Agur bai agur!
Umetan hainbeste ordu unean unean gura nebana imaginatuz zoriontsu orduak pasatu nebazan baserriagaz egin dot amets, danok gengozan eskaratzean, behia mahai gainean begiak eta ahoa zabalik heriotzak harritu baleu legez. Eta ni ate ondotik begira, hildakoan bizirik baino bildur gehiago emoten deustalakoan, eszena hautsi eta kalean nago, oporretan behin egondako kale erdi ezagun batean, gizon bat ikusten dot hurrinean, badakit nor dan baina ez naz akordetan zer egiten dodan han. Bildur naz eta atzera egin ahala aurreratzen dot kale estuan barrena, lausotu eta kalea lagun arte girotsu bihurtu da. Lagun batek ahots goraz esan dau behin eta barriz entzun gura ez nebana, lotsatu egin naz, arpegi normalena mantendu guran danak jarraitzen dabe nire inguruan barreka eta oihuka, arineketan urteteko gogoa sentidu dodan arren hankek kale kantoira eroan nabe, han lurrean niri begira gizona behiaren espresio bera arpegian...
Danba, kolpean, trenaren triki traka trabatuak itzartu nau. Lehiotik begiratu eta agur egin dit ama batek, eta agur egin dit ume batek, eta beste ama batek eta beste aitita batek eta iloba batek eta osaba eta izekoek, eta amama batek, eta beste ume batek.
Barrea ezpanetara heltzea ekidin ezinda trena gustetan jatala pentsatu dot, jendeak asmo txarrik barik, bigarren intentziorik barik, irabazteko ezer barik agurtzen nabelako. Agur bai agur!!! esateko gogoa eztarrian trabatu eta noan lekura heltzeko geldialdi bakarra geratzen jatala pentsatu dot. Ez dot loaldian amestutakorik akorduan. Sentsazioa... hala moduzkoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: