"RUSSIA TODAY" PP-VOX-EN BIDETIK

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-11-20 01:47

belokijmari@gmail.com 1700441545639

Pedro Sánchez presidente hautatu baino egun pare bat aurretik, “RUSSIA TODAY” (RT) telebistako “El Zoom” saila zuzentzen duen Javier Rodríguez Carrascok “Espainia: berehalako zatiketa?” programa eskaini zuen. Harritu egin ninduen izenburu horrek erakarrita, programa osoa ikusi nuen (24 min.) eta txundituta geratu nintzen bertan esan ziren izugarrikeria guztiengatik. PP-VOXek bere telebista baleukate ez lukete programa bihurriagoa eginen.

Lehen hitzetatik hasten da Espainian giro apokaliptikoa dagoela azaltzen. “Europan sekula ikusi ez den zerbait”, “Espainia herrialde gobernaezina”, “egoera kritikoa”, “tentsio gorena Espainian”, “demokrazia arriskutan”, “Espainia osoa txunditurik dago”, “demokraziaren lorategia ihartzen ari da”…

Arazoa ez da Espainiara mugatzen. Europa eta mundu osoa ikusten du arriskutan. “Europarako eta mundu osorako aurrekaria izan liteke”, “haustura politiko ia osoa gerta liteke herrialdean eta agian kontinentean”, “mundu osoan ari dira galdera hauek egiten”, “mesfidantza sortzen du bazkideengan”, “independentziaren joera Europako beste lekutan ere bada eta zabaldu egin liteke”, “Hegoamerikara ere zabal liteke (Argentina eta Txileko maputxeak hor dira, adibidez)”…

Pedro Sánchezentzat dira, noski, tiro zitalenak. “Gezurrak esan ditu eta bere printzipioak aldatu”, “legeak bere interes alderdikoiei egokitu”, “interes politikoak legeen eta justiziaren gainetik jarri”, “arauak borondate nazionalaren gainetik inposatu”, “instituzioei entzungor egin”, “botereen banaketa zalantzan ipini”, “lehen eta bigarren mailako jendea bereizi ditu”, “ematen ez diotenez, bere nahierara egokitzen ditu legeak Gobernua eskuratzeko”, “legearen eta justiziaren gainetik ari da”, “arauak nahi duena egiteko aldatzen ditu”. Ikuspuntu moraletik ere bada egurra berarentzat: morala ote da gauza bat esan eta handik egun gutxira aurkakoa, delitu batzuk barkatzea eta itzuliko ez diren milioi batzuk eramatea?”…

Politikari katalan auzipetuak ez dira libratzen. “Gaizkileak dira”, “terrorismo delitu larriak egin dituzte”, “denona den ogasunaren zati bat nahi duten Kataluniako aberatsak dira”, [Euskal Herriarekin batera] zorra barkatua izanen dute eta besteek ordaindu beharko dute”, “legeen gainetik daude, legeak nahierara aldatzen dituzte”. “Katalunia gainerako komunitateak sostenga lezakeen bakarra da eta kutxa bakarra eta berdintasuna hausten ditu”…

Amnistia ere epaitzen du, nola ez. “Ez da konstituzionala”, “ez da legezkoa”, “amnistiarekin hamaika urtez egindako delitu guztiak saihesten dira lasai-lasai”…

PSOE alderdiak ere merezi izan du bere txokoa hitzaldi luze eta mamitsu honetan: “PSOEk diskurtso nazionalista oso-osorik egin du bere”.

Halako diskurtso tremendista halabeharrez bukatu behar zuen esaldi potolo batekin: “non da legearen inperioa?” galdetu zuen bere hitzaldia amaitzeko. “Sánchezek ordena bere arauetan oinarritzen du“ esanez esaten digu agur.

Azken galderak

Aurreko horiek guztiak entzun eta gero, ezinbestean galdera batzuk egin behar dizkiogu geure buruari.

  1. Gizon horrek sinesten al ditu bota dituen lore horiek guztiak? Zaila dirudi. Helburu politiko batzuen mesederako ari dela ematen du, noski.
  2. Afera hau ez dela Espainiara mugatzen ondorioztatu zuten berak eta erredakzioko bere lankideek. Europara eta mundu osora zabaltzeko arriskua ikusten dute. Hain eraginkorra al da Espainiaren politika planeta honetan? Ño!, zaila dirudi.
  3. Programaren mamia erredakzio-kontseiluan finkatu zutela esan zuen aurkezleak. Beraz, RUSSIA TODAYren ildo editorialarekin bat datorrela ondorioztatu behar da. Era berean, -jabea Errusiako Federazioa denez- Errusiako Gobernuaren ildo politikoarekin ere. Hortaz:
    1. Nola ulertzen du Errusiako Gobernuak autodeterminazio eskubidea? Katalanei ukatzen dien eskubide hau Luhansk, Donetsk, Zaporozhy, Jerson eta Krimeari zergatik onartu die berriki? Duela urte batzuk Txetxeniari ez zion onartu. Hortaz, soilik estatuak gizentzeko balioko luke eta ez argaltzeko?
    2. Txinarekin batera, Errusia da BRICSen motorra gaur egun. Politika aurrerazalea egiteko motor gisa ulertzen dugu elkargune hori, yankien parez-pare jarri delako hauen aspaldiko politika hegemonikoarekin amaitu nahi dutelakoan. Katalanei bezala euskaldunoi ere ukatu eginen digute eskubide horren aitortza. Non geratuko zaigu BRICS elkargunearekin hartzen ari ginen enpatia?
  4. Hurrengo urteetan litekeena da Espainiar Estatuan plurinazional izate aldera urratsak eman daitezen. Errusia eta bere aparatu guztiek bat eginen al dute PP-VOX bikoarekin? Bai tristea izanen litzatekeela.

joan mari beloki kortexarena

2023-11-19


Utzi iruzkina: