Ta zuk, zer sentitzen duzu?

amets 1456130739544 ametsen atzetik nabil hegan | 2008-02-03 20:44



Saretik nenbilen buelta bat ematen, ikasten egon beharrean, eta blog honetan bideotxo bat aurkitu dut. Egia esa, polita iruditu zait, eta gainera kate ederra eratu du, hainbat pertsonaren erantzunak jaso dituelarik. Nik ez dut behar bezala erantzungo, ez dut bideo bat grabatu eta youtuben eskegiko, lotsatiegia naiz horretarako, baina ez da bakarrik horregatik.

Nik zer sentitzen dut? Ez dakit, zail xamarra da hitzen bidez sentitzen dena adieraztea, zaila da holako galdera zehatza erantzutea, baina tira, saiatu beharrean gaude, nire sentipenen antza duen zerbait irudikatzeko baino ez bada ere. Niri internetek askatasun sentsazioa ematen dit nolabait. Blog batean idazteak nahi duzuna esateko eskubidea ematen dizu, eta anonimatoak babestu egiten zaitu ondorioen erasoetatik. Nire ezagunek badakite blog hau norena den, eta horrek, aipatutako askatasun hori nolabait mugatu egiten du. Baina horrela izanda ere, irakurtzen dutenei ni pixka bat gehiago ezagutzeko aukera ematen die, inoiz esango ez ditudan gauzak irakur ditzakete, inoiz onartuko ez ditudan poz eta minak ezagutu. Idatzizkoan beti izan naiz ausartagoa, edo, hitz berdinarekin jarraitzearren, beti sentitu izan naiz askeago.

Gustuko dut jendeak idazten dudana irakurtzea, horrela ez balitz, eguneroko bat edukiko nuke, inork ez irakurtzeko, inork ez jakiteko pentsatzen dudana. Baina nik ez dut izkutatu nahi, agian aurpegia bai, baina ez dut nire oihuak ixilean egoterik nahi. Batzutan internetek arimen sarea dirudi, arima guztien elkartzeko tokia, gogo edo adimenen dantzalekua. Esaten duzunak du hemen garrantzia, berdin du nor zaren, nolakoa zaren, edo zein den zure herrialdea, zuk erakutsi nahi duzunak baino ez du garrantzirik. Zuk erakusten duzuna da besteok ikusten dugun gauza bakarra, noski, askotan ohertu gabe nahi genukeena baino gehiago ateratzen dugu hankatxoa, baina bueno, saiestezina da.

Hitz batekin ezingo nuke azaldu beraz, zer sentitzen dudan. Akaso, norbait sentitzeko ere balio du. Mundu honetan inor ez garela aski sakondua daukagu, baina norbaitek guk esandakoa irakurri edo are gehiago, erantzuten duenean, zure existentziaz ohartzen zara, ikusten duzu norbaiti interesatu zaiola esan behar zenuena, entzun egiten zaituztela, zure senide edo lagun izateak sortzen duen beharraz haratago. Eta noski, zu ere, ohartzen zara munduan dagoen bakarra ez dela soilik jendea, ez da populazioa, pertsonak daude, eta horrek niri nolabaiteko sentimendu filantropikoa sortzen dit, garunaren bestaldeko misantropia estalirik geratzen delarik.

Ez dakit. Agian oso idealista naiz. Baina pentsatuta hori guztia datorkit burura. Gustuko dut internet, asmakizun ona, dudarik gabe. Eta bai, egantxatu egiten du. Suposatzen dut bizi ahalko nukeela internetik gabe, eta ongi bizi, dena da ohitzea, baina momentuz, ez dut nahi, libururik gabe bizi nahi ez dudan bezala. Egun nire bizitzaren parte dira, beste askorenaren parte bezala, zergatik desagerrarazi? Uste dut blog honi egun asko geratzen zaizkiola aurretik, eta internetek aukera hori ematen duenetik, nahi duenak irakurriko du, eta nahi ez duenak alde batera utzi (hizkuntzak jartzen dituen mugen barnean). Ni kulturen defendatzaile sutsua naiz, baina batzutan pena da bakoitzak hizkuntza arrotz batean mintzatzeko beharrik gabe, mundu guztiarekin komunikatu ahal ez izatea. Bueno, zer egingo diogu, dena ere, ez dugu eskatuko...



Eta zuek, zer sentitzen duzue?


Utzi iruzkina: