GERNIKAKO ARBOLA ALA EUSKO GUDARIAK?

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2023-12-03 01:16

belokijmari@gmail.com 1701796839012

2023-11-26an Gernikako Arbola kanta Euskal Herriaren ereserkia izateko proposamena berretsi dute Urretxun. Proposamenaren lehen aurkezpena duela hiru urte egin zen, Iruñean. Arrazoi ugari eman da proposamenaren alde: diasporako euskaldunek betidanik abestu dutela honelako zentzua emanez, aurreko mendeetatik hasita ideologia politiko desberdinetakoek hartu izan dutela zentzu horretan, musikatzen duen zortzikoa egokia dela ereserki baterako, Iparragirre sortzailearen beraren unibertsaltasuna... Proposamenaren aurka beste hainbat arrazoi argudiatu izan dira: kutsu erlijiosoa duela, karlistena dela, EAJrena dela, testu zaharkitua duela...

Nik, egia esan, aldeko eta aurkako arrazoiak aurkitzen dizkiot Iparragirre koplari handiaren bertso honi -gogora dezagun ekimenaren sortzaileek lehen bertsoa bakarrik proposatzen dutela-. Neronek ere maiz abestu nuen kanta hau gaztetan, kantak bat egiten baitzuen nire sentimendu euskaltzale eta aldarrikatzaileekin. Baina gizartearekin batera neu ere aldatu egin naiz eta egun ez nuke lortuko bedeinkatua eta adoratzen hitzak ezpaineratzea. Bestalde, ereserkia izateko, imajinarioa Bizkaiari lotuegia egiten zait. Seguraski, garai haietan Gipuzkoak antzeko ikurrik eduki balu, Iparragirre urretxuarrak beste kantaren bat sortuko zukeen. Baina Gipuzkoan batzarrak ez ziren beti herri berean egiten, Bizkaian egiten zen moduan; Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia txandakatuz joan ziren hainbat urtetan zehar. Tira, bilatzen hasi ezkero, ziur aurkituko dugula Gernikako arbola baino beste ikur zabalagoa.

Bertso horren hitzak ez dira gaur erabiliko genituzkeenak, noski. Baina Iparragirrerena izatea aski da alde horretatik onartua izateko. Hau diot gaur egun norbaitek proposamen berria eskain lezakeelako. Arazoari irtenbide bat bilatzeko beste aukera izan liteke. Adostasun zabala lortuko lukeen sortzaileren bati ereserki berri baten proposamena eska dakioke, zergatik ez?

Bada beste aukera bat ere. Eusko gudariak kanta, hain zuzen. Gaur egun Euskal Herrian milaka askoren babesa izanen lukeela iruditzen zait. Kanta honen hitzak Jose Maria Garate Azkarragak asmatu zituen 1932an. Doinua nonbait entzuna ikasi zuen eta hari egokitzen zitzaizkion hitzak asmatu zituen. Hasiera batean arrakasta handirik izan ez bazuen ere gerora, 1936an, gudari konpainia batek bere ereserkitzat hartu zuen. Aurrerago, 1937an, Alejandro Lizaso Eizmendi Orioko txistulariak bigarren bertsoa erantsi zion, ikutu borrokalariagoa emateko asmoz. 1942an, José Antonio Agirre lehendakaria, Telesforo de Monzón, J.M.Lasarte eta A.Irala laukoak New Yorken abesti hau grabatu zuten lauok batera abestuz.Datu hauek "Memorias de Getxo" izeneko blogetik ateratakoak dira. Geroztik bertso gehiago erantsi zaizkio. Oso abestua izan da frankismoan eta gero ere, gaur egun oraindik herritarren artean onarpen maila handia duelarik.

HERRIARI GALDETU

Arbola ala ikurrina, zein ikur lotzen zaio egokiago zazpi herrialdeetako ereserkiari? Nire iritziz ikurrina. Bere atzean odol asko isuri da, gaurkotasun osoa du, bizi-bizirik dago, Euskal Herriko herri guztietara iritsi da, ehunka udaletxetan ikus dezakegu ohorezko lekuan, ideologia ezberdinetako ekintza politiko ugaritan erabiltzen da... Gernikako arbolak historia du, baina konnotazio nostalgikoak ditu bakarrik. Ikurrinak konnotazio nostalgikoak ezezik gaurkotasun osoa du.

Gaur egun euskal herritarrei galdetu ezkero, ez dakit emaitza zein izanen litzatekeen. Seguraski aipatutako bi kanta hauek milaka askoren hautua jasoko lukete batak nola besteak ere. Herritarren arteko zatiketa ez da giro onena ereserki bat hautatzeko garaian, baina erabakiren bat hartu beharko bagenu zein bide hartuko genuke? Euskal Herri osoan zehar erreferendum zabala egitea izanen litzateke egokiena. Egiterik ez balego, beste aukera bat udal guztietan aurkeztea izan liteke. Kasu honetan udalen kopuruei baino garrantzi handiagoa emanen nieke zinegotzien kopuruei. Euskal herritar guztien iritziak ordezkatzeko orduan egokiagoak izan daitezkeelako zinegotzien iritziak udaletako gehiengoak baino.

                     GERNIKAKO ARBOLA                                 EUSKO GUDARIAK

                     Gernikako arbola                                            Eusko gudariak gara
                      da bedeinkatua                                                 Euskadi askatzeko,
                      euskaldunen artean                                        gerturik daukagu odola
                      guztiz maitatua.                                                bere aldez emateko.
                      Eman ta zabal zazu                                          Irrintzi bat entzunda,
                      munduan fruitua                                              mendi tontorrean,
                      adoratzen zaitugu                                             goazen gudari danok
                      arbola santua.                                                     ikurriñan atzean.

joan mari beloki kortexarena

2023-12-5


Utzi iruzkina: