Telebista zaharreko barri berriak-berri barriak

cantuariense 1456131837745 Cantuariense | 2009-11-18 00:00

"Españoles, los excmos Srs. J.L. Rodriguez Zapatero y Fco. López Alvarez han liberado el atunero de bandera española, Alakrana".

              

Telebista zaharrak modu zaharrean barri berriak eman dizkigu azken egunotan. Aurpegi serioz atrilaren atzean kokaturik batak eta euskaldun orori zabalduriko etxeko ohetik  besteak (gaixorik antza), gure arrantzaleak libre daudela adierazi digute atzo.

Berrogeita zazpi egun luze behar izan dituzte bahitzaileek enpresa armadorearekin eta "lan bikaina" egin duten gobernu euskal-espainiarrarekin akordio batetara heltzeko. Azken finean aske dira, gure artera bueltan eta sano datoz.

Zorionez, eta hitz hau azpimarraturik eta ozen esan nahi nuke benetan poztu egiten naizelako, gure herri hau gobernatzen duten zenbaitzuen helburuak zeintzuk diren agerian gelditu dira; herria maite dute baina kamera are gehiago.

                         

Hala eta guztiz ere ez dut uste, oraindik, gai mamitsu baina era berean hain delikatuetaz hitz egiteko ordua heldu denik. Orain gure poztasuna, elkartasuna eta eskuzabaltasuna berriz ("berriz" esan beharra dago, izan ere, herriak hasiera batetik erakutsi du hau guztia) erakusteko momentua da.

Bahiketaren egunak aurrera zihoazen heinean euskaldun oro konturatzen zen arrantzaleak eta berauen familiak bizitzen ari ziren uneak oso latzak zirela. Ospatu ziren kontzentrazio bietan  guztiok sentitzen ginen arrantzale; guztiok genuen senideren bat Alakranan bahiturik. Asko izan gara euri zaparradetaz babesteko aterkinen azpian eta balkoietako mahoizko zapien atzean atzoko egunaren zain egon garenok eta, ezin ahaztu dezakegu, zoritxarrez, arrantzaleei eta hauen familiei laguntasuna adierazi nahian bidean bizia galdu zuenik ere egon dela aurreko egunotan; bahiketa luzearen eta kudeaketa bikainaren beste biktima bat, alegia.

Bukatu aurretik, oso gogoko dudala zalantzarik geratu ez dadin, Benito Lertxundiren "haizeak jotzen zuen" abestiko zenbait hitz ekarri nahi nituzke.

"Geltokiko agurearen antzera
  mendeak eta mendeak
  zain egon denaren
  tristura nabari zen
  herri haretan". B.L.

Herria zuekin izan da.