Lasa ta Zabalaren bahiketa, tortura eta erailketaren 25garren urteurrena

zopizarren 1456154032058 GUKIN ZOPIZARREN! | 2008-10-15 14:58

Hogeita bost urte dira jada, Baionako karriketan GAL erakunde paramilitarrak bahitu zituztela.


Baiona Ttipian bahiketa
Urriaren 15 eta 16 arteko gauean bahituak izan ziren bi errefuxiatu tolosarrak. Larunbata zen, eta Iparraldeko euskal errefuxiatu politiko asko bezela, bisita zuten. Tolosako famili eta gurasoak bisitatzera joanak ziren Baiona Ttipiko karriketara. Bisita eta gero, Lasa eta Zabalak Ikastolen aldeko jai batera zioazela esan, eta autoa hartzera joan ziren. Baina aparkalekuan, autoaren atea irekitzean, bahituak izan ziren Espainaiako poliziaren eskutik.

Hamabi urtez ezer jakin gabe
Bahiketa izan eta hiru hilabetera, 1984ko urtarrilaren 20an, Alikanteko (Herrialde Katalanak) Cadena Ser irratira deitu eta Lasa eta Zabalaren erailketa errebindikatu zuen GALek. GALeko kideak Busot herrian erail zituztela esan bazuen ere, Espainiako komunikabideetan ez zuen isladarik izan.

Gerora, Busot herrian ehiztari batek aurkitu zituen kare bizian zeuden lurperatutako gorpuak. Bi gorpuek zauriez gain, ahoak eta besoak lotuak zituztela ikusi zitekeen. Gainera, bien buruetan bala zuloak agertu ziren.

Baina bertako poliziek ez zuten lotu nahi izan Lasa eta Zabalaren kasuarekin. 100 kiloko kareak ez zuena desagertu, polizi eta gobernu buruek izkutatu zuten.

PP alderdi politikoaren eskutik etorri zen albistea
PSOE Gobernutik kendu nahi zuen PPk Aznar buru zuela. Hauteskunde kanpainan behin eta berriz, Gerra Zikina erabili zuela leporatzen zioten PSOE alderdiari.

12 urte eta gero, Lasa eta Zabalaren gorpuak Busoteko kasuarekin lotu ziren. Isilpean ADN frogak egin zizkieten, eta Busoteko herrian aurkitutako gorpuak Lasa eta Zabalarenak zirela baieztatu zuten.

Komunikabideetatik, biak gogorki torturatuak izan zirela jakin izan zen.

Polizia espainola, Guardia Zibila eta Ertzaintza elkarlanean
Epaile batek, edozein omenaldi galarazi eta lehen bait lehen gorpuak Tolosan lurperatzeko agindua eman zuen. Agindu eta egin, kolore guztietako poliziek bi gorpuak zeuden feretroak bahitu eta Tolosarako bideari ekin zioten.

Euskal Herritik 800 Km-tara zeuden gorpuak, 1995ko ekainaren 21ean iritsi ziren Hondarribiko aireportura. Han hurbildu ziren famili, lagun eta herritarren kontra bortizki oldartu ziren lehendabizi. Ondoren, Tolosako hilerrian kargatu zuen polizia autonomikoak, jende asko jipoituz.


Estatu terrorismoaren biktimak
PSOEk antolaturiko GALen atentatu eta bahiketen hasiera izan zen Lasa eta Zabalaren kasua. Gerra Zikinaren beste etapa odoltsu baten hasiera izan zen hau. GALen lehen ekintza honen ondoren, 27 hildako eta hainbat zauritu etorri ziren.

Enrique Rodríguez Galindo amnistiatua
Guardia Zibileko jenerala eta Intxaurrrondoko kuarteleko buru izandakoa, Lasa eta Zabala bahitu eta urtebetera kondekoratua izan zen PSOEko gobernuaren eskutik. ETAren kontrako lanaren ordainetan izan zen kondekorazio hau. Eta geroago jakingo zen bezela, GALerako kideak bilatu eta antolatu zituen Intxaurrondoko kuarteletik.

Esan beharra dago, GALen atentatu eta bahiketegatik errudun jotako auzipetu guztiak aske daudela. Auziperatu bat berak ere ez du 10 urte pasa espetxean. Galindok esaterako, bost urte eta bost hilabete besterik ez ditu igaro kartzelan, bete beharreko espetxe zigorra 75 urtekoa dela ikusirik. 2004ko urriaren 1ean utzi zuten aske, Zapatero Gobernura iritsi eta hilabete gutxira.

Gainera Galindoren espetxealdia, beste presoekin alderatuta beste modu batean bizi izan zuen. Alcala de Henareseko espetxe militarrean egon zen lehenik, bere kargua militarra dela eta. Toledoko Ocaña II espetxe zibilera eraman zutenean, GALeko beste arduradun batekin espetxeko modulo oso bat eman zioten. Bertan 35 metro karratuko egongelan telebista eta ordenagailua zuen. Gainera ondoko zelda hutsak erabiliz gimnasio, sukalde eta komun gisa erabiltzeko atondu zituzten. GALeko bi arduradunek, beraientzako soilik zuten 300 metro karratuko patioa. Eta hau gutxi balitz, egunero jaso zezekeen semearen bisita, eta beste senideak astero hiru aldiz bisitatu zezaketen.

Erlazionaturiko albisteak:
1 / 2 / 3 / 4 / 5 / 6 / 7 / 8 / 9 .
Aurtengo omenaldia: 1 / 2 / 3 .
Gerra Zikina Europan: 1 / 2 / 3 .
Tortura hizpide: 1 / 2 / 3 .