore melodiko estiloan sar genezake, nolabait esateko. Pieza delikatu zoragarri zenbait (“Ene maitea”, “Egunen batean”...), orkestraziodun kantu oparoak (“Begira ondo begira”) edota zure ibilbideko kantarik ederrenetako eta ezagunenetako bat: “Merezi ote” bertan daude.

Sozilogia ikasketak amaitu eta Bilbon Ulibarri Euskaltegiaren sortzailetakoa izan nintzen eta 1984tik 1991ra bertan izan nintzan irakaskuntzan. Eta, nola diren gauzak, 1987. urtean Baztan bailaran -Oronoz Mugairen,- Maristak ziren fraide batzuei eskarazko klaseak emateko eskaria etorri zen. EGA atera nahi zuten eta beraiekin hiruzpalu hilabete bizitzera nor joango ote zen erabakitzeko momentu horretan neure burua aurkeztu nuen. Eta, egoera guztiak probetxugarri direnez, hantxe bertan sortu nituen “Egunen batean” diskoko kantuak. Haietako batzuk oso entzunak izan dira.

Dena den, zenbait erritmo berritzaile eta exotikotasun punttu bat baino gehiago duten momentuak zeuden hor: “Igela” batetik, ordura arteko zure kantutegian rara avis dotorea (erritmo latinoak, sintetizadorea eta soinu guztiz modernoa)... eta zer esan “Kiki Kokoroka” zoroari buruz? Berriz ere deabruzko erritmo hori eta melodia borobila!

“Igela” kantuari buruz, gogoan dut nola euria barra-barra egin ostean Baztango Irulegi ondoko bidezidor batetik nindoala eta ehunka igel saltoka bidez-bidez zebiltzala. Hortik hartu nuen irudia. Beti daramatzat paperen bat eta arkatza, orain mugikorra, eta han hasi nintzen apunteak hartzen gero kantu bihurtuko zen ideia hori lantzeko. Eta Maristen gela handi edo garaje batean neuzkan bai gitarra baita zortzi pistako grabazio mahaia (Jean Phocasi erosia) eta hantxe hasi nintzen sortzen. “Ene maitea” kantua, aldiz, Zugarramurdiko koba barruan hasi zen ernetzen.

Laster etorri zen “Zu zeu” diskoa, bi urte geroago. Aurreko lanarekiko eboluzio bat bezala har daiteke: pop-rock eskemetara gehiago urbiltzen dela egia da, baina erritmoei dagokionez adibidez “Egunen batean” diskoak ireki zuen bidean sakontzen duela dirudi.

Pop-rock erritmo eta itxura duen diskoa da “Zu zeu”. Eta bai, aurrekoaren eboluzioa dela esango nuke. Erritmo biziagoa dauka agian baina neure ildoa jarraitzen du.

Zure proiektu handien garaia iritsi zen gero: “Olentzaro”, “Iparragire hegalaria”, “Memorian”, “Zuri so”, “Arrupe”... Diskoak, antzezlanak, musikalak... urte oparoak izan ziren. “Arrupe” izan zen etapa horren azken pausu garailea, 2007an bertan etorri baitzen zaplasteko ekonomikoa, lehen aipatu dugun arrazoi horiek direla eta...

Ni, zorionez, antzerkia maite duen herri batekoa naiz. Nire herrian, Zeanurin, aspalditik dator antzerkirako zaletasuna, antzerki kostunbrista deitzen den horietakoa, eta kantagintzan oso gazterik hasi banintzen ere, neure herriarekin batera hainbat antzezpen egiten genituen. Ezagunena, jakina, “Iparragirre hegalaria” da, baita “Olentzaro” ere, baina aurretik ere hiruzpalau antzezpen herrikoi eginak genituen. “Arrupe” musikala eta “Gau Magikoa” ere hor daude. “Hazia” da azkenengoa baina jada hurrengoan pentsatzen... bizi bagara etorriko da eta.

Guzti honetatik ateratzen dudan ondorioa positiboa da, derrigor. Ezina ekinez egina, lana, bide propioa... Euskal nortasunaren, kulturaren eta historiaren defendatzale sutsua zara. Hori ere erresistentzia da.

Geu garena defendatzen ez badugu, nork egingo du ba? Nik beti esan dut gauzak egiteagatik egiteak ez dutela baliorik, egiten dena ondo egin behar dela. Sakon eta sendo. Arinean bizi gara baina baita arintasunean ere, eta sakontasun falta izugarria nabaritzen dut garai hauetan. Dena pasakorra balitz bezala, inongo gogoetarik egin gabe bizi eta aurrera! Ez da hori ere. Atzeak erakusten du aurrea eta. Eta bestetik, bakoitzak nahitaez bere bidea egin behar du, gauza berrien ilusioarekin. Badut bai zer kontatu eta zer erakarri ere.

Badira 21 urte Jaime Iarritu joan zitzaigunetik. Euskal eszenan pertsonai klabea izan zen, nahiz eta bere metodoak askotan eztabaidagarriak izan. Helburua argi zuen: euskal musikan azpiegitura duina lortzea. Berarekin harreman txarra izan zenuen... egia esan polemika ia beti berarekin zeraman, baina... gaur egundik ikusita, berak egindako lana garrantzitsua izan zela uste duzu?

Gertakizunak eta gizakiok egindakoak, betiere bizi dugun edo bizi izan dugun testuingurutik aztertu behar dira. Jaime Iarrituk Xoxoa diskoetxea, Bikoizketarako Galdakao estudioa eta K2000 sortu zituen baina horien aurretik eta oraindik Frankismopean geundelarik Agerki euskal musikaren kontratazio etxea sortu zuen eta neu ere berarekin batera horren sortzaileetakoa izan nintzen. Izaera zailekoa edo gogorrekoa zen Jaime eta askorekin ez zuen ondo amaitu. Ni, 1982-1983an, ETBren hasieran bikoiztaile lanetan ibili nintzan Galdakao estudioetan, baina gero utzi egin nuen, ez bainuen haren portaera gustuko, nahiz eta ekintzaileak diren gizakiak beti ditudan baloratzen, askotan iritzietan bat ez bagatoz ere. Bittor Kapanaga oso gertu izan dudan euskararen ikertzailea eta psikologo handia zen eta bere esanahiarekin bat nator: gizakiaren izaera (karakterra) ez da inoiz aldatzen. Beraz, ez ditut inposizioak batere gustuko ez gogoko, ezta neu besteen gainetik egotea ere.


Utzi iruzkina: