Aztiri, ur jauziak bukaeran!

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-12-01 20:17

Aztiria, ur jauziak bukaeran!

2014-07-19

 

A zelako erauntsia gaurkoa! (2014-12-01) Lanetik irten eta erdi-itsuan igaro behar izan dut Usurbil eta Antzuola arteko tartea, ilunagatik batetik, baina euri-zaparradengatik batez ere. Aspaldian ez zuen horrela botatzen.

 

Gogoan daukadan azken zaparrada handia Aztiriako lasterketaren bukaerakoa da. Pentsa, hainbeste botatzen zuen argazki-kamera ere ezkutatu egin nuela! Hortaz, kronikatxoarekin doazen argazkietan ez duzue bukaera aldekorik aurkituko.

 

Uztailak 19, larunbat arratsaldeko 16:00etan hasiera ordua. Ez dakit denei gertatzen zaien, baina niri eta gureari goizeko lasterketak gehiago gustatzen zaizkigu. Izan ere, horrelakoetan goiz samar bazkaldu behar izaten da, goiz samar sukaldatu, goiz samar egin erosketak… berez larunbata lotarako denean egokia!

 

Kontuak kontu 15:00etarako Aztiriako plazan gaude. Bero sargoria egiten du, eta ez dago garbi, beraz baliteke arratsaldea bukatu baino lehen busti behar izatea. Martin Telleria eta Ander Teranen aitak ere etorri direnez, Jexus eta Patxi hurrenez hurren, hirurok hartu dugu bazkalosteko kafea auzoko tabernan.

 

Beste hainbat tokitatik bezala, Aztiritik behin baino gehiagotan pasa bai, baina inoiz geratu barekoa nintzen. Festak dira, oraindik itxita dagoen tonbola eta musikari, bertsolari eta abarrendako eraiki ohi den tranpaldoa horren adierazle. Ondoko frontoian kuadrilla bat zartaginak eskuetan dituela, suen aurrean. Tortilla-lehiaketa akaso? Gero ikusiko dugu! Auzo txikia izanagatik seguru erromeria bikaina dela. Gazteagoak bagina…

 

Bueno, txirrindulariak dagoeneko irteeran daude, lekua hartu nahian. Aurretik 71 kilometro dituzte eta tartean hainbat mendate: Aztiri, Gabiria, Atagoiti eta Aztiri bukatzeko. Behera eta gora ibiliko dira beraz. Seguru ez dutela sekulako batezbestekorik ateratzen, baina bai bizkor ibiliko direla.

 

Guk gaur Aztiriako lehen igoera bertan ikusiko dugu, gero autoa hartu eta Gabiriako igoeran geratu eta helmugara iristeko nahikoa tarte edukiko ei dugu. Jexus Telleriaren plana da hori, eta kasu egin beharko diogu, berez Mutiloakoa denez bazter hauek ederki ezagutzen dituelako. Tarte hau aprobetxatuko dut parentesi txiki bat egiteko. Bloga jarraitzen baduzu, konturatuko zinen irakurle, orain arteko kontakizunetan inoiz ez dugula aipatu Martin Telleriaren izenik helmuga-marran. Izan ere, aurretik atzerako kontakizun honetan, oraindik ez du lasterketarik bukatzea lortu. Eta norbaitek meritua badu, hark du. Gogorra izan behar du astea joan eta astea etorri lasterketarik ez duzula bukatzen ikustea, eta hala ere segi entrenatzen, segi goizean goiz jaiki eta gosaltzen, segi gertuko zein urruti-urrutiko lasterketara joaten… txalorik merezitzekotan ez etsitzeko jarrera horrek merezi du. Eta esango dizuet, ez da tropelean horrela dabilen bakarra! Beste pasta batekoak direla mutil hauek!!

 

Badatoz txirrindulariak aldapan gora! Erabat puskatua dator kontua, egurra egon den seinale!! Ezagutzen ez ditudan talde biko pare bat lagun lehenengo, Mikel Alonso eta Diego Lopez gero, eta atzeraxeago, baina ia bertan, tropela luze-luze eginda Peio Manterola, Julen Umerez eta konpainia buru datozela. Aritz ere hor pasa da, ezkutuan. Atzeraxeago, berriz, dagoeneko denbora galduta, Ander Terán. Eta Martinen arrastorik ez dago.

 

Autoa hartuta, Jexusek Gabiria ingurura eraman gaitu Patxi eta biok. Luze egin zaigu bidaia, baina egia esan txirrindularien kontrako norabidea hartuta badira kilometro batzuk. Abantaila badu kontuak: denbora gutxiago egon behar dugu zain, Seiko talde bat dator aurrena, eta Jon Ander Unanue, Mikel Alonso eta Diego Lopez ezagutu ditut; gainerakoak, ez. Minutu erdi ingurura beste taldetxo bat, Xuban Errazkin, Peio Manterola, Koldo Velasco tiraka, eta multzo horretan gure Aritz, ufadaka. Bistan dago gaur ez duela egunik!!

 

Lehen puskatua zegoena, are eta puskatuago dator orain; hala ere, Ander Teranek oraindik barruan dirau; eusten dio, beste askok bezala.

 

Pasa direnez, helmugarantz goaz, etorritako bidetik. Iritsi bezain pronto, arratsalde osoan mehatxu izan den ekaitza lehertu da, lainoak hasi dira ura askatzen, eta nola bota gainera! Aterpetxo denak bete ditugu ikusleen artean, aterkiak ireki arren busti gara, aterkia aterki ondoan delako bustitzeko modurik onena, eta halaxe gertatu zaigu. Banan banan hasi dira iristen txirrindulariak.  Lehen biak ez ditut ezagutzen, talde berekoak dira. Hogeitamar segundura hasi dira iristen hemengo lasterketetan ibiltzen diren mutilak. Diego Lopez nafarra izan da hirugarren, eta Mikel Alonso laugarren. Benetan poztu nauena, hala ere, Julen Umerez zazpigarren sartzen ikustea izan da. Infantiletatik ezagutzen dut, zirkuituetatik, eta duela hilabete batzuk sekulako zartakoa hartu zuen Liernia jaisten, ihes eginda zihoala. Badirudi badatorrela berriro bere onenera, eta horrek pozten nau.

 

Aritz ere iritsi da horrelako batean, ia 7 minutu galduta, 24. tokian,. Leher eginda, baina iritsi da erauntsiaren erdian. Lehortu, berotu, pintxoa eta etxera atseden hartzera. Hainbeste merezi du!

 

Beti bezala, argazkiak doan eta kalitate altuan, hemen: https://www.dropbox.com/sh/nwy14e0j2qp09a2/AACHPxZWd7kiXx5_I4NBjxcIa?dl=0


Utzi iruzkina: