ZENTSURA HANDITU

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-02-29 01:22

belokijmari@gmail.com 1709166964398

Norbaitek hori aginduz bandoa jo duela dirudi. Aspaldi samar ari gara entzuten Europan Interneteko edukietan eragiteko lege berriren bat prestatzen ari direla, pentsamendu bakarra bermatze aldera. Orain Alemaniatik iristen zaigu alde horretatik jotzen duen berria. Gobernuak onartu berri duen neurri batek Barne-Ministerioari jendearen kontu korronteak ixteko eta ondasunen enbargoak agintzeko eskumena ematen dio, epaileen adostasunik behar izan gabe. Disidentzia gero eta garestiago ari da jartzen.

Bide beretik, hau da, pentsamendu bakarra sustatzearen aldera, META -lehengo Facebook- ere bide honetatik urratsak ematen ari da. 2024ko Europako Batasunako hauteskundeak direla eta, METAk edukiak kontrolatzeko makinaria handi bat abiarazi du. Hala aitortu du bere bozemale Marco Pancinik, enpresaren webgune ofizialean. Helburua, txukuna noski, “integritatea babestea” da. Azken zortzi urteetan 20.000 milioi dolar inbertitu du eta 40.000 langile eta 15.000 ikuskatzaile prestatu ditu. Orain EBeko 24 hizkuntza ofizialetan Facebooken eta Instagramen eginen diren publikazio guztiak ikuskatzeko lanetan jarriko ditu.

Abantailaren bat behar zuen euskara ofiziala ez izateak! Euskaraz idazten dugun euskaldunok libre geratuko gara oraingoan eta ekaineko EBko hauteskundeetako kanpainan nahi ditugun guztiak lasai esateko aukera izanen dugu. Bejondeigula!

Zentsuraren ildoari berrekinez, errusiarren balizko eskuhartzea aitzakia -ezin Errusia deabrutu gabe utzi-, EBerako Operazio Bereziko Gunea aktibatuko du META enpresak, bereziki “eduki deserosoak” automatikoki zentsuratzeko. Zentsura publikazioak isilaraztea izanen da. Hauteskundeak manipulatzeko inoiz antolatu den handienetakoa izanen da hau.

Aurrekari bakarra ezagutu da orain artean, Cambridge Analytica 2018an publikoki onartu zuena. Enpresa honek 200 hauteskundeetan esku hartu zuela mundu osoan zehar azaldu zuen. India, Pakistan, Thailandia, Indonesia, Malaysia, Kolonbia, Zipre, Zambia, Hegoafrika, Errumania, Italia, Lituania, Trinidad eta Tobago, Nigeria, Txekia eta Argentinan hain zuzen ere. Tori demokrazia eta tori askatasuna!

Eta hau dena esan eta gero, galdera bat: zein dira Silicon Valleyko enpresa honek hauteskundeotan dituen interesak? Zentsuratzeko teknika berrien entrenamendua agian? Antza denez, laborategiko sagutxoen lana egitea egokituko zaie EBko biztanle gehienei. Behingoz, euskaldunok libre geratuko gara errepresio mota honetatik. Zorionak euskaraz idazten duzuen/dugun guztioi. Sorioneku gu!

https://insurgente.org/facebook-se-encargara-de-censurar-contenidos-en-la-campana-electoral-de-las-elecciones-europeas/


Utzi iruzkina: