ZUMAIAKO GAZTETXIA, AURRERA!

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2008-08-01 22:51

Bart Zumaian izan naiz, aspaldiko partez ezagutzen eta maitatzen dudan herrian. Baneraman tartetxoa etorri gabe, eta, telebistaren bidez haren berri nuelarik, bertako gaztetxera hurreratu naiz, bertan zer egosten zen zertxobait usnatzera edo.

 

Zumaiako gaztetxia por ti.

 

Eman o hartu? Horixe galdera, eta, herriko agintarien erabaki ezinaren aurrean, urteak abandonaturik eman dituen etxea hartu dute herriko gazteek. Bertan, garbiketa sakona egin ostean, gazteentzako gune polita eratu dute, inoren kontra eta gazteen alde, gazteek behar duten bizitasunaren alde.

 

Gogoan dut dozenatxo bat urte atzera, edo gehiago beharbada, Zumaiako Batzokia zegoela okupatu berri duten etxean. Leku ezin hobea da, erdi-erdigunekoa, udaletxeak behar lukeen lekua. Baina Batzokiari, zergatik ez dakigula, etxearen alokairua luzatu ez eta zapuzten, herdoiltzen, usteltzen utzi dute jabeek, erabat abandonaturik, sagu-zulo eta zomorro-habia.

 

Okupazioa ez dela delitu diote batzuek, eta bestetzuek, berriz, okupatzeko eskubiderik ez dagoela, azal lodia behar dela norberarena ez denaren jabe egiteko. Baina, edonola ere, badira okupazioak eta okupazioak, denak ez baitira berdinak. Jabetzak izateak zaintzea zor.

 

Gauzak horrela, txalotzekoa izan da gazteen ekintza: okupazio duina, bidezkoa eta behar-beharrezkoa. Izan ere, etxetzar abandonatu horrek itsusitu egiten zuen herria, eta, orain, behintzat, garbitu eta koloreztatu egin dute gazteek; gainera, funtzio sozial ezin hobea betetzen du.

 

Etxea edukitzea eskubidea omen da, baina ez dugu ahaztu behar eskubide orok betebeharrak ere badakartzala berekin. Etxea dugun guztiok bete behar ditugu arau batzuk, zainketa batzuk eta abar, eta beroriek betetzeak egiten gaitu jabe duinak. Abandonaturik edota erortzear dauden etxe guztiak okupatzearen aldekoa naiz ni, gazteek, etorkin etxegabeek edo beharra duen edonork okupatzen duela ere.

 

Garagardo bat hartu eta kausarako kamixeta bat ere erosi diet Zumaiako gazte okupatzaileei. Merezi dute. Eta nik zorterik onena opa diet. Gaztetxia aurrera!


Utzi iruzkina: