BURUKO MINA

euritan 1456132432987 Lehortetik ihesi | 2009-10-16 12:19

 

Zail zegoen, hala zirudien -edo hala saltzen ziguten- zorionari hurreratzearen kontu hori. Baina, berez, geu ginen kirol hartan baldarrak. Hanka motzak, negar errexekoak eta irri merkekoak. Izan ere, garai haietan etenik gabe egiten genion irri guztiari: euriari, "uso obligatorio de casco" zioen kartelari, zerutik arrazoi barik jausten ziren harriei, asfaltozko lurrari, galdutako autobusei...

Ez genuen geure gabezia onartzen. Etxe bako marraskiloak ginen.

Garbitzaileek berehala ezabatzen zituzten gure muki ibilerek utzitako herresta arrastoak, ez zezan inork jakin han ibiliak ginela.

Jendeak kaskoak erosteari ekin zion, konpultsiboki. Eta halako  batean, auzune mortu hartan lauzpabost kasko denda zabaldu ziren. Guztiak pozik, janari prefabrikatuaren zapore kimikoaz gozatu bitartean zertaz hitz egina bazutelako.

Denek erosi zuten kasko bana. Nik ez.

Muki arrastoa babestearekin lanpetuta ibili nintzen. Zorionerako bidea mapatu nahi izan nuen. Baina, harriak besterik ez nituen jaso, zerutik arrazoi barik jausiak, garun pentsalarien hiltzaile.

Gero hona ekarri ninduten.

Oreka bortxatuen eta gezur makillatuen irlara.


Utzi iruzkina: