2020ko Diskorik onenak

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2021-01-09 20:14

pyromanya@hotmail.com 1610220493278

Hilotz — Aske (Maldito Records). Nondik hasi lan hau deskribatzeko? Grabazio borobila, zitala, errukirik gabeko kaña sartzen duena, konposizio zein exekuzio alorrean konpletoa... Zati instrumentalen maisutasuna gailentzen da lan osoan. Irudimen handiko egiturak, ñabardura amaiezinen festak, gustu handiz egindako aldaketa eta bariazioak, gitarra harmonikoki aberatsak, soinu orokor konpaktu eta garbia. Guzti horri Mikel Yarzaren ahots hilgarri, arraspatu eta muturrekoa gehitzen badiogu, aurtengo diskorik onena daukagu. Disko hau, lan bat baino gehiago, monumentu bat da. Monumentua, bide batez, Ekaitz Garmendia ekoizleari ere egin beharko genioke.

Nøgen — Under Alt (Airaka). Kalitatezko pop musika, modernoa eta sofistikatua. Ahots zoragarriak, soinu kapa iradokitzaileak, kantu borobilak eta kalitatezko konpositore ekipoa. Sonoritatea eta musikaltasuna bilatzen duten ahotsak, atmosfera erakargarriak eta single bokazioa duten 9 kanta. Guzti hori ez litzake posible izango Haritz Harreguyren jakituriarik gabe.

Kuartz — II (Egilea editore). Bastidako (Nafarroa Beherea) bikotea dugu Kuartz, Oihan Delavigne (bateria eta koruak) eta Ibes Mongaburek (gitarra eta ahotsa) osatua. Isiltasunak kudeatzeko duten gaitasuna da bereizten dituena. Gustu onez eta nolabaiteko sinpletasunez betetzen dituzte disko osoko pasarteak. Disko osoan azeleratu gabeko erritmoak dira nagusi. Gutxirekin asko esaten duten pieza motak dira, eta horregatik tenpoa azkartzen duten momentuetan efektua ikusgarria da. Stoner rockak badu hemendik aurrera beste kalitatezko defendatzaile bat beraz, afizioa sortzeko moduko boterea eta ahalmena daukana.

Petti — Manipulazio estrategiak (*Zart). Kontzeptuala, eklektikoa, anitza... Bere lanik onena izateko lasterketan podiumean kokatu da argitaratu den momentu beretik. Kantu patxadatsu baina intentsuak gehienak, Etxeko Uzta taldearekin egindako rock pieza indartsu batzuk ere badauden arren. Et Incarnatus hari laukoteak tentuz eta sentsibilitate handiz jantzi ditu diskoko beste kantu guztiak. Maite Larburuk egin dituen kolaborazioak zirarragarriak dira, eta Harkaitz Canok hitzekin egin duena bereziki aipagarria. Nortasun eta magiaz jantzi baitu lan osoa.

Gatibu — Musikak salbatuko gaitu (Egilea editore). Badauka azken 18 urteotako euskal musikak garantia hutsa den talde bat, dagoeneko dozenaka abesti ezagun grabatu dituena eta gure plazak merezimendu osoz bete dituena. 6 kantuko lan hau garai onenetara itzulera da. Sentimendua, estiloa, harribitxiak konposatzeko gaitasun berezia, teknika, estiloa... Instrumentu bakoitza sartzen denean, denak milimetrora neurtua dirudi, baina inoiz ere feelinga galdu gabe. Gatibuk oraintxe bertan daukan maila enbidia emateko modukoa da, bloke mardula osatzen dute eta garaitzera datoz.

Liher — Hemen herensugeak daude (Egilea editore). Emakumezko batek bizitzen duen istorioa kontatzen duen opera-rocka: Jaiotzen denetik, emakume bihurtu, gizarteari aurre egin eta bortxaketa bat jasateraino. Mendekua hartzen duen protagonistak damurik ez du erakusten, gainera. Soinu garbi eta bereziki boteretsua daukan artelana, Hard Rock eta Stoner doinuak nagusitzen diren arren, atmosfera ezberdinak landu dituzte betiere narrazioaren mesedetan. Goitik behera, kalitate eta funts handiko diskotzarra.

Esti eta Mikel Markez — Azal berritzen (Egileak editore). Konfinamenduaren eragin zuzena izan da “Azalberritzen”. Aita-alabek, bakoitzak bere etxetik, sortzeko beharrari eutsi ezinik erdibana osatu duten albuma. Mikel ezagutzen genuen, baita bere kantu eder eta sakonak egiteko trebetasuna ere; aldiz, Estirena nobedadea izan da, eta irakaslea etxean izan duen arren, berak konposatu du disko erdia. Gainera, ahots oso boteretsu baten jabe izateaz gain, heldutasun handia erakutsi du lan honetan. Kontuan hartzekoa izango da datozen urteetan.

Rodeo — Ezherrian (Bonberenea Ekintzak). Teknika handia erakusten duten taldeak asko dira. Egurra gogotik ematen duten beste hainbeste ere. Rodeok, ordea, biak batera eskaintzen ditu bai diskoan zein zuzenekoetan. Zestoarrek Stonerraren lurralde gozagarriak lantzen jarraitzen dute, jatorrizko bertsioari era aski fidelean. Horrek taldearen estiloa mugatzen du? Ez, inola ere. Stoner musika eta irudimena eskutik doaz, eta Rodeok aspaldi asimilatu zuen hori.

Basaki — III (Egilea editore). Luze egin zaigu (9 urte, alajaina!) Leioarren lan berriaren itxaronaldia. Laukote izatetik hirukote izatera pasatu diren arren, hirurak ere jatorrizko partaideak dira eta Basakiren nortasun agiria diren melodia eta irmotasuna mantendu dituzte. Base erritmikoaren botereak ere bere horretan darrai, baladak egiteko gaitasunak egin duen moduan. Entzun, bestela, “Bitartean”.

Modus Operandi — Dantza gaitezen hil arte (Baga-Biga). Lan polita eta bizkorgarria landu du, bigarrena jada, talde gasteiztarrak. Betagarriren salaketa eta tematika soziala galdu gabe, bestelako gaiei ere heltzen diena, eta oraingo honetan gainera, nobedade diren beste soinu batzuk ere sartu dituzte, musika latinoa, funkya eta reggaetoia, kasu. Talde segurua da, kalitatea bermatua daukana, eta edozein oholtza sutan jartzeko ahalmena mantentzen duena.

Bizarro — Deshumanizazioa (Almehuna). Ongi etorriak gitarren boterearen erreinura. 90.hamarkada oso present izaki, ez dira falta Melvinsez gain Edgar Winter Group gogora ekar ditzakeen momenturik. Oinarrizko erritmoa, astuna eta ahalguztiduna, da nagusi hemen, baita melodia intentsu zein konposizio borobil batzuk ere. Gitarren efektuei ere ez diete muzin egin, eta bi ahotsen jokoa aberatsa da E.P. honek dauzkan bost kantuetan.

Izaro — Limones en invierno (Egilea Editore). Mallabiarraren goraldiak ez du oraindik goia jo, baina espainiar salmenta zerrendetan lortutako bigarren postu hori historikoa izan da. Diskoak argitaratzeko hartu duen erritmo hau frenetikoa da, eta horrek “Easo” diskoan lortutako maila orokorra apur bat jeitsi duen arren, ukitzen duen guztia urre bihurtzen duela dirudi. Ez dira falta kantu sentiberak, soinu kapa mozkorgarriak eta talentudun konposizioak hemen. Hori gutxi balitz, Xoel Lópezekin egindako duoak Izarok hartu duen estatusaz asko erakusten digu. Horregatik, bere ahots natural eta pertsonalak historia egingo duelakoan gaude.


Utzi iruzkina: