EUROPARAKO EREDU BIKAINA

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-01-30 15:00

belokijmari@gmail.com 1706659013936

Ekialde Hurbila, Ekialde Ertaina… Nola izendatu inguru hura? Hemen, errespetuz, Asiaren Hego-Mendebaldea deituko diogu, beste izenak atzerritarrek jarri zizkiotelako, beren hegemonia baliatuz.

Eskualde honek betidanik izan du garrantzi geopolitiko handia munduan, hor elkartzen baitira Afrika, Asia eta Europa eta hiruak lotzen dituzten bideak. Baina gaur egun, petrolioak eta arlo ekonomiko eta finantzarioan duten indarrak munduko eragile garrantzitsuenen artean jarri dute eskualdea. Herrialde aipagarrienak Saudi Arabia, Irak, EAB Emirerri Arabiar Batuak, Iran, Kuwait… dira, gutxienez petrolioaren merkatuaren %30 kontrolatzen baitute. Eta Golko Pertsiarreko zirkulazioa ere.

XVIII. mendetik XX.aren erdialdera arte  frantsesek eta britainiarrek kolonizatuta eduki zuten inguru osoa. Baina duela mende erdia bertakoak indar kolonizatzaileekiko menpekotasuna gainditzen hasi ziren. 1956an Egiptok Suezko Kanala bere esku hartu zuen, frantsesen eta britainiarren aro kolonizatzailearen amaierari hasiera emanez. 1979an Iranek britainiarrek jarritako Sah Reza Pahlavi atzerrira bidali zuen, haren lekuan bertako interesak aurretik ipintzen zituen Jomeini aiatola jarriz.

Irailaren 11ko Dorre Bikien gertaerak ezkero, estatubatuarren artean islamofobia zabaldu zen eta arabiarrak baztertzen hasi ziren. Ondorioz, arabiarrak AEBetatik aldentzen joan dira etengabe azken 22 urteotan. Arabiarrekiko harremanak erabat gaiztotu zuen urte askotan estatubatuarren babes osoa jaso zuen Hosni Mubarak Egiptoko Presidentea Gobernutik botatzeko izan zen “Arabiar Udaberria” izeneko matxinadan babesa ukatu izana. Ukapen bera gertatu zen Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuen petrolio-azpiegiturei Iranek eraso egin zienean.

Saudi Arabia eta gainerako arabiarrak

Saudi Arabia Erresumaren azken urteetako bilakaera paradigmatikoa da. Trumpek lehenik eta Bidenek gero, jarrera erasokorra izan zuten Saudi Arabiarekiko eta bertako errege-familiako kideak nazioarteko pariak bihurtuko zituela esan zuen Bidenek. Behin presidente hautatuta, Bidenek familia horrekin politikoki ongi moldatzea komeni zitzaiola ikusi zuen eta jarrera aldatu zuen, baina berandu iritsi zen. Saudi Arabiak Errusiarekiko harremanak estutzen hasia zen ordurako eta, besteak beste, LPEE petrolio esportatzaileen erakundean sartua zuen.

Saudi Arabiak Txinarekin merkataritza-harremanak bi noranzkoetan zabaldu zituen. Iranekin harremanak berreskuratu zituen, honela kolpe izugarria emanez Golkoko arabiar guztiak Iranen aurka biltzeko AEB-Israel bikoak zuen asmo sendoari. Saudi Arabia ez da inoren alde lerrokatu Ukrainako gudan. Frantziako Macron eta Turkiako Erdogan presidenteekin harremanak izan ditu. Biden presidentea eta Lehen Ministro britainiarrak hartu ditu eta Londresera joateko gonbitea jaso du. Qatar eta Emirerri Batuen nazioarteko politikarekin bat eginik eta AEBen menpekotasunetik aldenduta, gaur egun nazioartean potentzia ertaina izatea lortu du. Nazioartean paria bezala ikusia izan beharrean, orain eragile askoren arreta jasotzen du geopolitikan eta finantzetan. 

Siriarekin, hamabi urtetako guda eta gero, harremanak bideratzeari ekin dio, AEBak aurka azaldu zaizkion arren. Hamasekin ere, urte luzetako etena eta gero. Mohamed Printzeak historikoki izan duen islam itxiaren ibilbidea malgutu egin du. Inbertsio berriak iristen hasi dira petrolioarekin lotuta ez dauden arloetan ere. Saudi Arabiak munduko inbertsio publikoko funts handiena izatea espero du, bi bilioi dolar 2030. urtean. BRICS+ean eta komunitate honen garapen bankuan sartu da. Urte askotan arma gehienak atzerritik ekartzen eman eta gero, orain bere armagintza militarra indartu du. Jarrera honek erabat eten du estatubatuarrekiko aspaldiko menpekotasuna. Saudi Arabia ez da isolatuta geratu nazioartean eta gaur egun eragin handia du munduan.

Iranek, Ukrainako guda dela eta, Errusiari armak eman dizkio, eta Txina, India eta Errusiarekin batera NATOk kontrolatzen dituen itsasoak saihesteko Zetaren Ibilbidea ari da lantzen, lehorretik korridore berria antolatzeko. Qatar eta EAB Emirerri Arabiar Batuak ahalegin handiak egiten ari dira Txina eta Errusiara hurbiltzeko. Qatar, Israel bezala, zigorrek ekarri dizkien arazoak ekiditeko asmoz joan diren errusiar aberats askoren helburua da. Qatar negozio eta finantza-gune bezala indartzen ari da eta egun suspertu egin ditu eremu finantzaria, merkataritza, teknologia eta armagintza. Israelekin harremanak normal zitzan estatubatuarrek Emirerriei agindu zizkieten F-35 hegazkinak ukatu egin zizkien ondoren, hauek Txinari gerturatu zitzaizkiolako.

Txina

AEBek segurtasuna eta militarismoa parekatu egiten dituzte eta beste herrialdeekiko harremanetan maiz zigorra erabiltzen dute presio tresna gisa, faktore politiko, ekonomiko, komertzial eta kulturalak saihestuta eta diplomazia baztertuta. Estatubatuarrek Golkoan bere armadaren erakustaldiak egiten dituzten arren, indarra galtzen ari direneko sentsazioa dago. 2024an Yemengo milizia huthiak jazarri egin zaizkio eta egungo gatazka nola amaituko den ikusteko dago.

Potentzia handien eragina Asiako Mendebaldean txikiagotzen ari den neurrian, bertako herrialdeek gero eta gehiago begiratzen diete beren interes propioei realpolitik delakoa praktikatuz. Txinaren bultzadaz Saudi Arabia eta Iranek harremanak berreskuratu dituzte. EAB Emirerri Arabiar Batuek eta Saudi Arabiak Siriarekin zituztenak normaldu egin dituzte. Egipto eta Turkia hurbiltzeko ekimen berriak egiten ari dira. AEBak garai batean izan zuten hegemonia osoa galduz doan neurrian, Txinaren eragina inguru honetan handitzen ari da.

Autonomia estrategikoa

AEBak gaur egun ez dira eskualdean lidertza gauzatzeko gai. Ez dute harremanik ez Iranekin eta ez Siriarekin. Harreman tenkatuak Saudi Arabia eta Turkiarekin. Harreman etenak Egiptorekin. Eta etsigarriak eta okerrera doazenak Israelekin. AEBak aldentzen ari dira inguru zabal haietatik eta bertakoak BRICSera eta Shangaiko Lankidetzarako Erakundera inguratzen ari dira. Inguruko herrialdeak merkataritza-harremanetarako dolarra erabiltzeari uzten ari zaizkio. Saudi Arabia, Egipto eta EAB Emirerri Batuek estatubatuarren hegemonia gainditzen duen mundu multipolarraren aldeko apustua egin dute.

Desdolarizazioa apustu horren atal garrantzitsua da. Aldaketa hau poliki gauzatzen ari zen, baina orain azkartu egin da AEBek eta Europak Iran, Venezuela eta Errusiari egin dizkieten urre eta diru konfiskazioek sortu duten mesfidantzagatik. Mundu osora zabaldu dute beraiek finkatzen dituztela arauak, baina ondoren soilik komeni zaienean betetzeko.

1973an hitzartu zen petrodolarraren akordioa indarrean da oraindik. Saudiek eta petrolio ekoizleek egiten dituzten transakzio guztiak dolarretan egiten dituzte. Eta jasotzen dituzten dolarrak berriz AEBetan inbertitu behar izaten dituzte. Horrek ahalbidetzen die inportazioetako gastua esportazioekin orekatu beharrean papera inprimituz egin ahal izatea. Baina moneta hegemonia hau amaitutzat eman daiteke. Eskualde honek eragin handia du mundu osoko politikan eta AEBen eragina eskualdean txikia da orain. AEBek ontzat eman beharko dute eskualde horretako herrialdeek harreman politiko, ekonomiko eta militarrak edukitzea beste bazkide askorekin. Eskualdean dagoeneko ez diete onartzen armadaren presentziaren monopolioa edota armak erostekoa.

Israelek berak ere arazoak ditu AEBekiko harremanekin. AEBek ez diote Israeli Txinara hurbiltzen utzi, Netanyahuk herrialde tzar horrekin harremanak estutzeko asmoa baldin badu ere. Estatubatuarren babes politiko-militarra galduko balu, sionismoak geopolitikoki birkokatzeko ahalegina eginen luke India, Txina eta Errusiara gerturatuz. Baina, egia esan, kasu berezi honetan ez dirudi AEBekiko menpekotasunak egun alternatiba bideragarririk duenik.

EUROPARRONTZAKO HAINBAT HAUSNARKETA

  1. Asiaren Hego-Mendebaldeak AEBekiko menpekotasun historikoa gainditzera jo zuen, pairatzen zuen presio politiko-ekonomiko-militarra azkenerako jasanezina egin zitzaiolako.

Europa antzeko presioa jasaten ari da (Nord Stream hodiak lehertuta, Ukrainan guda piztuta, europarron bizimodua garestituta, Errusia Europatik bananduta, gizarte-laguntzak jaitsi eta gastu militarrak igota…) Ezin dugu pentsa haien morroi izanik etorkizun distiratsua izanen dugunik. Hortaz gain, munduan izan diren inperio guztiak erori dira lehenago edo beranduago eta gaur hegemonikoa den herrialde horri arrakala ugari ari zaio sortzen.

  1. Asiaren Hego-Mendebaldeko herrialdeek antolaketa politiko desberdinak eduki arren (monarkia absolutuak, monarkia parlamentariak, errepublikak, emirerriak…), gero eta harreman sare trinkoagoa ari dira ehuntzen beren artean eta indar hegemonikoaren morrontza gainditzeko laguntza ematen diote elkarri.

Europan herrialde gehienak EBn daude elkartuta, baina hegemonikoaren morrontza gainditzeko beharrean, menpekotasuna areago handitzeko baliatzen dute elkar lana. Nor ari da ikertzen Nord Stream hodiaren leherketak? Zergatik erosi behar diegu estatubatuarrei garestiago energia, askoz merkeagoa Europan bertan edukita? Zergatik eten behar genituen guretzat ekonomikoki oso onak ziren harremanak Errusiarekin? Zergatik jarraitu behar dute hiltzen Ukrainan milaka pertsonak, hasi ere egin behar izan ez zen guda bat amaitzeko arrazoi asko dagoen garai honetan? Zer dela eta handitu behar dugu armamentutako inbertsioa, gizarte-laguntzetakoa murriztuz?

  1. Txinaren bitartekaritzari esker, eskualdeko herrialde bizkorrenak BRICSen sartu dira (Iran, Saudi Arabia eta EAB Emirerri Arabiak Batuak) eta BRICS+ sortu dute. Komunitate horretan elkarren arteko loturak honako oinarrien arabera ehuntzen dituzte: 1) Era guztietako harremanak jorratzen dituzte: diplomatikoak, ekonomikoak, militarrak… 2) Alde guztien interesen arabera garatzen dira. Ez da zigorrik, presiorik edota mehatxurik erabiltzen hitzarmenak lotzerakoan. 3) Beste herrien barne politikan ez dira sartzen. Guztiz errespetatzen dituzte beste herrialdeen sistema politikoak, oso desberdinak izan arren. 4) AEBen sistema hegemonikoari aurre egiten diote, mundu multipolarra bultzatuz. Beren erreferentzia nagusiak Txina eta Errusia dira, baina haien morroi bihurtu gabe.

Aipatu elementuen artean bat da bereziki Europako Batasunari falta zaiona: inoren morroi ez izatea. EBaren politika garrantzitsuenak Washingtonen erabakitzen dira. Europan autonomia estrategikoa falta zaigu, gure baitatik diseinatutako eta gure interesei erreparatuko dien politika egiteko. BRICSen filosofia ekarri behar da Europara eta mundu multipolarraren aldeko apustua egin.

  1. Qatar eta Bahrainek estatu propioak dituzte, nahiz eta biztanleria (2,6 eta 1,5 milioi) Euskal Herrikoa baino txikiagoa duten.

Europak bide eman behar die bere gisa bizi nahi duten gurea bezalako herriei. Espainia estatu plurinazional gisa antolatzea abiapuntu egokia izan daiteke, aurrerago herri burujabea izan ahal izateko.

joan mari beloki kortexarena

2024-01-29


Utzi iruzkina: