Mikel Laboa
Mikel Laboa Manzisidor (Donostia, 1934 - Donostia, 2008) euskal kantari eta musikagilea izan zen.
Aditu askoren ustez XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Bernardo Atxaga idazleak tradizioa eta abangoardia uztartzen Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edo Koldo Mitxelena moduko egileekin konparatu zuen.
Donostiako Alde Zaharrean (San Joan kalean, 15a) jaio zen 1934ko ekainaren 15ean. Gerra Zibila hasi orduko familiak alde egin behar izan zuen: aitak, udaleko zinegotzia zenak, Frantzia aldera jo zuen; ama eta zazpi seme-alabak, berriz, Lekeitio aldera, Gardata auzora joan ziren, eta han bizi izan ziren aldi batean. Donostiara itzulita, marianisten ikastetxe batean ikasi zuen. Batxilergoa amaituta medikuntza ikastea erabaki zuen. 1953an ekin zion eta Madrilen, Iruñean, Zaragozan eta Bartzelonan aritu zen ikasten, harik eta 1967an haur psikiatrian espezializatu zen arte.
Bere lehen diska Azken deitu zen, lau abesti zituen eta 1967an grabatu zuen Baionan. Honela, Nova Cançó catalana eredutzaat hartuz, Mikel hainbat euskal musikari eta artistekin kontaktuan jarri zen. Hemendik Ez Dok Amairu jaio zen 1960ko hamarkadan, hainbat artistek, abeslariek eta idazleek osatutakoa. Bertan, batez ere Benito Lertxundirekin batera, baina baita Lourdes Iriondo,eta Xabier Leterekin ere euskal kanta berria sortu zuten. Estilo tradizional eta berriak elkartuta, Bertolt Brechten moduko autoreen letrak kantatzen zituzten. Lekeitioak abesti sorta ere sortu zuen, oihu eta zarata esperimentaleekin.
Donostiako Antigua auzoan bizi zen azken urteotan. Bob Dylan abeslari estatubatuarrarekin Zurriola hondartzan eta 2006ko uztailean emandako kontzertuaren aurretik azkeneko aldiz aritu zen publiko aurrean kantari. Azkenik, gaixotasun luze baten ostean, 2008ko abenduaren 1ean zendu zen 74 urte zituela, Poliklinikan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina eman behar zion urte berean, 2008ko abenduaren 23an.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: