BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZIk bat egin du zapatuko manifestazioarekin

busturiaurrera_sozioekonomia 1456131816464 busturiaurrera_sozioekonomia | 2012-01-31 10:30


“BUSTURIALDEAN LAN ETA BIZI” ekimeneko partaideak diren EHNE, ELA, LAB, EZKER ABERTZALEA, ARALAR, GERNIKA-LUMOKO EKOLOGI TAILERRA, ZAIN DEZAGUN URDAIBAI eta IEUP! GAZTE ASANBLADA, gizarte eragileak, bat egiten dute Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta beste hamabost gizarte eragileek hilaren 4rako, 18:00an “MUGI GAITEZEN, GEURE ESKUBIDEEN ALDE” lelopean Bilbon egingo den manifestaziorako deiarekin.

Gizartearenganako diru murrizketekin, pentsioen erreformekin, deslokalizazioekin, lortzen dena langabezia, desberdintasuna eta miseria baino ez da. Zerga-iruzurrari ez bazaio aurre egiten, egoera larrienetan daudenak babesten ez baditugu eta aurrekontuak murrizten badira, krisia gero eta sakonagoa izango da, eta agintariek, azken finean, geure eskubideak zapuztuko dituzte. Nahiago dute dirua azpiegitura erraldoietarako eta bankarako, hau da, espekulazioaren aldeko fabrikazioetarako erabiltzea, Guggenheim frankiziarako adibide, herrian eta eskualdeetan inbertsio produktibo eta sozialak egin beharrean. Pairatzen dugun ekonomia politikagintza eredu hau ez badugu aldatzen, gero eta txarragoak izango dira geure lan eta bizi baldintzak. Geure eskubideetan oinarritutako garapen iraunkorra behar dugu. Apurtu behar dugu botere publikoek espekulazioari eta merkatuei dieten menpekotasun hori. Lurraren baliabideak aprobetxatuz eta zainduz, herritarren beharrizanen menpera erakarri behar ditugu agintari publiko hauek. Denon artean eta denon alde eraikitako gizarte eta ekonomia eredu batetik aterako gara edo ez gara aterako.
Eredu sozial eta ekonomikoa aldatu ahal dugulako, beste Busturialdea bat posible delako, eskualdeko beste gizarte eragileei eta herrikide orori animatzen diegu hilaren 4an, arratsaldeko 6an Bilboko Bihotz sakratuaren plazatik aterako den manifestazioan, batera, parte aktiboa har dezagun.