Zuretzako ixilunea

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-10-25 19:22

Ez dakit nire laguntza eduki duzun. Eta eduki baldin baduzu, ez dakit balio izan zaizun. Askotan. Ez. Askotan ez. Gehienetan, ezin dut ulertu zure begiek zer esaten duten. Edo zure ahots ixil eta apal horrek zer oihukatzen duen. Baina noizbait lagunkoi zaidan doinua heltzen da nigana. Ezin dut entzun. Energia modukoa da. Nabaritu egiten dut soilik. Agian nik neuk bidaltzen diot neure buruari. Batek daki. Hitzik gabe eraikitako lotura baten hariak barnean sartu zaizkit, okupak bailairan. Atseginak, hori bai. Sentsazio arraroa da. Beti izan dut dena etiketatu eta definitzeko joera. Denok bezala, suposatzen dut. Baina ikasi dut gauzak ez daudela beti “dagokien lekuan”, eta ez dela ordena hori behar non dauden jakiteko. Edo bueno, ondino ikasten ari naiz. Oso transzendentalak zein txorakeriak diruditen elkarrizketen esaldien arteko hutsuneetan hizkuntza berri bat sortu da berez. Guk nahi gabe edo. Nik hórrela sentitzen dut behintzat. Sentsazioen hizkuntza mota bat izan liteke. Baina ez nuke ondo deskribatzen asmatuko, noski. Tribialidadeentzako tartetxo bat bilatzea da. Eta, aukera agertzen denean, batak besteari betiko hizkuntza tradizionalaz, ezkutuan, lotsati, “nahi duzunerako” esatea. “Nahi duzunerako”. Badaezpada. Erratu ez gaitezan. Gainerakoa marra artean geratzen da. Irakurri nahi dugunerako. Sakonago. Arraroago. Bereziago. Beren burua aspaldi saldu zuten esaldien beharrik gabe. Politago. Exijentziarik gabe, batere.

Musika gustuko duzu eta badakizu zein garrantzitsuak diren ixiluneak. Ba horrelako bat oparitu nahi dizut. Shhhh… entzun. Zuretzat da.




Utzi iruzkina: