AKELARRE "GAUERO"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2019-03-19 15:20

   AKELARRE “GAUERO” (IZ, 1987)

 1987a da: Usurbilgo pilotalekua jendez gainezka dago, rock and roll gau ahaztezin baten esperoan. Akelarre bere garai onenak bizitzen ari da; egia esan, urte batzuk daramatza hor goian, eta oraindik dezente gehiago geratzen zaizkio gailurrean egoteko. Baina gau horretan grabatutakoak parekorik ez duelakoan nago.

 Ez dut uste disko honen maila inork gainditu duenik. Frenetikoa, amorratua, bizkorra… Gauero hasten den momentutik amaieraraino, atsedenik gabeko himnoak bata bestearen atzetik, momentuko musikaririk onenetako batzuen eskutik. Rockzale aurreko urtean atera zuten; seguruenik, beraien gogorrena. Alberto Batizen gitarrak eta konposizioek rock gogorrera eraman zuten taldea, nahiz eta Anje Duhalderen garaian ere estilo horretatik hurbil aritu ziren.

 Rockzale abestia bera Eguneroko reggae-rekin elkartu zuten, zuzeneko honetan beste batzuekin ere egin zuten bezala. Bi abesti horiek sortzen duten sentsazioa ikusgarria da, 32 urte beranduago ere. Kantuz beste klasiko bat dugu, eta segidan beste meddley bat: Bertsolari, Eltzegor eta Mutur Gehitxo A aldea amaitzeko. Ikusleen oihuek dena esaten dute. Langile eta Mari-ren artean dagoen Amets Trakets beste zartako hard rockeroa dugu; geroztik kontzertu guztietan jo dutela esango nuke.

 Eta azken txanpan beste hiru hit elkarri lotuta: Goizero, Korrikan eta Akelarre: ozen, gogor eta bizkor. Akelarre zein handia izan zen ulertzeko behar beharrezkoa da grabazio hau entzutea, estudioko beste mordoxka bat bezala, jakina (Gau pasa, Rockzale, Hator!... e.a.). Baina dokumentu hauxe da, seguru aski, momentu magiko guzti haiek erarik aproposenean biltzen dituena. Horrexegatik, CDan inoiz argitaratu ez izanak harritzen nau. Sekulakoa izango litzateke!!


Utzi iruzkina: