TELEGRAFOA ETA LIBERALISMOA

No profile photo eraiKEY | 2017-03-23 18:38

Agian berandu gabiltz, edo agian oso goiz. Kontua da, ez dudala telegraforik ezagutu, ipuinez edo historiako liburuez haratago. Iraultza eragin omen zuen, komunikazio bide berriak ireki zituen tresna honek. Baina gu ez gara telegrafoaren garaikoak. Internetaren, ordenagailuen eta telefono mugikorren seme-alabak gara. Guk ere ordukoek bezala, nahikoa dugu behatz bat, gure mezua ehundaka kilometroetara dagoenari igortzeko. Agian, ez dugu ezagutu telegraforik, baina ziur nago ordukoek, guk uste baino gure antz gehiago zutela. Edo guk eurena.

Telegrafoaren asmakuntzak, liberalismoaren gorakadarekin egin zuen topo. Kasualitatea ala kausalitatea? Nire lagun batek dioen moduan, zoria bilatu egiten da. Hemen ez da ezer kasualiatatez gertatzen. Industria iraultzarekin batera,industriaren jabeen iraultza etorri zen. Liberalen, kapitalisten iraultza (Marx-en ustez, ondoren langileen txanda izango zen). Gutxi batzuk geroz eta diru gehiago zuten, aldiz, botere ekonomiko hau ez zen guztiz isladatzen botere politikoan, horra hor iraultzaren arrazoia. Benetan askatasuna al zen aldarrikatzen zutena? Edo hobeto esan da, langileak zapaltzeko askatasunaz ari ote ziren?

Garai berriak bizi omen ditugu, edo hala diote behintzat batzuk. Mundua bidegurutze baten aurrean aurkitzen omen da, edo mundutarrak, herritarrak. Nola ulertu bestela, azken aldian mundu mailan ematen ari diren fenomenoak. Europaren suntsitze prozesua, mugimendu ultraeskuindarren gorakada izugarria, edota errefuxatuen sarraskia. Munduaren antolaketa erabakitzen ari dira. Oraingoan ordea, telegrafoa baino smartphone-a dugu bidelagun. Baina beste gauza batzuk ez dira aldatu. Izan ere garai berriei, neoliberalismo ere esaten zaie. Liberalismo berria alegia, XXI. mendeko liberalismoa. Merkatu librearen paradisua. Bigarren mundu gerraren ostean, sinaturiko itun sozialaren suntsiketa. Askatasuna alegia. Horixe baita liberalismoa azken finean. Dirua eduki ezkero edozer egiteko askatasuna, baina dirurik ez baduzu, zureak egin du! Amaitzeko galdera xume bat luzatzen dizuet. Askatasuna uste bezain ona al da?


Utzi iruzkina: