BERBALAGUN BERRIA LAUDION

20000 1456130398549 LHUI EUSKARA BATZORDEA | 2012-10-22 22:28

Goizeko 10:00etan eta Laudioko Udaletxean izandako prentsaurreko batez, 2012-2013 ikasturterako BERBALAGUN egitasmoa aurkeztu da jendaurrean.

Ezaguna denez, BERBALAGUN proiektua euskara ikasten ari direnentzako, praktikatu nahi dutenentzako edo euskaraz bizi nahi dutenentzako ekimena da. Laburbilduta, esan daiteke euskara ondo menperatzen duen batek gutxiago dakiten batzuei laguntza eskaintzen diela. Ez eskolak emateko, praktikatzeko baizik. Bestela esanda, hizkuntza-integrazioa errazteko tresna da. Horretarako, eskuarki, astero ordubeteko konpromisoa eskatzen zaie parte hartzaileei, nonahi, noiznahi eta nolanahi geratzeko eta euskaraz egiteko.

Baina ohiko formatu hau indarturik geratuko da gaur aurkeztu diren berrikuntzekin. Asteroko hitzorduak bestelako ekintzez osatuko dira: ikastaroak, txangoak, emanaldiak eta abar.

Haien artetik bereziki aipagarria da familia osoarentzako plana, GURASOLAGUN izenpean aurkezten dena. Horretan guraso eta seme-alabak elkarrekin arratsalde gozoak pasatzeko aukera izango da: astean behin eta askatasun osoz.

BERBALAGUN asmo handiko egitasmo honen kudeaketaz AEK arduratuko da eta eratorritako gastu guztiak bere gain hartuko ditu Laudio Udalak, Euskara Arloaren bitartez. Hots, erabiltzailearentzat doako zerbitzua dela.

Baina Udalaren inplikazioa harago doa eta programa hau jakitera emateko, esku-orri baten etxez etxeko banaketa bat egingo da, laudioarrek ezagut dezaten ekimen ongarri honen xehetasunak. Hona hemen: ESKU-ORRIA (sakatu gainean).

Honetaz gehiago jakiteko edo izena emateko jo Euskara Arlora edo euskaltegietara. Nork ez du ordubete bat astean?

 


Utzi iruzkina: