bazkideentzako karta

zurrunbi 1456154105701 Zurrunbilo Ur Kirol Elkartea | 2007-10-25 14:02

Kaixo bazkide:

Jakingo duzuenez Urriak 5ean bazkideen asanblada orokorra ospatu genuen Kultur Elkartean. Honako gaiez hitz egin genuen:

1-     Aurtengo urtearen balorazioa egin genuen. Egin diren ekintzak, egoera ekonomikoa,… Zurrunbilo osatzen dugun bazkideen kopurua ere aztertu genuen, 164 bazkide. Oraingoz bazkide gehiagorentzat lekurik ez dugula erabaki zen, hala ere, 18 urtez azpikoek sartzeko aukera izaten jarraituko dute.

2008rako kuota 70 eurokoa izango dela ere erabaki zen, 60 euro adin txikikoentzat. Ordainketa egiteko epea abenduak 31 arte da eta kontua helbideratuta duzuenoi azaroak 5 eta 15 artean pasako diegu kontutik.

2-     Obra proiektua:

Zurrunbiloko lokala egokitzeko obra bat egitea beharrezkoa dela aipatu zen. Honetarako talde bat sortzea proposatu genuen, proiektu desberdinak aurkeztu eta aztertuko dituena, ondoren bazkideoi aurkezteko azaroa edo abenduan.

Honekin lotuta piraguekin dagoen arazoa eta proposamena aurkeztu genituen. Elkartean ez dago piraguan dabiltzan denek beren piragua gordetzeko lekurik. Hau ikusita, piragua pribatu denak atera eta udaletxekoak bakarrik lagatzea proposatu genuen, edonork (federatua bada) erabili ditzakelako.

Bazkide askok piraguak elkartetik ateratzeko proposamena egin zuen eta aztertu ondoren asanbladak erabaki hau onartu zuen. Beraz, datorren urtera begira bai bazkideei zein udalari, piraguak atera eta leku hori surf eta bodyboardeko materialari lekua egiteko erabiliko dugula jakinaraziko zaie.

3-     Garbitasuna:

Garbitasunarekin ditugun arazoak aipatu genituen. Elkartean ez dago oraingoz nahiko leku nahi genukeen adina material gordetzeko eta gainera bazkideek ez ditugu material bakoitza lagatzeko dauden lekuak errespetatzen. Honek garbitasunaz arduratzen den pertsonari garbitzeko arazoak sortzen dizkio eta ezin du bere lana ongi egin. Mesedez, lokalean beharrezko materiala bakarrik edukitzeko eskatzen dizuegu eta tokirik ez badago etxera eraman beharra dagoela.

Bestalde, urriak 27 larunbatean garbiketa orokorra egingo dugula erabaki genuen. Egun honetarako material guztia elkartetik kanpo egon beharko da eta ezingo da lokala erabili goiz osoan.

4-     Surf eskola:

Udako ikastaro eta eskola-kiroleko ikastaroen balorazioa egin zen.

Udako ikastaroen antolaketa egokia ez dela aipatu zen bazkideen aldetik eta datorren urteari begira antolaketa berri bat egin beharra dagoela erabaki zen.

5-     Zuzendaritza:

Zuzendaritza taldeko kideok zuzendaritza uzteko asmoa dugula aipatu genuen. Urte bukaera arteko lana egingo genuela esan genuen baina hurrengo urterako talde berri baten beharrean gaude.

Hau da bileran aipatu ziren gaien laburpena. Beraz, bertan hartutako erabakiak kontuan hartzeko eskatzen dizuegu denei.

Bestalde, Zurrunbilo Eguna egunez aldatu genuen olatu faltagatik. Azaroaren 10ean ospatuko dugu beste aldaketarik ez bada behintzat. Surf, Bodyboard eta Longboard txapelketetan izena emateko zerrendak elkarteko kortxoan jarriko dira. Afarikoa ere bertan jarriko dugu eta azaroaren 7rako, asteazkena, izena emateko eskatzen dizuegu.

Besterik gabe, kontuan hartu esandakoak eta parte hartzera animatu. Ondo Segi!!

Deban, 2007ko urriaren 21ean.

- ZURRUNBILO -


Utzi iruzkina: