Futbola eta integrazioa
Xabi Alonso etxera dator Enekoren bila. Pertsona “ezgaituez” osatutako futbol-talde bat sortu nahi du hemen inguruan. Bart egin nuen ametsa da.
Herenegun auzoko kantxetan jolastera jaitsi ginen Eneko eta biok, eta ikaskideek beraiekin jolastea eskaini zioten. Enekok ez du beraiek bezala jolasten; indarrik gabe jotzen dio baloiari; bat-batean kontrako taldeko partaidea dela erabakitzen du. Orain atezaina da; orain berriz erdilaria. Ez die taldekideei aldaketaren berri ematen. Baina atsegin du lagunekin futbolean aritzea.
Gelakideek ondo ezagutzen dute txiki-txikitatik berarekin egon direlako; begirunez eta maitekiro tratatzen dute. Enekok ere maite ditu bere lagunak eta maite du futbolean aritzea. Baina bere lagunek badute futbolean aritzeko talde bat nahi izanez gero (eskolakoaz at ari naiz), eta Enekok ez.
Duela hilabete pare bat edo, irratian Levante futbol taldeak bai “gaitasun bereziak” dituzten pertsonek bai jokalari arruntek osatutako talde bat baduela entzunda eta beste talde batzuk ere badutela ikusi ondoren, txio bat bota nion Errealari ea horrelakorik badagoen edo antolatzeko asmorik baduten galdetuz. Ez dut erantzunik jaso. 140 karaktereko mezu bat idaztea ez da ba hain garestia izango!
Talde berezi hauen helburua ez da inoiz lehia izango. Integrazioa izango da, garapen pertsonala, aisia, ezberdinak diren pertsonen gizarteratzea.
Agian horregatik aukera horrek ez du Errealaren arreta erakartzen.
Izan ere, zuetako zenbatek ezagutzen duzue gertutik autismoa duen inor? Zuetako zenbatek dakizue ezer autismoari buruz?
Nik ere ez nekien ezer patuak autismoa duen seme bat ekarri zidan arte.
Hasieran nire kasua oso arraroa zela pentsatu ohi nuen. Hau zoritxarra! Orain badakit ez dudala auzotik atera behar horrelako 20 bat pertsona aurkitzeko. Beraien etxeetako pareten artean babesten dira gehienetan. Baina bizi dira. Beharrak, interesak eta sentimenduak dituzte.
Enekok ezgaitasun nabarmenak ditu. Frustrazioa jasateko gaitasun eza eta bere beharrak eta sentimenduak espresatzeko zailtasunak.
Eta gaitasun harrigarriak ditu ere. Berehala esango dizu, esaterako, iazko bostgarren jardunaldiko partida guztietako emaitzak edo 2012ko zein egun zehatzean egon ginen Port Aventuran.
Irudiko mapa koloretsu eta bitxi hau 8 urterekin egin zuen.
Berak behartzen nau edozer gauzari buruzko ikuspuntua zabaltzera, mundua beste posizio ezberdinetatik behatzera eta batez ere nire adimen emozionala (batzuek hainbeste gaitzesten duzuen hori) etengabe lantzera nire semearen beharrak eta sentimenduak bere oihuen artetik bereizi ahal izateko.
Nik ezin dut (ez nik ez beste inork) nire semearen gaitza sendatu eta ez da inoren errua.
Hori onartzea oso gauza hutsala dirudien arren, niretzat ikasgai zailena izan da: batzuetan ezin dugu bizitzaren jarioa aldatu.
Baina bizitza duin eta autonomo bat ahal den neurri handienean lortu ahal izateko bideak bilatu ditzaket. Gipuzkoako Autismoaren elkarteak, Gautenak, zentzu honetan egiten duen lana ezin dut merezi duten neurrian eskertu. Baina nik ere egin ditzaket gauza asko.
Horregatik nago hemen idazten, Enekoren nortasuna aldarrikatzen; gure bizitza argira ematen; inguruko futbol talde batek Eneko bezalako jendearentzat talde bat osatu dezan proposatzen.
Ez baikara gutxiago edo gehiago, ezberdinak baizik.
Ez baitugu txapelketarik irabaziko, baina aberasgarria eta dibertigarria izango baita gurekin jokatzea.
Egia da, nik ere ez nuke nire kabuz autismoa duen inor ezagutzeko pausurik emango bizitzak behartu izan ez banindu. Baina behin ezagututa, merezi duela ziurtatzen dizuet.
Eta Enekok futbolean jolastea atsegin du. Beraz, Donostialdeko futbol taldeak, ba al duzue Enekorentzat eta bera bezalakoak direnentzat lekua?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: