Argazki makina eta Sozialismoa

No profile photo eraiKEY | 2017-04-07 14:55

Propaganda ezinbesteko kontzeptua da, sozialismoaren gorakada ulertu ahal izateko. XX.mendeko propaganda ulertzeko berriz, argazki makina ezinbesteko tresna dugu. Argazkiak aukera ematen baitzuen langileriari errealitate gordina erakutsi eta hauen kontzientziazioa burutzeko. Oso ondo ikasi zuen hori etsaiak. Segituan jabetu zen propagndak zuen garrantziaz eta nola ez, hori ere bereganatuz joan da historian zehar. Ia egunero irudi latzagarriak ikusten ditugu telebistan, Siriako bonbaradaketen albisteak entzutean, edo batzuen begitara existitzen ez den kontinente hori erakusten digutenean, Afrikaz ari naiz noski. Baina hala ere horrek ez du lurrikara emozionalik eragiten, edo hala bada ere, sumindura hori ez da gure herrietako kaleetan isladatzen.

Errealitatea ikustarazteko tresna gisa erabili izan du propaganda historikoki, munduko mugimendu iraultzaileak. Baina gaurkoan ondorio batera ari naiz iristen, propaganda ez ote dute gure begiak tapatzeko tresna bihurtu? Langileak omen gara, langile klasea, nahiz eta ondoren 5000 euro ordaintzen ditugun unibertsitate PRIBATU batean ikasteko. Berehala etorriko da baten bat esanez, unibertsitate kooperatiboa dela gurea. Baina beno, zer axola ote du ba horrek. Propaganda hitza latinetik eratorritako hitz bat omen dugu, eta zabaldu beharreko gauzak adierazten omen ditu. Unea da, propaganda utzi, besteek erakutsi nahi diguten horri begiratzeari utzi, eta benetan zabaldu beharreko hori zabaltzeko, BEGIAK.

Ez dakit zer izango den XXI.mendeko aragzki makina, baina gauza bat behintzat argi dut, XXI.mendeko sozialismoa beharrezkoa dugu. Ez soilik langileok gure buruaren jabe izateko. Zibilizazio gisa ere, gure planetarekin amaitu aurretik gizarte jasangarri eta justu bat eraiki beharra baitugu. Agian ez dugu zertan esan sozialistak garela. Agian nahikoa da sozialismoaren bidean pausoak ematen astearekin. Sistema kapitalistari alternatibak eraikitzen hastea alegia. Beti ere alternatiba horiek, gizartean eraldaketaren aldeko gehiengoak sortzeko erabiliz. Nor ez dago ba justiziaren, demokraziaren edo hurrengo belaunaldiei planeta bizi bat uztearen alde? Horra hor propaganda, horra hor XXI.mendeko sozialismoa. Ekin diezaiogun lanari!


Utzi iruzkina: