PEDRO SÁNCHEZ PRESIDENTEARI GUTUNA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-11-20 01:37

belokijmari@gmail.com 1700441004934

Lehenik zorionak eman nahi dizkizut, Estatuko presidente hautatua izatea lortuko duzulako. Horretarako gutxienez beste sei indar politikoren botoak eskuratu behar izan dituzu eta hori gaur egun ez da txantxetako kontua. Denei eman behar izan diezu zerbait garrantzitsua eta hori Estatu honetan garestia da.  

Beno, denei esan dut baina ia denei esan beharko nuke, Ezker Abertzalea konforme geratu baita faxistak Gobernura ez iristearekin eta oraingoz ez dizute bestelako exijentziarik egin. Hauei ere zorionak eman nahi dizkiet, nik dakidala orain artean indar politiko bakar batek ere ez duelako horrelako jarrerarik sekula izan eta ausarta behar delako izan horrela jokatzeko. Baina politikan badakigu inork ez duela deus musu truk ematen. Hortaz, aurrerago Ezker Abertzaleari zerbait eman beharko diozu halabeharrez. Ni proposamen pare batekin natorkizu orain, nafarrontzat onak direlakoan.  

Lehen proposamena berriki erakutsi duzun gaztelaniaz besteko Estatuko hizkuntza ofizialekiko zure konpromisoari atxikitzen zaio. Txalogarria baita Madrilgo eta Europako Kongresuetan hizkuntza ofizialak izan daitezen egiten ari zaren saiakera. Baina ez al zaizu iruditzen arraro samarra -eta ulertzen aski zaila- zure alderdiak euskara ofiziala izan dadin sustatzea  Europan eta Madrilen, ontzat ematea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa osoan, eta Nafarroa Garaian erreserba txiki batera muga dezan ofizialtasuna nafar gehienei ukatuz? Horra hor, beraz, egin dezakezun lehen ekarpen ikusgarria: zure alderdikide nafarrak konbentzitu euskararen ofizialtasuna herrialde osora zabaltzeko konpromisoa har dezaten, alderdiak gaur egun duen kontraesana  gainditzeko modu egokiena delakoan. Ahal dela, legegintzaldi honetan izan dadila eta lehen urtean bada hobe.  

Esandakoaz gain, beste argudio bat gehituko dizut zeure alderdia ofizialtasunaren alde jar dezazun Nafarroa Garaian ere. Euskara estimatua eta maitatua den balioa da lurralde honetan eta jende askok nahi du eskuragarri eduki bere buruarentzat eta seme-alabentzat. Euskararen aurka aspaldi honetan egiten ari zareten lanak alderdiari ez dio onik egiten, hemengo faxisten parean jartzen zaituztelako. Euskararen aurka jardutea hemengo burgesiaren eta faxisten zeregina da, ez langileena eta jende xumeena. Eta zuek azken hauengandik jasotzen dituzue boto gehienak. 

Azken ideia honekin lotuta doakizu bigarren proposamena. Izan ere, zure alderdiak ahalbidetu dituen Iruñeko azken alkateek euskararen aurkako jarrera oso aktiboa baitute. Bereziki mingarria egiten zaigu euskarari nola ixten dizkioten ateak haurtzaindegi eta haur eskoletan, gure haurrei bertako kulturaren altxorrik aberatsena ukatuz. Afera honetan ere ekarpen bikaina egin dezakezu zure alderdikide nafarrak egungo alkateari aurkez dakiokeen zentsura-mozio bat babesteko konbentzitzen badituzu. Iruñeak alkate aurrerazale eta euskaltzalea merezi baitu.  

Bi proposamen hauek aintzat hartzen badituzu zeure alderdia berritu duzula sinetsiko dugu eta zurekin tratuak egitea merezi duela. Erne eta arreta osoz jarraituko dugu hurrengo hilabeteetako bilakaera politikoa. Adeitasunez, 

joan mari beloki kortexarena 

2023-11-04  


Utzi iruzkina: