LAUDIO UDALAREN ERAKUNDE-ADIERAZPENA

20000 1456130398549 LHUI EUSKARA BATZORDEA | 2011-12-04 20:27

Euskararen Eguna dela eta gure alkatearen hitz batzuk:


Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Hori dela eta, udal honetako Alkate eta Udalburua naizen aldetik, erakunde-adierazpen hau egitea erabaki dut.

 

Ezer baino lehen, aitortu behar dut “Euskararen Eguna” nik neuk urte osoko egun guzti guztietan ospatzen dudala; euskaraz bizi bainaiz ni geure herrian. Eguneroko erosketak, lagunarteko poteoa, lana… euskaraz egiten dut nik normaltasun osoz. Hauxe izan behar da geure helburua.

 

Baina honetara heltzeko, jakin badakit oso garrantzitsua dela noizean behin eguneroko bizitzan etentxoren bat egin, eta honen inguruko hausnarketa egitea eta honetarako oso egoki irizten diot Euskararen Nazioarteko Eguna bezalako ospakizunak egiteari.

 

Euskaraz normaltasun osoz bizi ahal izateko ditugun oztopoak asko dira. Euskararen Herrian euskaraz bizi ahal izateko trabak jartzen dizkigute; traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak. Herritarrok gara euskara erabiltzeko eta Euskal Herri euskalduna berrosatzeko eragile, babesle eta berme. Horrenbestez, ezinbestekoa da herri gogoa indartzea.

 

Honenbeste, bada, har dezagun egun honetan normaltasun linguistikora heltzeko beharrezko dugun arnasa eta jarrai dezagun etengabe lanean Euskal Herri euskalduna gero eta hurbilago izan dezagun.

 

Laudio, 2011ko abenduaren 3a


 


Utzi iruzkina: