Osama Bin Laden
Bin Osama Saudi Arabiako familia aberatsenetako baten seme, Sobietar Batasunak 1979an Afganistan inbaditu bezain laster, munduko beste milaka musulmanekin batera bat egin zuen Afganistango erresistentziarekin, musulman ororen betebeharra inbaditzaileak uxatzea zelakoan.
Sobiet Batasunak 1989an atzera egindakoan, heroi gisa itzuli zen etxera. Berehala, ordea, saudiar gobernuaren zein bere familiaren ustelkeriak nahigabetu egin zuten. Lehenengo Golkoko Gerrak areagotu egin zuen Osamaren eta bere herrialdeko agintarien arteko leizea. 1993rako, Al-Qaeda (arabieraz Oinarria) izeneko gerrillari-sarea antolatu zuen, hein handi batean Afganistango gudari ohien bidez. Bin Laden eta Al-Kaida mundu osan zehar egindako hainbat eraso terroristaren erantzuletzat jotzen dira, haien artean 2001eko irailaren 11ko New Yorkeko World Trade Centerren zein Pentagonoaren kontrako erasoa. Horretaz gain, talde honi leporatzen zaizkio 1998ko Dar es Salaamen eta Nairobin AEBen enbaxaden kontrako atentatuak, 2002ko Baliko bonbak, 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo trenetako atentatua, eta 2005eko Ammango bonbak.
1994an, Saudiar gobernuak, subertsioa leporatuta pasaportea kendu zion Osama bin Ladeni. Hark, ordea, Sudanera ihes egin zuen, borroka akanpalekuak eratzera. Handik 1996an kanporatuta, Afganistanera itzuli zen, Taliban gobernuaren babespean.
Osama bin Ladenek 1996 eta 1998 bitartean, fatwa (arabieraz iritzi erlijiosoa) batzuk plazaratu zituen, non fededunak AEBen kontrako gerra santura deitu zituen. AEBei, besteak beste, mundu musulmaneko baliabide naturalak arpilatzea eta Islamaren etsaiei (Israeli) laguntzea eta sustatzea leporatzen zien. Antza, bin Ladenen asmoa da AEBak musulmanen aurkako maila handiko gerrara erakartzea, Mendebaldeak babestutako gobernu musulmanak eroraraztea eta Kalifaldia, hau da, estatu islamiko bakarra, berrezartzea.
Heriotza
2011ko maiatzaren 1ean Washington Hirian, (maiatzaren 2a, Pakistango ordu-eremuan) Barack Obama presidenteak Osama bin Ladenen heriotzaren berri eman zuen. Obamaren agindu zuzenean zeuden Itsas Armadako (US Navy) operazio berezietako hainbat soldaduk eta CIAko agenteek akatu zuten Bin Laden Abbottabat hiri pakistandarrean burututako isilpeko operazio batean. Soldaduek Bin Laden eta berarekin zeude kideak tirokatu zituzten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: