Gpuntua >>> Txapela

aiene 1456130527263 Ai ene!! | 2007-12-20 13:57

Igandean erabaki zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelduna. Final polita izan zen igandekoa; bertsolari guztiek maila ona eman zuten, ez zuen inork akats nabarmenik egin, eta buruz bururako hamaika kiniela zebiltzan ikus-entzuleen artean. Epaileen puntu banaketaren ostean, Mendiluze eta Gaztelumendi izan ziren buruz burukora pasa zirenak ordea. Saio polita egin zuten biek ere, baina azkenean Mendiluzek jantzi zuen txapela.

Sarean finalaren inguruko hainbat  iritzi irakurri ostean,  jarraian irakur dezakezuen honekin geratze naiz. Ni behintzat nahikoa ados nago Estitxuren txapelketaren analisi honekin.

Estitxu Eizagirre - Analisia
Bakoitzak bere txapelduna

Eltzea bete-beteta zegoen eta sutan jartzea lortu zuten, behin baino gehiagotan, bertsolariek. Bertsoa, artea, puntuatu ezin daitekeenez, txapelketa oinarrian absurdua dela sinesten dugunontzat, justizia egin zen igandean Illunben: entzule bakoitzak bere txapeldunak hautatu zituen, epaileen puntuaketak puntuaketa. Zortzi bertsolari, bakoitza era batekoa, eta bakoitzak erabat berean egiten asmatu zuen, saioko uneren batean. Bertsolariek transmititu zutena giro hori izan zen, ez txapelaren bilako lehia itsua, bakoitzak esateko zuena ateratzeko ahalegina baizik. Eta publikoa horrekin geratu zen: halakok botatako ateraldia, besteak biribildutako arrazoia, honen umorea eta bestearen kantakera... Buruz burukorako, entzule adina konbinazio espero ziren, ikusi besterik ez da bertsolariek elkarren artean zuten puntu tarte estua. Horregatik, Zubeldia ez zen izan azkena, ez Agirre azken aurrena, ez Irazu boskarrena, ez Maia laugarrena... bertsolari bakoitzak bere publikoa du, postuak postu.

Beñat Gaztelumendik txapelketako piztia dela erakutsi zuen, ez zezen-plazako txahala. Entzuleen aurrean hazi egiten dena, primeran dakiena zein diren bere kartak eta nola errematatu jokaldiak. Erromako koliseoan, Goliaten aurreko David, entzuleen bihotzera harri txintxarrak bota zituena. Zorion sentituenak.

Mendiluze txapeldun zen katedrarentzat, txapelketa hasi aurretik ere. Baina joan eta egin egin zuen, behar zen lekuan eta behar zen garaian. Zorionak zuri.

Publikoaren balio eskala eta epaileena ez daudela erabat sintonian ikusi dut gaur, internetez bertsolari bakoitzak lan bakoitzean ateratako puntuaketa ikustean. Arreta piztu dit, esaterako, bakarkako gaian Iker Zubeldiaren bertsoek jaso izanak puntu gutxien. Hurrengo urtean ere publikoak oroituko duen saioa egin zuen. «Nirekin ezkondu nahi duena igo dadila oholtzara» horrekin publikoa probokatu zuen, erabat koherentea eta umoretsua zen istorioa lotu zuen, pertsonaia bizidun bat sortuz. Plazan erabat estimatuak lirateke hiru bertso horiek, baina ez, txapelketan puntuatuko bada sakon itxurako tonua eman behar zaio, hizkera intelektual finean. Nago hortik kanpoko estiloak ez direla behar bezala baloratzen. Beñat Gaztelumendi izan zen bakarkakoan jendea hunkitu zuen beste bat, eta gutxien puntuatu zen bigarren lana izan zen. Aldiz, Jon Martini eman zizkioten beste inori baino askoz puntu gehiago: estimatzekoa da neurri edo forma aldetik ekarpen polita egin izana, eta berau egiteko erakutsi zuen ausardia, baina edukiz ez zuen puntutan besteengandik hainbeste nabarmentzekorik egin. Zaila izango da epaileentzat, bat-batean ekarpen berri bat ebaluatzea. Bukatzeko, Mendiluzeren bakarkakoa izan zen Martinen ondoren puntu gehien jaso zituena, baina publikoaren zati bat minduta sentitu zen, emakume ligoiez eman zuen irudiarekin.

Entzuleek bezala, uste dut txapelketak sari gehiago banatu behar lituzkeela. Bakarkako onenari, txikiko artistari, bertso onenari... Eta ez dut uste bat-batean dena ebaluatzen duen nota bat jartzea denik epaitzeko sistemarik egokiena. Epaile bat egon behar luke errima eta neurrien zuzentasuna bakarrik ebaluatuko dituena. Baina besteren bat diskurtsoaren koherentzia, sinesgarritasuna aztertuko duena, beste bat hizkuntzaren egokitasuna, eta abar. Ia ezinezkoa dela uste dut hainbeste faktore bi segundoan ebaluatu, eta errima kaxkar batek osotasunean duen karga erabakitzea. Horrela, formak osotasunean ehuneko zenbateko balioa duen ere zehaztu behar litzateke, eta edukiak zenbat. Baina edukitan inork ez du eskua sartu nahi. Entzuleak eskuratu edo ez, ordea, bertsolari bakoitzaren diskurtsoan datza. Horra, epaileen eta entzuleen balio eskalen arteko diferentzia nagusia.


Utzi iruzkina: