Lizarrateko erromeria - Izaldio Sandratira martxa 2010
Urtero bezela, maiatzaren azken igandean Lizarraterako erromeria izan da Idiazabalgo Udalak antolaturik. Idiazabalek Aizkorri-Altzania Partzoneriko lurretan dituen eskubideak gogoratzeaz gain, Partzoneriko lehendakariaren (Segurako alkatearen) aurrean eskubide hauek berritzeko garaia iritsia zen.
Goizean goiz, Otzaurtetik Lizarratera oinez
Goizeko zazpietan Mujika tabernaren aurrean abiatu ziren Udalak
jarri zituen bi autobusak. Horrela behin izaldarrak Otzaurtera
iritsitean Lizarrateko pasabidera abiatu ziren. Hori bai, ahaztu gabe
lehenengo aldaparekin anis tragoa eta paxintxiak jateko aukera izango
zela.
San Adriango ermitaren aurrean broma gutxi
Eguraldi honak lagundurik aixe igo zituzten Sandratiko aldapak. Eta behin, San Adriango ermitara iristean autoz beraien kasa iritsi behar ziren herritarrei itxaron zitzaien. Baina aguazilaren suzirien leherketez gain, ospakizun gutxi izan zen bertan. Partzoneriaren inguruko hitzik ez zen egon, ezta ere trikitixaren soinurik. Apaiza iristean, igandeko meza emateari ekin zioten.
Elizak Izalgo herrian galdu duen protagonismoa berreskuratu nahirik meza luze jo zuen. Baina apaizaren hitzei jaramonik egin gabe, makina bat herritar Lizarrateko pasabidean Aranzadik aurrera eramaten ari diren indusketak sorturiko aldaketei begira zebiltzan.
Partzoneriko abeltzaintzaren aurrean meza defendatuz
Horrela eguzkiak berotzen hastearekin batera, bertako ganadua mendiaren beste aldeko larreetara joateko Lizarrateko pasabidea zeharkatzen saiatu zen (zortzi bat gehi izango ziren). Baina hau, izaldar batzuei gustatu ez eta meza geldiaraztea ekidin zuten behiak uxatuz. Behiak ordea beraien bideari ekin nahi, eta denbora luzez, meza ez oztopatzeko herritar batzuk Gurutze Gorriko langileek lagundurik behien aurka jo zuten.
Zortzi bat behi beste bide bat hartu ezin eta Lizarrateko sarbide harritsu eta aldapatsuan mantendu ziren. Baina batzuen harridurarako, Gurutze Gorriko langile bat behiei kolpeka hasi eta sabelean makilarekin ziztatzeari ekin zion. Baita ere, beraien kontra harriak jaurtiki zituen, eta guzti honen ondorioz, gutxigatik ez zen behi bat aldapan behera hankaz gora erori. Dedio! Hori da hori, izaldarrok Partzonerian ganadua erabiltzeko eskubidea ospatzeko modua!
Zegamara gerturatzeko eta tripa betetzeko ordua
Eta behin izaldarrak San Espirituko ermitara gerturatzean, etxetik ekarritako mokadutxoa egin eta Udalak banaturiko garrafako ardotxoa dastatatzeko aukera izan zen. Otzaurtera bueltatu eta Zegamarako bideari ekiteko indarrak biltzeko unea iritsi zen.
Horrela eguardia iristearekin batera, txistulariak lagundurik izaldarrak Zegamako kale nagusia zeharkatu eta bertako alkateak harrera egin zieten. Hemen ere, Partzonerian inguruko konturik ez zen izan. Hori bai, konturatzerako Zegamako Udalak eskenitako jana eta edana harrapaztaka amaitu zen. Eta laister batean, Segurako herrira joateko ordua iritsi zitzaien.
Segurako herrian aguazila eta guzti dantzan
Eta Zegaman egin zen moduan, Seguran ere txistulariek lagundurik izaldarrei Segurako alkateak harrera egin eta mokadu bat egiteko aukera izan zen. Hemen ordea, gorputzak astintzeko aukera izan eta izaldarrak dantzari ekin zioten. Dudarik gabe, egun hartan Erromeria zenaren zantzu bakarra izan zen Segurako dantzaldi labur hura.
Eta horrela, konturatzerako izaldarrei herrira bueltatzeko eta eguardirako prantatutako herri bazkarira abiatzeko ordua iritsi zitzaien. 2010 urteko Lizarrateko Erromeriaren bukaera iritsi zen; hori bai, Partzoneriari aipamenik egin gabe. Hau aldatzeko, baditugu hurrengo urterako etxeko lan majo!